"Donostiarron eguna da danborrada"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko urt. 20a, 08:43

Egun handia, gaurkoa, Gipuzkoako hiriburuan. Eta ez, soilik, Donostian. Inguruko udalerrietara iristen da jaiaren eragina. Urnietako De Torres-Bilbao familiak emozio handiz bizi du eguna.

Inoiz baino zuri-urdinago hasi ohi du urtea Donostiak. Izan ere, oso ezaguna da Gipuzkoako hiriburuan ospatzen den San Sebastian Eguna, baita bezpera ere. Bada, bertan parte hartzen dute Pablo de Torresek, Izaskun Bilbaok eta beren alaba Irati de Torresek. Eskarmentu handia dute hirurek danbor hotsen artean. Aurten, ez dute hutsik egin.

Zerk lotzen zaituzte danborradarrarekin?

Pablo de Torres: Donostikoak gara Izaskun eta biok. Eta, betidanik, asko bizi izan dugu gure hiriaren egunik garrantzitsuena, festarik handiena.

Irati de Torres: Ahizpa eta biok kasualitatez gara urnietarrak! Gurasoek transmititu digute egun horren ilusio handia. Betidanik bizi izan dugu.

Izaskun Bilbao: Urtero ipintzen dugu bandera zuri-urdina gure balkoitik eskegita!

Zein elkarterekin atera ohi zarete?

P.T.: Club Deportivo Esperanzarekin atera ohi naiz. 120 kidek osatzen dugu taldea; upela jotzen dut nik, eta danborren bikoitza gara.

I.B.: Talde berarekin aterako naiz neu ere, urtekari moduan.

I.T.: Ni ere Parte Zaharretik, Euskal Bilerarekin. Geu ere antzeko kopurutan ibiltzen gara, eta urtekari naiz ni. Upelak sukaldariz janzten dira, eta, gu baserritarrez. 

I.B.: Parte Zaharrean, zenbait tokitan, emakumeek oraindik ezin dute danborra jotzen atera. Baina aldatzen ari da pixkanaka; badugu bidea oraindik egiteko.

P.T.: Zenbait dokumentuk diote 1929an emakumeak, jada, bazirela danborradan jotzen. 

Egun oso batez egoten dira danbor soinuak hara eta hona. Noiz hasi zineten entseguekin?

I.B.: Haurrek denbora tarte luzeagoa ematen dute entseguekin; azaroan, abendu partean ekiten diote. Aldiz, helduok eguna baino astebete lehenago elkartzen gara.

Aurten, zein ordutan aterako zarete kalera?

I.T.: Goizeko 03:00tan abiatzen naiz ni Parte Zaharretik. Bitartean... parranda egin beharko! Hiru orduz egongo gara auzoko kaleak zeharkatzen.

I.B.: Hurrengo egunean, urtarrilaren 20an, arratsaldeko 18:00tan aterako gara Pablo eta biok.

Oso berezia zaizue eguna…

I.B.: Bezperan, amonaren etxean afaldu ohi dugu, Parte Zaharrean bizi delako. Gainera, balkoiak Konstituzio plazara ematen du, beraz, izugarria!

P.T.: Ia-ia, hogeita hamasei orduz egoten gara jarraian, danbor hotsen artean.

Nola amaitzen du buruak horrelako saio baten ondoren?

I.B.: Egun horrekin, nahikoa daukagu, datorren urtera bitarte (barrez)!

I.T.: Pena ere ematen digu, aje emozionala sentitzen dugu.

P.T.: Oso zaila da kanpoko jendeari azaltzea zer den egun horretan sortzen dena. Barrutik bizi beharra dago.

I.T.: Gure familian, oso hitzordu inportantea da, eta, jada, gurean ez daudenekin gogoratzeko modu polita. 

P.T.: Urnietarekin alderatu beharko bagenu, Sanmieletako ostegunarekin (niretzat, egun handienarekin) konparatuko nuke: tortilla-lehiaketan, urnietar guztiak biltzen garelako, etxekoak.

Donostian ere gauza bera gertatzen da: Aste Nagusia kanpokoei begira dago; aldiz,  donostiarron eguna da danborrada. 

Zer nahiago izaten duzue, urtarrilaren 19ko gaua edota 20koa?

I.T.: 19 gaua, hasten den unea delako.

I.B.: Halere, 20ko danborrada folklorikoagoa da.

P.T.: Raimundo Sarriegirenak izan behar dute pieza guztiek. Hori bai, urtarrilaren 20an, gauerdiaren ondoren,  ezin dira konpositore horren pieza gehiago jo. Horrez gain, badira toki inportanteak. Bereziagoa bihurtzen dute momentua, esate baterako, Konstituzio plazak edota Santa Mariak.

Erlazionatuak

Sarriegiren martxa

Aiurri 2023 urt 20 Eskualdea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!