Sortzear da Urnietako energia-komunitatea

Aiurri 2023ko urt. 24a, 17:37

Energia berriztagarrien aldeko hautua egin nahi du Urnietako Udalak, tokiko energia komunitatea sortzeko asmoz hasitako bidean: TEK Urnieta. Egitasmoaren bidez, 213 etxeri nahiz komertzio txikiri, faktura elektrikoan %25eko aurrezpena bermatzea espero da. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin batera ondu du proiektua Urnietako Udalak: 30.000 euroko inbertsioa egingo du horretarako lehenak, eta, bigarrenak, aldiz, Sarobe Arte Eszenikoen Zentroko eta udal-pilotalekuko estalkiak doan lagako ditu, instalazio fotovoltaikoa egiteko. 

Astelehen eguerdian egin zen proposamenaren aurkezpena prentsaren aurrean, udaletxeko areto nagusian. Bertan izan ziren Urnietako alkate Jorge Segurado herriko alkatea zein oposizio bi alderdietako ordezkariak, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta Juan Diego Edinor-eko kontseilari delegatua. Bide berean, jendaurreko aurkezpena egingo dute gaur arratsaldean, Lekaio Kultur etxean, aurrez aurre, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta herritarren duda oro erantzun ahal izateko. 

Juan Diego Edinorreko ordezkariak eman zuen, besteak beste, ekimenaren argazki orokorra: orotara, 315 plaka egongo dira, eta, horien bidez, gutxi gorabehera, 141 kW-ko potentzia eta energia % 100 berriztagarria nahiz deskarbonizatua eskainiko zaie instalazioetatik bi kilometroko erradioan dauden etxeei. Urnietako Udalak adierazi duenez, epe luzera, eta, Nazio Batuen 2030erako garapen jasangarrirako helburuak aintzat hartuta, “instalazio horiek 4.500 MWh zero kilometroko energia deskarbonizatu sortuko dute, eta atmosferara 945 tona CO2 baino gehiago isurtzea aurreztuko dute”. Udalerrian ia 3.525 zuhaitz landatzea izango litzateke horren baliokidea, 25 urtean karbono-hustutegi gisa jardunik.

Izen-ematea

Guztiz librea da proiektuan sartzea edo bertatik irtetzea, tekurnieta.eus web orrialdean izena emanda (Udalaren atari digitalaren bitartez ere sartu daiteke). Bertan ere informazio baliotsua aurki dezakete interesdunek, Edinorreko kidearen hitzetan: “150 euroko kostua dauka TEK Urnietaren izen-emate kuotak (ordainketa bakarrean edo hiru zatitan banatutako ordainketa egin daiteke), eta, behin plakak ipinita, komunitateak modu asanblearioan erabakiko du zenbat ordainduko duen hilabetean, betiere sekula 9 euro baino gehiagoko langa pasa gabe”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!