“Bidean bat” egin dute Presentacion de Mariak eta Salestarrek

Aiurri 2023ko urt. 28a, 14:11

Orain lau urtetik, elkarkanean eta koordinazioz egiten dute lan Presentacion de Mariak eta Salestarrek. Bada, bi ikastetxeen uztartze-prozesuaren amaierara iritsi da bidea, eta emaitzaren aurkezpena egin dute gaur goizeko 11:30ean, Salestarren eraikineko ekitaldi-aretoan: "Salestarrak Magale Urnieta" izenarenarekin bateratu dira eta titularitatea Salestarren esku geratu da. 

Bertan izan dira, besteak beste, Nekane Kortaxarena Presentacion de Maria ikastetxeko zuzendaria, Jose Luis Pinedo Salestarren zuzendaria, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua, Jorge Segurado Urnietako alkatea zein oposizioko buruak, Ainara de Miguel (EH Bildu) eta Herme Gonzalez (PSE-EE).

Eneko Rosko DBHko ikasleak nahiz Jon Elorriaga irakasleak gidatu dute hitzordua, eta Jone Izagirre dantzariaren aurreskuarekin eman diote hasiera ekitaldiari. Hari horri tiraka, ez da musika falta izan aurkezpenean, hainbat pieza interpretatu baitituzte, pianoaren zein biolinaren laguntzaz, egun, ikasle direnek, baita, iraganean, ikastetxetik igarotako kideek ere. 

Nor bere zuzendaritzatik, baina hezkuntza-irizpide bera bizkarrezur, bateratzea erabaki dute: horrela, 0 urtetik, Batxilergora edota Lanbide Heziketara bitarte, modu jarraian egin dezaten bidea herritarrek. Bertako irakasle da Asier Irazusta, eta,  haren esanetan, kalitatezko zerbitzua bermatzea du oinarri erabakiak: “Elkar laguntza hori onuragarria da eta ibilbideari hala ekin genion”. Hala, pozik oroitu du, urteotan, bi ikastetxeek izan duten kolaborazioa: “Alderdi positibo asko ekarri dizkigu”.

Jose Luis Pinedo Salestarren zuzendaria izan da, ordezkarien artean, hitza hartzen lehena: "Gaur, aurrerapausoa eman dugu 2017. urtean hasitako ibilbidean: askotariko bilerak izan ditugu bi ikastetxeek, gure hezkuntza-proiektuak behar bezala hezur haragitzeko eta gure proiektu berria aurkezteko: Salestarrak Magale Urnieta". Urrats egokiak eman direlakoan da Pinedo, eta, bideak luze jo arren, xamurra ere izan dela dio, beti ere, haren hitzetan, norabide aldaketa honetan, esentzia mantenduta: familia-giroa, gertutasuna, solidaritatea eta elkarlana. Bide beretik, esker hitzak izan ditu Presentacion de Mariako ahizpekin, “Urnietan, ikastetxe erreferentea izaten jarraitzeko erakutsitako konfiantzagatik”.  Hari horri tira egin eta elkarlana eta komunitatea nabarmendu ditu Mendoza Gobernantza diputatuak, labur, lau urteko ibilbideak eman duena ideia batekin laburtzeko: “Bakarrik ez gara ezer, elkarrekin gara sendo”.

Oso “pauso garrantzitsua” eman delakoan da Jorge Segurado alkatea. Izan ere, Salestarrak Magalen, Haur Hezkuntzatik, modu jarraian egin dezakete ikasleek ibilbidea, Batxilergora edota Lanbide Heziketara bitarte, “kalitatezko hezkuntza-proiektu berritzaile batean, pertsonen formazio integrala osatzeko metodologia parte-hartzailea duen ikastetxean”.   

Ametsen lorategia

Bide batez, labetik berriki ateratako proiektu bat ezagutzera emateko ere baliatu dute ekitaldia, ikus-entzunezko  baten bitartez: “Ametsen lorategia”. Bertako hezkuntza komunitateak ikasleekin zein familiekin batera ondutako proposamena da, HH-LH ikastetxearen jolastokiari bestelako planteamendua emateko. “Lehen, kirol-jokoak soilik genituen; orain, berriz, jolas-abanikoa asko zabaldu dugu”, uste du Irazustak, eta anfiteatro bat egitearekin batera ekologiari ere erreparatu diote, “frutarbolak, baratza, aroma-landareak” eta beste hainbat hazi landatuta.

Bi ideia nagusi azpimarratu ditu aurkezpenean Nekane Kortaxarena Presentacion de Maria ikastetxeko zuzendariak: batetik, ikasleek proiektuan izan duten eskuartzea; ekimenaren hasieran, lanketa egin zuten, inguratzen zuten jolastokiaz hausnartzeko. Jarraian, etorkizunari begira, zein nolako patioa izan nahiko luketen pentsatu dute, adinaren araberako premiak identifikatzearekin batera, “hezkidetzan eta inklusio ikuspegi batetik”.

Bestetik, auzolana izan du hizpide zuzendariak: “Hezkuntza-komunitate osoa elkarlanean aritu da proiektu baten onerako; gurasoak, eskolako ekimen batean, irakasleekin batera lanean, ikasleen iritzi eta beharretatik abiatuta”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!