Urnieta Artola Harategiak porrotarekin amaitu du denboraldiko lehen itzulia

Aiurri 2023ko urt. 31a, 10:33
Jose Alcantara, UKEko jokalaria. UKE

Gizonezkoen senior eta jubenil taldeek porrot egin zuten asteburuko partidetan. Urnieta Artola Harategia senior taldeak jaitsiera ekiditeko lehian sartuko da aurki.

Partida bikaina jokatu arren, Urnieta Artola Harategiak, Euskadiko txapelketako lehen faseari amaiera eman zion, Ereintzaren aurkako porrotarekin (20-22). Usurbilgo kiroldegian jokatu zen partida eta oso parekatuta hasi zen; defentsa sendo aritu zen eta, neurri berean, erasoaldi onak ikusi ziren. Atsedenaldira markagailua berdinduta iritsi ziren (10-10).

Atsedenaldian, urnietarrak markagailuan agintzen hasi ziren arren, bisitariak izan ziren errentarik handiena lortu zutenak, 5 goleko aldearekin 10 minuturen faltan. Azken momentura arte lehiatu zuten urnietarrek, eta errenta murriztea lortu zuten. Datorren astean hasiko da denboraldiko bigarren fasea eta jaitsiera saihesteko lehiatu beharko dute.

Urnieta Guria Jatetxeak 22-28 galdu zuen Hernaniren aurka. Lehen zatia kaskarra izan zen eta 6 goleko aldearekin amaitu zen (10-16). Bigarren zatian, markagailuari buelta emateko ezer gutxi egiteko aukera eduki zuten, 12. postuan amaituz Gipuzkoako txapelketa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!