Non dago euskara pantailan?

Alba Cabrera Jauregi 2023ko ots. 2a, 08:42

Pantailak Euskaraz herri ekimena izan zen aste hasieran Urnietan, herriko AEKren Zilegi Eskola proiektuaren eskutik: egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten bertako kide diren Ioritz Gonzalezek eta Xabi Alkizak.

Zenbat ordu igarotzen dituzu pantailari begira, irakurle? Edukiek guztiak zein hizkuntzatan jasotzen dituzu? Galdera horien aurrean dagoen erantzunak ze hausnartua eman zien orain urte batzuk Xabi Alkiza bikoiztaileari, Ioritz Gonzalez irakasleari, eta baita beste hainbat norbanako zein eragileri ere. Bada, amu horri tira egin eta Pantailak Euskaraz herri ekimena ipini zuten martxan, 2021eko ekainean, pantailek egunerokoan duten pisuari, eta horietan euskarak duen presentzia urriari aurre egiteko. Hala, talde txikien batura da mugimendua: Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz, Game Erauntsia, Zinemak Euskaraz, Tinko Euskara elkartea eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea. Euskal Herri osora zabaldu dute beren aldarrikapena, baita Urnietara ere: Sarobera hurreratu ziren aipatutako bi kideak hitzaldia ematera joan den astelehenean, AEKren eskutik, Zilegi Eskolaren ekimenez.

Euskarak pantailetan duen presentziari buruzko datuak jasotzen ditu ekimenak. Hala, zenbakiei erreparatuta, Gonzalezek dio euskarazko edukien kopurua praktikoki ez dela existitzen eta militantzia batera mugatzen dela, alegia, "euskaraz zerbait ikusi nahi duenak topatu egin behar du, beren-beregi, eta, askotan, kosta egiten zaio". Irakasle gisa egiten du lan hizlariak eta, gazteen artean, oso modu nabarmenean ikusten du joera hori: "Sistematikoki, hizkuntza askotako eduki-bonbardaketa daukate, baina, euskaraz, zehatz-mehatz, oso gutxi". 

Horiek horrela, kexu agertu zen Pantailak Euskaraz bere hastapenetan, eta auzia mahaigaineratu zuen euskalgintzaren bueltan, babesa eskatzeko, Alkizaren ustez, euskal komunitateak berak duela urte asko borroka alboratu zuelako eta, orain gutxi arte, ez diolako berriro heldu: "Euskarak bere tokia izan dezala aldarrikatzen dugu. Gutxieneko aukera zabala egon dadila, denetarikoa, euskaraz, pantailetan". Finean, euskarak, egun, ez daukana eduki dezala galdegiten dute: "Orain ez dauka maila altuko fikziorik, euskaraz animea emango duen telebistarik, ez eta erregulatuko duen legerik ere".

Bikoizlea da Alkiza eta barrutik ezagutzen du egoera: haur txikiei begirako edukiak sortu dira, baina, ikusle horiek sei urte betetzean, "telebistako mandoa hartzeko gaitasuna dutenean, ez dituzte kontsumitzen lehendik ikusitako edukiak". Hortxe dago gakoa plataformako kidearen aburuz, bi hamarkada luzetan zabaldu den hutsunea: esaterako, 1994 urtean hasi zen euskaraz emititzen Doraemon edo 1969an grabatu zen Pippi kaltzaluzeren lehen atala. Bada, gaur gaurkoz, oraindik, emititzen jarraitzen dutela dio bikoizleak.

Ildo berari jarraiki, aspalditik, ETB1n aurrean, ETB2k lehentasuna duela adierazi zuen Gonzalezek hitzaldian. Halaber, irakasleak dio ganorazko streaming plataforma baten beharrean dagoela euskal komunitatea, eta, bide batez, euskarri nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotzea nahi du herri ekimenak. Hasieran, baiezkoa zirudien arren, ez zuen guztiz asetu eskaera Espainiako Gobernuak. Espainiako Estatuko streaming plataformetan irizpide hori martxan ipintzeko hitza eman zen, baina "streaming plataforma indartsu bakarra" Movistar dela uste du Gonzalezek. "Benetan potentziala dutenak (Netflix, HBO, Amazon...) kanpo gelditu ziren", nabarmendu zuen hitzaldian, “zenbait eduki bikoiztuta sartzen hasi dira batzuk, baina nor bere ekimenez”. Legeari eutsita, Alkizak azaldu zuen TVEk hamabi urte arteko pertsonei zuzendutako eduki guztiak euskaraz eskaini behar dituela, eta kate pribatuei, berriz, gutxieneko ordu-kopuru bat zehaztu zaiela. Horrela, Iparraldeari begira, Frantziako telebista publikoan, euskarazko edukia egotea ere nahi du herri ekimenak.

Gauza bera gertatzen da Ikus-entzunezkoen Legearekin, edota Zinema Legearekin: kudeaketa horiek errazak direlakoan da bikoizlea, "baina horiek gauzatzeko borondatea egon behar da”. Parlamentuan, adostasuna erakutsi da euskararen presentziak handiagoa behar duela aldarrikatzean, "baina inork ez du legerik egiten, interesak sartzen direlako jokoan". Bestalde, bidio-jokoetan edo sortzaile plataformetan, euskararen presentzia sustatzea nahi du Pantailak Euskaraz herri ekimenak. Hala, horietan zein bestelako pantailetan zabaltzen diren euskarazko edukiak kontrolatuko eta erabakiko dituen kontseilu baten beharra sumatu du talde eragileak.

Atea berria irekita

Guztia ez da iluna, ostera, Pantailak Euskaraz lanean hasi denetik hoberantz egin baitute zenbait datuk, hala nola: 2021etik 2022ra, Netflixek 3tik 40ra igo ditu euskarazko edukiak, Amazonek 2tik 44ra… Ondo baino hobeto laburtu zuen Alkizak zertan datzan ekoizpen-kontsumoaren harremana: "Hiztun kopurua kontuan hartuta, euskaldunen ikusle multzoa interesekoa litzateke enpresentzat, baldin eta multzo horrek ez balitu edukiak beste hizkuntzetan kontsumituko". Horrenbestez, sorgin-gurpila irauli nahi du herri ekimenak: euskalgintzako eragileekin saretuta daude, 35.000 sinadura eskuratu dituzte orain artean, eta gehiago izateko bidean dira. Arrakastatsua izan zen Euskaraldia aitzaki antolatutako Pantailaldia, Tinkok eta UEMAk euskarazko zinema-aretoak sustatzeko proba pilotu bat abiatu dute, eta martxan dira euskarazko edukiak digitalki bilatzeko erremintak: zernonikusi.eus eta euskalecondings.eus. Ate berria ireki du, jada, Pantailak Euskaraz herri ekimenak... Zeren zain zaude, irakurle?

Pantailak euskaraz, manifestua

  1. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa argitzea eta handitzea:
  2. Euskal Irrati Telebista (EITB) indartzea eta hau euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea.
  3. Euskarazko streaming plataforma bat sortzea.
  4. Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia bermatu eta areagotzea.
  5. Zinemaren Lege propioak sortzea.
  6. Bideo-jokoetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea.
  7. Sortzaile plataformetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea.
  8. Ikus-entzunezkoen Lege propioak sortzea.
  9. Lurralde-administrazio bakoitzean ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa sortzea.
  10. Espainiar eta Frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!