"Asko ikasi dut Perun, nire kabuz moldatzen ikasi behar izan dut"

Andoni Urbistondo 2023ko ots. 3a, 09:39

Erasmus ikasketak egitetik bueltatu berri da Ianire Senperena urnietarra (24 urte). Liman egin ditu, Peruko hiriburuan, lau hilabetez

Bertako jendartearen jarrera zenbaitek harritu dute, emakumeenak batez ere, eta zuku handia atera dio Hego Amerikako bidaiari. Lur hartzen, egokitzen ari da oraindik Ianire Euskal Herrian, bi aste eskas bakarrik pasa baitira Perutik bueltatu zela.

Erasmus egiteko hainbat toki entzunak nituen munduan barrena, baina Peru ez. Nolatan aukeratu zenuen Hego Amerikako herrialde hura?

16 urte nituela boluntario joateko asmoa neukala esan nien gurasoei. Cusco hirira, hain zuzen ere, eta gurasoek ezezko biribila eman zidaten. Orain 23 urterekin bidaiatu dut, eta ulertzen dut gurasoen orduko erabakia. Emakume bat, Perun hara eta hona, bakarrik…

Nolatan Limara, Peruko hiriburura?

Irakasletzako azken ikasturtean zuk landutako espezialitateak eskaintzen dituen unibertsitateren batera joan behar duzu. Nik gorputz-heziketa egin dut, eta Brasil, Argentina eta Peru ziren aukerak. Garbi neukan Perura joan nahi nuela, nota onak ditut eta hara joan nintzen.

Noiz?

Uztailaren 11 edo 12an hartu nuen hegaldia.

Diru-laguntzarik jaso zenuen?

Behin han plaza esleituta ematen dute. Eusko Jaurlaritzak han pasatzen duzun hileko 300 bat euro ematen ditu, eta Espainiako Gobernuak 500 euroko ordainketa bakarra. 1.700 bat euro denera. Ez du askorako ematen.

Limak ofizialki 13 milioi biztanle ditu, baina 17 dituela diote hainbat iturrik. Zer moduz hiriburu erraldoi hartan?

Ondo. Miraflores auzoan egon naiz bizitzen, Limako auzo aberatsa. Nire unibertsitatea Los Olivos distrituan dago, auzo konplikatu samarra. David Segurado urnietarra Liman bizi da aspaldi, eta hark, etxebizitza Miraflores Sur-en hartzeko aholkatu zidan, ahal bazen Metropolitano izeneko autobus lineatik gertu, distantzia luzeak azkar samar egiten dituelako. Miraflores oso turistikoa da, eta poliziak oso zainduta dauka. Ez dut arriskurik batere sentitu, baina nondik nora mugitzen zaren adi ibili behar duzu, erratzen bazara arriskua berehala sumatzen duzulako.

Zer moduz klaseak?

Hainbestean, on-line izan zirelako. Ez nuen unibertsitateraino mugitu behar, baina 4-5 orduko klaseak jarraian ordenagailu batetik, ikasle berdinekin… oso nekosoa da. Perun klasean dauden ikasleen %95 lanean aritzen da ikasten duen bitartean, sakelakoarekin, eta askok ez zioten nire galderei erantzun ere egiten. Erritmoa ere hemengoa baino askoz lasaiagoa daukate berez, eta balantzea, arlo horretan, txarra izan da. Nahiago nuen autobusean egunero bi orduko bidaia egitea, klaseak aurrez aurre emateko aukera izan banu.

Unibertsitatean egon zinen?

Bai, hirutan. Cesar Vallejo zentroa oasi bat da, oso berria. Eraikin gris eta marroiez inguratua dago, baina unibertsitatea bera dotorea da. Unibertsitateko hesia pasatzen duzu, eta beste mundu batean sartzea bezalakoa da. Zentro pribatua da, baina Perun heziketa duin bat jaso nahi baduzu ordaindu egin behar da, sare publikoan irakasleek jasotzen dituzten soldatak oso apalak direlako. Dirua daukatenek eskola pribatuetara bidaltzen dituzte seme-alabak.

Etxean sare publiko aberatsa ezagutu duzu, eta han dena pribatua…

Bai, eta horiek transmititzen dituzten balioak ere oso ezberdinak. Kristautasuna oso presente dago eskola barruan. Nire pentsamoldea eta ikasle hainbatena oso ezberdina da, eta txoke pare bat izan ditut. Abortuaren inguruko lan batekin, adibidez. Antzerki bat egin genuen, abortuaren inguruan, eta denek oso garbi azaldu zuten kontra zeudela. Ni, aldiz, alde, eta ez zen erraza izan. Galdetu zidaten, ea abortuaren aldekoa ote nintzen, eta nik garbi esan nien baietz. Asaldatu ziren apur bat. Une harekin hausnartu nuen apur bat, eta jabetu nintzen normala dela abortuaren aurkakoak izatea, 22 urterekin ikasleen erdia ama zelako. Ez daukate sexu-heziketarik, eta oso gizarte patriarkala da. Gizonek dute aginte-makila, eta gizonek emazteekin fideltasunik ez izatea onartua dago. Emazteak umeren bat duenean etxean geratu behar du zainketan, eta gizonak nahi duena egin dezake. Hori da pentsamendua. Herriko agintari gorena emakume bat izateak sekulako harrabotsa sortu du. Dina Boluarte presidente izateak kritika asko sortzen ditu gizonezkoen artean, baina baita emakumezkoen artean ere. Diotenez, ez omen dago presidentea izateko prestatua, emakumea delako. Klasean entzun dut, emakume batek ezin duela presidentea izan.

Eta zuk bestelako pentsamoldea azaltzen zenienean, ze jarrera erakusten zuten?

Entzuten zuten, baina oso gutxi dira aldaketaren alde borrokatzeko prest daudenak. Ulertzen zuten esaten nuena, eta arrazoia eman, baina gero hori indarrean jartzen saiatzeko borondate askorik ez nuen sumatu. Diskurtsoa ezagutzen dute, baina jendarteak ere ez die laguntzen. Perun emakumea bazara ez zara ezer. Bere bidea egin nahi duen emakume gazte batek sekulako trabak topatuko ditu Perun. Ahalduntzeko komeria asko dituzte, eta beste norbaiten mende bukatzen dute ia beti, normalean gizonen mende. Hara nolatan joan ote nintzen galdetzen zidaten, ea beraiek Espainiara etor zitezkeen. Nik ahal zutela, noski, baina jendarteak ez die uzten, laguntzen, eta etxean ere ez.

Eskola girotik kanpo zer ikusi duzu?

Liman Miraflores, Barranco eta Centro hiri barrutietan ibili naiz. Hortik kanpo ez. Seguru samarrak diren guneak, zer ikusia dutenak. Besteetan miseria da nagusi.

Irakasleekin harremanik izan duzu?

Azken egunean ezagutu nituen, bueltatu aurretik. Halako agur ekitaldia egin zidaten, eta orduan ezagutu nituen. Aurrez aurre hirutan egin naiz ikasleekin, edo irakasleren batekin. Ludomotrizitate eskolak eman nituen, umeekin nola jolastu behar den erakusten, eta han ere txokea izan nuen. Euskal Herrian mutilak eta neskak berdin jolasten dugu. Han nik mutilek bezala jolasten nuen, ez neskak bezala. Neskak ez ziren mugitzen, beldurtu egiten ziren.

Oso otzanak dira, esanekoak. Fisikoki ere oso ezberdinak dira, gurekin alderatuta. Txikiak. Nik 1.68 neurtzen dut, eta denei buru bateko aldea kentzen nien.

Peru ezagutzeko aukerarik izan duzu?

Bai, hasieran batez ere, ze berez klaseak hasi baino hiru aste lehenago joan nintzen, ahalik eta ondoen egokitzeko, baina ondoren hilabete atzeratu ziren eskolak. Bidaiatu egin nuen. Peru hegoaldeko Ica eta Cusco, Salcantay mendiko trekking-a, La MontaÒa de Siete Colores, Las Siete Lagunas… Beste hilabete geratzen zitzaidan eta Iquitos-era joan nintzen, Amazoniara. Ondoren Tumbes, Perun, Ekuadorren egun bat, Perura buelta Los Organos hirian… Urpekari titulua atera, bale eta dortokekin gozatu, eta azkenik Trujillo eta Huaraz-era joan nintzen, azken hori Andeen bihotzean. Huayhuash trekking-a egin nuen. Arazo batzuk izan nituen oinetako babekin, zauriekin, baina osatu ahal izan nuen mendiko oinetako batzuk lortuta.

Zenbat metroraino igo zara?

Santa Rosa lepoa, 5.200 metro. Ederra.

Perutik kanpo ibili zara?

Bai, urrian Boliviara, bisatua berritzeko. Uyuniko gatz-lautada bisitatu genuen, Condoriri mendi inguruko gailur batzuk…

Perun iskanbila politiko handia sortu da azken hilabeteetan. Nola bizi izan duzu?

Liman ez da asko sumatu, Miraflores-en, behintzat. Tentsio uneak bizi izan ditut, ze azterketa garaiak ziren, hemengo jendea bueltatzeko eskatzen, hango jendeak martxa egiteko eskatzen… David Seguradok asko lasaitu nau, berak hango jendartea ondo ezagutzen duelako. Nik ez dut kale iskanbilarik ikusi. Etxera itzuli aurreko azken hiru asteetan Argentinara bidaiatzeko asmoa nuen. Egoera aztertzen aritu nintzen, Perutik etxera, edo Argentinara joan, bidaiak  hartuta nituelako. Argentinan ibili naiz, Patagonia aldean: Bariloche, El Chalten, Calafate eta Ushuaia, Buenos Aires-en bukatzeko. Limara bueltan Gabonak David Segurado eta bere familiarekin pasa ditut, eta handik etxera.

Orokorrean, beraz, gustura, Perura egindako bidaiarekin, ezta?

Oso gustura. Asko ikasi dut, nire kabuz moldatzen ikasi behar izan dut, erabakiak hartzen. Bakarrik bidaiatzeak hori ematen dizu. Ianire bat joan zen Urnietatik uztailean, eta beste bat bueltatu da hilabete batzuk geroago. Zu bakarrik zaude, onean eta txarrean; emakumea eta bidaiatzen, erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzu.

Perura bidaiatzeko gomendatuko zenuke?

Dudarik gabe. Jende jatorra da. Egoera lasaitu arte itxaron dezatela apur bat, baina laguntzeko prest daude, moldatzen dira eskatzen diozunera. Beti baiezkoa ematen dute, galdetutakoaz arrastorik ez badute ere.

Eta orain zer?

Praktikak bukatu eta lan merkatuan murgildu. Lehen urteak zaila izaten dira irakasleontzako, eta akaso beste bidaia potoloren bat egingo dut, Zeelanda Berrira edo. Gaztelania irakasleak estimutan omen dituzte han. Bizitzeko toki ederra dela esan didate bidaiatzen ezagutu ditudan hainbatek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!