"Hondamendia" antzerkirako sarrerak zozketatuko ditu Udalak

Aiurri 2023ko ots. 6a, 10:47

“Hondamendia” antzerkia ikusgai izango da otsailaren 26an, Sarobe arte eszenikoen gunean. Horrez gain, 2 sarrerako 4 sorta zozkatuko dira otsailaren 12 arte izena ematen duten urnietarren artean.

Zozketan parte hartzeko sartu Urnietako Udalaren APP-an edo webgunean. Saroben jarritako kutxatilean ere izena eman daiteke zozketan parte hartzeko.

Sinopsia:

Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau?

2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat.

2020ko martxoa: covida heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna… Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean?

Pantailek hartu dute hitzaren tokia eta zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira. Langile bat hiltzen da beharrean. Astero.

2022ko otsaila: Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!