Jende andana bildu zen, iragan larunbatean, arratsaldeko 17:00etan Urnietako San Juan plazan, Amaia Agirre Gonzalez herrikideari azken agurra emateko. Mendizalearen argazki-sorta batek eman zion hasiera omenaldiari, eta, haurtzarotik abiatuta, mendi-tontor garaietarainoko ibilbidea laburtu zuten irudiek, Aitor Furundarena Usabiaga soinu-jotzailearen doinuek lagunduta. Joseba Lizeaga urnietarra oholtzaratu zen, lehenik, omenaldia gidatu eta, gerora, banan-banan, hitza hartu behar zuten lagunei nahiz senitartekoei taulara igotzeko gonbitea egiteko.
Soineko zuriz jantzita dantzatu zuten agurra Izarne Moreno Manterolak, Janire Juanikorena Berasategik zein Judit Alday Igerategik, eta, txalo zaparrada artean, bide eman zioten Koldo Tapia Garmendiari, herriko mendizale-komunitatearen izenean hitz egiteko. “Elur-jauzi batek bezala” astindu zuen Urnieta Patagoniatik etorritako ezusteko desatseginak. Bada, Ramon Olasagastiren “Mendi minez” liburuko gogoetak plazaratu zituen Tapiak, minak, modu batera edo bestera, samurtzen ahalegintzeko: “Ez dakigu noiztik neurtzen edo sailkatzen ditugun mendiak metrotan eta bizitzak urtetan. Mendi bat txikia edo handia den baino, garrantzitsuagoa da mendi hori gustuko dugun edo ez. Eta, bizitzari dagokionez, berdin; kontua ez da bizitza luzea edo laburra den, baizik eta nolakoa: sufrikario edo gozamenezkoa... Galdera hauxe litzateke: zein da kontua, bizitzari urteak eranstea, ala urteei bizia ematea?
Mendian, eskaladan, alpinismoan... bizia arriskatzeraino, galtzeraino dabilenak zer bilatzen duen jakin nahi izaten dugu sarri, eta ez! Ez daukagu horretarako erantzun egokirik. Pasioek ez baitute arrazoiaren logikarik ulertzen; inork ez baitu oraindik deskubritu maitasuna zein materiaz egina dagoen, maiteminduak elkarri halako indarrez katigatzeko, edo mendizaleak mendiari ezin uko egiteko moduan. Garbi dagoena da materia hori zerbait indartsua dela, bizitza galtzeko arriskua hor dagoela jakinda ere mendizaleak mendira jotzen baitu, behin eta berriz. Pasioak ezin litezke ez azaldu eta ez justifikatu. Sentitu egiten dira, ala ez”.
Nor bere pasioak bizi duen modu berean bizi zuen Amaia Agirre Gonzalez bere mendi-minak. Bada, Mikel Laboaren kantuko hitzekin amaitu zuen Tapiak. “Benetan maite duenak, ordea, badaki, txoria txori izango bada, hegoak zabal behar dituela, eta libre. Eta guk, oinazeak oinaze, txoria genuen maite, Amaia dugu maite".
Bizitzeko gogo aseezina
Gailurren bueltan, familia ederra sortu zuen, urtetan, Agirrek. Hala, Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioko hiru kidek ere hartu zuten hitza, omenduarekin batera, denbora luzez, tontorretatik galduta edo paretetatik zintzilik egondako Amaia Segurola Barandak, Uxue Loizu Ascassok eta Maialen Rojo Egigurenek. "Abentura eta bizipen zoragarriak" bizi izan zituzten guztiek batera, eta energiaz beteriko Amaia indartsu eta irribarretsua hartu nahi izan zuten gogoan, harekin batera, bidea konpartitzeko aukera edukitzeaz oso eskertuta: "Mendia izan duzu pasiorik handiena; zoriontsu egin zintuen. Zure bizi-gogoa aseezina zen, mendira entregaturik bizi izan zara. Hainbeste ematen zizun, ez zenuela beste ezer behar, loturarik gabe, batetik bestera, hegan eginez, motibazioak gidatuta.
Aske bizi izan zara, eta zure barnea entzuten ikasiz, aske izateko hautua egin duzu, zure pasioari, guztiz, entregaturik. Nork ez du horrelakorik nahi? Bizizale handia izanik, beti izan zara eredu gu guztiontzat eta betiko izango zaitugu, inspirazio iturri. Alpinistentzat dagoen munduko txoko eta bazter politenetariko batean geratu zara; betiko, mendiari besarkaturik. Patagoniako haizeak hemengo bihotz guztien berotasuna zugana eraman dezala. Bizitza bizitzen irakatsi zigunari, bizizaleenari, maite zaitugu".
Gailurretik gora
Bigarren etxe izan du hamarkada luzetan Egape Ikastola Joxe Mari Agirre Amaiaren aitak, eta alpinistak ere bertan eman zituen lehen pausoak. Neska alaia bezain jatorra oroitzen dute eskolako irakasleek mendizalea, arduratsua eta ikasle fina, "beti gailurretik gora”. Horrela aurkitu zuen bizipoza omenduak, gailurretik gora, Santa Barbarako zirrikituak eskalatzen, Ordesako hormetan, Karakorumen, baita Patagoniako Fitz Roy-en ere. Ixiar Artola irakaslea oholtzaratu zen, Egape Ikastolaren doluminen ordezkari: "Horixe zuen pasio Amaiak, hortxe sentitzen zen ondoen, gailurretik gora". Amaiaren familia ere izan zuten gogoan, "erretiroa hartu arte, urtetan, lan bikaina egin duen" Joxe Mari Agirrerekin ahaztu gabe. Gailurretik gora bera ere beti: “Egapeko langileok osatzen dugun familiak zuen samina sentitu du eta gure elkartasuna eta indarra helarazi nahi dizuegu, batez ere, zuei: Joxe Mari, Belen, Jon eta Jokin. Amaia ez da urrundu, gertu dugu. Etsipenak zauritu egin gaitu, bihotzak ez du atsedenik, gure arnasak Amaia behar du. Indarrak itzuli arte, gure ondora magaldu zaitezte, ez zaituztegu bakarrik utziko. Amaia, gailurretik gora, gure izarretan zaude”. Elkartasunari bide eman zioten, gero, kantuz plazaratutako Fermin ArgiÑarenaren bertsoek; saminean lagun izan ziren bere doinu eta errimak.
Besarkada bat familiari
eta gure maitasuna.
Golpe batekin bi gazte hillotz,
naturaren gaitasuna.
Fitz Roy gallurrak lapurtu digu
Amaian alaitasuna.
Patagonia ta Urnieta
malkoz blaitu gaituzuna.
Askatasuna zure bizitza,
bizitza askatasuna.
Lagun-minen hitzetan
Ane, Maialen, Itziar, Paula, Izaskun, Nora eta Esti. Horiexek zituen alpinistak Urnietan konplize handien. Pixkanaka-pixkanaka, kuadrilla ederra osatu zuten, mendizalearen etxean ikusitako pelikuletan, Belen amak prestatutako txokolate beroetan, edo fikziozko musika-taldean, baita Agirrek berak eskalatzeko boulderra garajean eraiki zuenean ere. Oroitzapen horri tira egin eta gomutan izan zuten Itziar Belver Pinedok nahiz Estibalitz Soria De Lerak Zaragozan, Bruselasen, Madrilen edo Huescan bizi arren, zeinen gertu sentitzen zuten beti laguna: “Horretarako gaitasuna zenuen, beti zeundelako mezu bat bidaltzeko, deitzeko edota bisita azkar bat egiteko prest. Askotan, zeure saltsatan sartzen zenigun eta gu poz-pozik.
Azken urteak, mendian barrena eman dituzu. Bertan zinen zoriontsu. Umiltasun handiz kontatzen zenituen zure asmo berriak. Izugarriko bizi-grina eta mundua jateko gogoa transmititzen zenuen. Mendia zen zure ilusioa eta horri lotzea erabaki zenuen. Zeri lotu hautatzea, ez al da hori askatasuna? Zer da, bestela, aske izatea?
Hainbat alditan, zure pasioa elkarrekin partekatzeko aukera izan dugu, irailean, Pirineoetara joan ginenean bezalaxe. Zure furgonetan bizitako momentuak gordetzen ditugu: konfesionario bihurtu zen kandelen argitan, Michelin izarra duen jatetxea eta baita, baratzeko produktuekin, kontsulta mediko edo trastero ere. Denetarako lekua zenuen”.
Kuadrillako zatitxo bat gelditu da Patagoniako “txoko zoragarri batean”, eta “ezer ez da berdin” haientzat, ez eta izango ere: “Hutsune honekin bizitzen ikasi beharko dugu, baina zure parte bat ere gugan biziko da beti. Ez da hitz egiteko modu bat, izan ere, gu ere zu gara, gure niak badu zuretik asko, zurekin batera eraiki baititugu geure izateak. Maite zaitugu, zure kuadrilla”.
Irribarre amaigabeko Amaia
Familiak, beharbada, ez zuen inoiz guztiz ulertu alpinistak mendiarenganako zuen miresmena, bera gailurrekin maitemindu zen horrenbeste txunditu baitziren gailurrak Agirrerekin. Alabaina, bihotza uzkurtuta bezain harro igo zen oholtza gainera Jon Agirre, arrebak, bai bere pasioan, bai egunerokoan erakutsitako ausardiagatik: “Azken asteotan, zuri buruzko gauza asko entzun ditugu: alpinismoaren promesa handia, eskalatzailerik onenetakoa, emakume seguru eta indartsua... Une oro nola bizi nahi zuen erabaki zuen emakume librea, eta, minutuero, erabat bizi izan zena. Bai, gauza horiek guztiak zinen, baina, niretzat, ez diozu sekula arreba txikia izateari utziko.
Dena nik baino hobeto egiten eta nahi zuen guztia lortzen zuen neska azkarregia, jangelatik libratzeko bazkaria prestatzeak konpentsatzen ziola erabaki zuen nerabea, eskaladako zein literaturako sariak irabazten hasi zena. Nire etsipenerako, hiru urterekin beti nirekin etorri nahi zuen neska txikia, limoizko eta txokolatezko kukurutxoa janda, erabat zikintzen zena, irakurketa-txandak antolatzen zituena, biok nahi genuen liburuaren kopia bakar bat oparitzen zigutenean, igerilekuko kortxozko taulak ihes egin bezain laster, igeri egiten ikasi zuena edo Game Boyarekin jokatzen nituen partidak galdu nahi ez, eta, niri itsatsita, ilearekin kilimak egiten zizkidana. Baina batez ere, irribarre amaigabea zuena. Plaza honek guztiak beti oroituko du bizi osoan izan zenuen irribarre hori.
Bi aste igaro dira, inoiz jaso genezaken albisterik txarrena jaso genuenetik. Zauri handi bat ireki zaigu, geratu zinen pitzadura baino baino askoz ere zauri sakonagoa. Nahieran bizi izan zinen une oro, zure grina zenari gorputz eta arima emanez. Espero dut horrek etorkizunean gu kontsolatzea. Izan ere, goizegi joan zinela uste dut orain; hainbeste amets betetzeko, hainbeste tontor igotzeko, hainbeste horma konkistatzeko. Mina beti izango dugu gurekin, baina zin dagizut ikasiko dugula zu polit oroitzen, eta irribarre egingo dugula zurekin gogoratzen garen bakoitzean. Beti egongo zara gugan, eta mendiak igotzen jarraituko duzu, zure bizitzako zatitxo bat partekatu duzun ororen bihotzean. Asko maite zaitut eta beti eramango zaitut nirekin”.
Bukaeran, lore-eskaintza egin zen, Belen amaren Antonio Machado, Miguel Hernandez eta Ruben Dario autoreen poemen irakurketa entzun ondoren. Eskerrik beroena adierazi zuen alpinistaren familiak, jasotako babesagatik eta, omenaldia gertatu zedin, parte hartu zuten norbanakoei, baita Urnietako Udalari ere, erakutsitako abegikortasunagatik. Andoaingo Udal musika eskolako abesbatzarekin amaitu zen omenaldia: Signore delle cime pieza interpretatu zuten, lehenik, elur-jauzi batek harrapatuta desagertu zen Bepi Bertagnoli alpinistaren omenez sortutako kantua. Laboaren hitzekin egin zion Urnietako herriak azken agurra Amaia Agirre Gonzalezi. “Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo. Baina, horrela, ez zen gehiago txoria izango, eta nik, txoria nuen maite...".
Mendiak goxo har zaitzala, Amaia.