Bat, ez, bi tragedia ditu abiapuntu Axut! eta Artedrama konpainiek, hamarkada pasatxoko elkarlanean, berriki ondutako “Hondamendia” antzezlanak: Zaldibarko zabortegiaren amiltzea, batetik, eta auzia are gehiago estali zuen luizia, bestetik, pandemia, hain justu ere. Ximun Fuchsek zuzendu ditu galdera-ikurrak oholtza gainean eta, hariei tiraka, fikzioak lagunduta, ikuspuntu filosofiko bezain pertsonalez igoko dira Sarobeko taulara zortzi aktore hilaren 26an, arratsaldeko 19:00tan.
Hiru urte igaro ziren joan den hilaren 6an Zaldibarko zabortegia amildu zenetik. Tragedia horri beste bat batu zitzaion, pandemia. Oraindik, auziak lurpean jarraitzen duen honetan, zuek gaia hizpide duen obra oholtzaratu duzue.
Beste alde batetik begiratzen dugu gaia. Ez dugu salaketa lana egiten. Tragedia horretan berkokatzen saiatu gara, zeren horixe baita, azken finean, tragedia itzela. Nola bizi izan zuen gertutik jendeak? Zer kontatzen du gutaz horrek? Mendi bat, zaborrez betetako mendi bat, guk geuk elikatutako zaborrez betetako mendi bat erori zaigu gainera, eta, tartean, bi pertsona eraman ditu. Horrek hausnarketarako aukera eman digu: nola tratatzen ditugu gure langileak? Oraindik, gaur egun, langile bat hiltzen da astero lanean. Beharrezkoa al dugu hori bizitzeko? Horrez gain, gainera, erretiroa hartzetik gertu dabilen jendeak izaten ditu lan-istripu asko. Beharrezkoa al dugu jubilatzeko adin-tartea atzeratzea? Zer egin zaborrarekin? Inork ez du nahi zabortegi bat bere etxe alboan.
Gauza asko lotzen dira eta gu bidexka horretatik joango gara alderdi filosofikoan, baita pertsonalean ere. Nola bizi da aitaren arrastoak zabortegi baten azpian aurkitu dituen alaba? Hori guztia maila humanora eraman dugu eta hori da obraren gaia. Pertsonak oholtza gainera igotzen ditu antzerkiak eta beraien sentimendu eta hausnarketak oso molde irisgarrian ipintzen dizkie ikus-entzuleei.
Errepidean, autopistan bertan zineten luizia gertatu zenean. Zer mugitu zitzaizuen barruan, une horretan, albiste desatsegin horri tira egin eta tragedia antzezlan bihurtzeko?
Gauza asko mugitu zitzaizkigun. Munduaren lehen amaiera ematen zuen horrek, pandemia etorri baino lehen. Denak kotxetik atera ginen, zerbait sinesgaitza gertatu baitzen. "Krak" handi bat izan zen, eta Euskal Herrian izugarrizko oihartzuna izan zuela ikusi dugu. Izan ere, zabortegi horretan gordetzen zena, erabat, legez kanpo zegoela susmatzen zen, jasangaitza zen hor zegoen kaka guztia eta hainbat mamu piztu ziren gure gizartean, bi langileren desagerpenarekin.
Hori gutxi balitz bezala, beste tragedia batek estali zuen aurrekoa, pandemiak. Biak nahiko lotuak dira, mundu mailako osasun-larrialdi egoerek eragin baitute zabortegien pentsaeraren aldaketa: lehen, hiriaren erdigunean zeuden eta kolera edo tifus bezalako pandemia handiek zabortegiak aldirietara eramatea eragin dute.
Halaber, pandemia garaian, heroiak bezala txalotzen genituen leihoetan lanean zeuden osasun-langileak. Orain, badirudi ahanztzuak ditugula. Beren egoera ez da aldatu... Bestelako osasun-larrialdi bat etorriko balitz, hobeki erreakzionatuko al genuke? Ez naiz segur. Egoerak, badirudi, txarrera egiten duela oraindik. Gauza asko aldatu dira: gu eta geure komunikatzeko moduak zein bideak, euskararen erabilerak behera egin du, artea komunitatean partekatzeko era asko aldatu nahiz txikitu da, eta oraindik kultur sektore osoak zailtasunak ditu bertatik ateratzeko, baita ostalaritzak ere... Orduan, garai hori kontatzea pentsatu genuen, antzerki bidez. Demokrazia eta filosofia momentu berean asmatu dira, leku berean, Aintzinako Grezian, eta ez da kasualitatea. Beharrezkoa dugu antzerkia demokrazia ongi eramateko eta demokrazia behar dugu ongi eraman gure antzerkiak balio bat ukan dezan. Hala, zerbait komunitarioa sortu nahi genuen, txikitik, antzerkitik, guk denok aurki ditzagun elkarrekin hortik ateratzeko modu duinak.
Harkaitz Canorenak dira hitzak. Eta ideia labur batekin azaldu du berak obraren sinopsia: “Tragedia greziar baten errepikapena da ia: mendi bat erori da bi gizonen gainera”.
Eta horrekin dena kontatzen da. Izua eragiten du: gu baino handiagoa den zerbait gertatzen ari da, eta guk eragindakoa da. Gurpil-zoro horretatik edo abiadura handiko tren horretatik ateratzen ez bagara, oso gaizki bukatuko dugu.
Benetako gertakari baten argazki propioa egiten du obrak, fikziozko zertzeladekin, beti.
Guk ezin dugu egia kontatu, ez dakigulako, berez, zein den. Pandemiak hori ekarri du: ez genuen ezer sinesten eta balioa galdu zuen hitzak. Zer sinetsi dezakegu, ez bada artetik kontatzen dena? Ez zen esentziala, bazirudien ez zela ezinbestekoa, Bada, nondik kontatu dezakegu egi zerbait? Gezurretik, fikziotik, antzerktik. Horretarako, gezurtari profesional bat deitu genuen, Harkaitz Cano. Xamurtausnetik, goxotasunetik kontatu du, baita umore keinuekin ere, izan ere, hain da krudela, berez, istorioa... Gu baino askoz ere handiagoa da, orduan, umiltasunez kontatu behar genuen. Baina kontatu, kontatu behar genuen, bestela, ez ditugu garatuko gure tresna propioak, gure hizkuntzan, historia ulertzeko.
Ondo uztartu al dira bi alde horiek?
Jende askoz inguratu gara obra egiteko; tragedia gertutik bizi izan zuten hainbat eta hainbat etorri dira gure obra ikustera, tartean, zientzilariekin edo Nahia Soraluzerekin mintzatu gara, Alberto Soraluze langilearen alabarekin. Oso babestuak izan gara sorkuntza-prozesu guztian, zuzen lan egiteko. Jendearekin zintzoak izatea oso garrantzitsua zen guretzat. Egia konplexu bat taularatu nahi genuen, eta, era berean, eskuragarri egiten publiko arruntarentzat.
Zortzi aktore, hogei pertsonaren azalean. Ostera, gai berarekin bustitzen al dira guztiak?
Hori ikusleak esango du. Guk lanaren parte handi bat egiten dugu, baina ez guztia. Ikusleak beti osatzen du. Galdera-ikurrak ondo marrazten saiatu gara, eta erantzunak ez daude gure esku.
Hogei aurpegi horien inguruan, zaborra, zaborra eta zaborra.
Zabor gisa jantziak erabili ditugu, zertarako? Gure intimitatearekin oso lotuta dauden arrastoak direlako. Toki batetik bestera mugitzen ditugu. Bestalde zabor numerikoa ere badaukagu, elektrikoa dena ere badelako zaborra. Hitzen zaborra, edukien zaborra, nonbait bildu behar da. Biltegi numerikoak existitzen dira, energia asko kontsumitzen dute eta zabor handia eragiten dute.
Zuzeneko proiekzioez zein musikaz baliatu zarete kontakizuna girotzeko.
Antzerkiak dituen tresneria guztiak erabiltzen ditugu: dantza, musika, teatroa, bideogintza, eszenografia, jantzitegia, argi- nahiz soinu-diseinu apartak. Enbor eta adar askotatik hartu daiteke istorio hori eta denak eramaten gaituzte galdera-ikur berdinetara.
Ez da gizartea zeharkatzen duen gai bat hizpide hartzen duzuen lehen aldia. Erantzukizun soziala sentitzen al duzue antzerkia egitean?
Bai, nik horrela ulertzen dut antzerkia; antzerkiak, noski, plazera ekartzen du, oholtza gainean zein publikoan. Guk erakusten dugunak ardura dakar, antzerkilari gisa, pentsa erraten diegulako 200-300 ikusleri , "Itxoin, eseri, badut zerbait kontatzeko". Batzuetan, arriskuan jarri behar gara, funtsezko galderak eta erronkak pausatzeko oholtza gainean. Bestela, eroso sentitzen gara gure munduan, baina bihotzak eta arimak ez dakit horrela asko kilikatzen ditugun.
Ikuslegoa al da zuen jardunbidearen sostengu?
Lehenik, uste dut ikus-entzulea inteligentea dela, eta, bigarrenik, inportantea da, elkarrekin, komunitatean funtsezko galderak pausatzea eta ez egotea isolatuak gure etxe txikietan.
Galderak planteatzen dituzue zuek “Hondamendia” obran. Non bilatu erantzunak?
Bizitzako erronkak dira horiek. Ahal duguna egiten dugu guztiok, eta uste dut elkartasunean asko lortzen dela; bertan ere erantzun asko aurkitzen dira. Elkarrekin bideak jorratuz gero, ederragoak eta seguruagoak dira.