Astigarragakoa sortzez, urteak daramatza Pilar Olaciregui Olanok Urnietan. Bada, bizipen asko gordetzen ditu bere etxeak, Atalaiak, sekula ez baitio laguntza ukatu ate joka etorri den inori, ez eta 80. hamarkada gogor bezain bizian ere. Eskua luzatu zien hamaikari, Euskal Herrian, heroinak, HIESak, gatazka armatuak eta euskal rock erradikalak erretratatutako garaian.
Kale kantoi guztietara ailegatu, sartu zen zaldia eta gazte askoren bizitzak eraman zituen aurretik, baita Urnietan ere. Hariari tira egin eta, pixkanaka-pixkanaka, jende askori babesa eskaini zien Olacireguik. Iloba baten mendekotasuna medio murgildu zen Gizakia Helburu (Proyecto Hombre) egitasmoan, eta hurbiletik lagundu zion desintoxikazio-prozesuan. Garai horretan, zazpi ziren etxean: senarrarekin eta bost seme-alabarekin batera bizi zen. Egitasmoa urrutitik jarraitu arren, belarriak zorroztuta entzuten zituzten guztiek amaren istorioak, harik eta, egun batean, senitartekoak egongelan bildu zituen arte: Caritasek “Laguntza familian” proiektu aitzindaria ipini zuen martxan, eta Gipuzkoa kanpotik Gizakia Helburura etortzen zen jendeari drogamenpekotasunarekin laguntzea zuen xede horrek, harrera familien bidez.
Bi aldiz pentsatu gabe, bertan murgildu zen Pilar Olaciregui, baita haren familia ere. “Gure kasuan, Raquel etorri zen”, du gogoan Pili Santin etxeko alaba zaharrenak (19 urte inguru zituen garai hartan), “etxean bizi behar zuen gurekin eta prozesuarekin laguntzea erabaki genuen guztiok”. Oso eskertua jarraitzen du gaur egun familiako amak, etxekoekin egindako bileran, aho batez erabaki baitzuten denek proposamenari baiezkoa ematea: “Gogorra zen jendeari desintoxikazio-prozesuan laguntzea. Gogortasun hori bigundu egin behar zen eta gu prest ginen horretarako”.
Gauzak horrela, hemeretzi urterekin iritsi zen Iruñetik Raquel A.B. (aurrerantzean, Raquel) Atalaia etxera, heroinarekiko mendekotasun handiarekin: “Betebehar gisa bizi nuen, hasieran, hara joatea; ez neukan beste aukerarik. Ezezaguna zitzaidan proiektua baina, era berean, eskertuta nengoen, ez bainuen inor ezagutzen Gipuzkoan eta, nire etxean, ez ninduten nahi”. Hori gutxi balitz bezala, bere gertuko jende askok HIESA nola harrapatzen zuen ikusi zuen iruindarrak, xiringak partekatzearen ondorio, besteak beste: “Lagun-minak hil zaizkit. Zorioneko sentitzen naiz, ez bainintzen gaixotu”.
Garai hartan, Raquelek ez zuen heroina uzteko asmorik, ez zitzaion “sekula burutik pasa kontsumitzeari uztea”. Alabaina, behartuta ikusi zuen bere burua eta hasiera oso gogorra izan zela gogoratzen dute guztiek, heroinak zeharo harrapatuta baitzeukan. Berehalako hutsunea, abstinentzia sindrome gogorra uzten duen droga da, haren kontsumoak mendekotasun handia sortzeraino: epe laburreko plazera ematen duenak, epe luzean, gaizki-egon handia eragiten du. Bada, kontsumitzeari uzteko pausua eman behar izan zuen Raquelek, Atalaian sartu zenean, eta, gutxi gorabehera, urtebetez egon zen bizitzen etxean, Gizakia Helburu prozesuan aurrerapausoa eman eta “Komunitate Terapeutikoa” fasera aldatu aurretik.
Behera eta gora
Ailegatu eta denbora tarte laburrera, jada, ondo baino hobeto elkar ulertzen ziren arren, batzuetan, bidegurutzeekin egin zuten topo urtebetean, bai eta, iruindarraren partetik, familiako kideen konfiantza urratzeko moduko jarrera oztopotsuarekin ere. Alegia, izan zen sartu-irtenik etxean, adikzioa dela-eta edukitako jarrera desegokiak baldintzatuta. Hain justu, inflexio-puntu moduan bizi du Alazne Santin familiako alabak momentu hori, haren ustez, hor eman baitzuen jarrera aldaketa Raquelek egiten ari zen prozesuan: “Oso haserre geunden, baina berriro bildu ginen eta bigarren aukera eman genion. Berak ez zuen espero, eta, orduantxe, drastikoki, izugarrizko aldaketa eman zuen”.
Goizeko 09:00etatik arratsaldeko 18:00etara izaten zen Gizakia Helburun, eta, beti-beti, lagunduta egin behar zituen bertatik etxerako joan-etorriak, gehienetan, Pilar amarekin. Nola bizi zuen, baina, berak sekula bakarrik egon ezin ahal izatea? “Onartu egiten duzu, horrela izan behar zuelako bai ala bai, ez neukan beste aukerarik. Behin sindromea gutxituta, moldatu egiten zara egunerokora”. Hala, etxeko zereginetan buru-belarri aritzen zen eta, anai-arrebak adin bertsukoak zituenez, makina bat plan egiten zituzten batera, parranda-girotik eta drogetatik urrun, egoeraren konfidentzialtasuna beti ere mantenduta. Begirada zorrotzez jokatu behar zuten etxekoek, Pili alaba zaharrenaren esanetan, “ezin zuen ezer egin gure baimenik gabe”. Azken finean, familiako beste kide bat bailitzan hartu zuten etxean Raquel, bai une goxoetan, bai errietetan. Alabatzat zuen Pilar Olacireguik: “Gurera egokitu zen, eta guk ere neurria hartu genion. Ondorioz, giro ona zegoen etxean eta hori oso garrantzitsua da. Berak gutaz zekien adina genekien guk hari buruz, oso irekia eta emana izan da beti. Horrelako egoera batean, garrantzitsua izan zen laguntasuna eta komunikazioa”.
Hamabi hilabeteko bidea egin ondoren, “Komunitate Terapeutikoa” fasera egin zuen aurrerantz jauzi bere prozesuan Raquelek, eta, horregatik, etxea utzi egin behar izan zuen. Edonola ere, posible zen guztietan joaten zen Santin-Olaciregui familia bisitan eta haren osaketaren lekuko, gertutik bizi izan zuten prozesua, amaierara iritsi zen arte.
Halere, erronkak ez ziren amaitu Raquelentzat, Alazne Santin ahizparen hitzetan, kaleari neurria hartu behar izan baitzion berriro. Harekin bat da iruindarra, eta, gaur egun, esaterako, ez dauka harremanik heroina bitarteko zela ezagutu zuen inorekin: “Behin prozesua amaituta, ezin nion kalean ezagututako inori jaramonik egiten; Gizakia Helburun, ez ziguten uzten. Errotik moztu beharreko zerbait zen, baina, oso gogorra, aldi berean”.
Dena dela, behin sendatuta zegoela, zenbait urtez, Gizakia Helburu erakundearekin hartu-emanean izan zen, 1990. urtean ireki baitzuen zentroak beren Iruñeko lehen espazioa. Hantxe egin zuen lan, taldean, terapeuta gisa, aldaketa baten beharra sumatu eta norabide berri bat hartu zuen arte.
Borondate amaigabea
Santin-Olaciregui familiaren altruismoa, ostera, ez zen Raquelen esperientziarekin amaitu. Aitzitik, bide eman zion Atalaia etxeari antzeko egoeratik igarotzen ari ziren bi kide hartzeko, banan-banan, bata bestearen atzetik. Olaciregui zen Gizakia Helburu egitasmoan formakuntza apurra jaso zuen etxeko kide bakarra. Nolanahi ere, guztiek eutsi behar zioten pultsua egunerokoan suertatzen ziren tira-bira nahiz buruhausteei. “Oso zaila da drogamenpekotasuna duen pertsona bat hartzea etxean”, baieztatu du Pilar amak, “baina jende askori lagundu diogu osatzen. Ondorengoei Raquel ipintzen nien adibide moduan”.
Horrez gain, Urnietako jende askoren aterpe ere izan zen 80. hamarkadan, baita, Pili alabaren esanetan, herritik kanpoko jendearena ere: “Drogekin arazorik izan ez duen jendea lagundu dugu etxean. Jende askori lagundu dio amak lehen mailako premiak asetzen ere”. Halaber, denbora luzez izaten zen Olaciregui etxetik kanpo, borondatez, lanean, pixkanaka-pixkanaka, tutoretzapeko pisu-kopurua areagotzen eta komentuak erantzukizun handiagoa hartzen joan ziren heinean.
Caritasekin nahiz Gizakia Helbururekin elkarlanean aritzeaz gain, Remar Gobernuz Kanpoko Erakunde erlijiosoa ere gertu izan zuen Olacireguik. Lau hamarkadako ibilbidearekin, 1982an sortu zen Espainiako Estatuan Remar, batez ere, drogen mendekotasunengatik, gizarte-bazterkerian eroritako pertsonen beharrizanak asetzeko xedearekin eta ikuspegiarekin. Denboraren joanarekin, berriz, jendartearen zuloak eta premiak aldatzen joan dira eta horiei ere erantzuten darrai. Hori horrela, erakundearekin harreman estua izan zuten, elikadura eta arropa ematen baitzieten, eta, era berean, jende asko bideratu zuten bertara, apurka-apurka, beren bizitzetan beste lehentasun batzuk ipini behar izan zituzten arte.
Atzera begira, harro
Hiru hamarkada pasatxo igaro dira, Raquelek Atalaian arrastoa utzi zuenetik. Hiru hamarkada pasatxo, hain zuzen ere, iruindarrak prozesua amaitu eta edozein motatako droga-kontsumoari uko egin zionetik. Egun, bi seme-alaba nahiz senarra ditu eta eurekin bere iragana konpartitzea garrantzitsua delakoan da: “Inportantea da beraiek ere jakinaren gainean egotea, egoera hobeto uler dezaten. Hazten laguntzen dizute, gauzak ulertzen laguntzen”. Urteak joan, urteak etorri, gaur gaurkoz, harreman estua mantentzen du Urnietako familiarekin: “Oso gustuko dut hona etortzea. Oso eskertuta nago beraiekin. Esentziak bere horretan jarraitzen du”. Hori bera uste du Pilar amak ere, kariño handiz ireki izan baitizkio-eta bere etxeko ateak laguntza behar izan duen edonori: “Raquel lehenengoz ikusi nuenean, banekien aurrera aterako zela”. Bere intuizioak ez zuen kale egin eta, egun, nork bere bizitza izan arren, familiako kide da oraindik. Haren bisitaldiek etxekoak oso kontent ipintzen dituela dio Pili Santinek eta gauza beraren iritzi da Alazne ahizpa: “Nahiz eta denbora tarte bat elkar ikusi gabe igaro, ez litzateke ezer aldatuko. Gure ahizpa da”.
Zenbaitetan, bidea mikatz, beste hainbatetan, samur, irribarrez gogoratzen ditu Raquelek Atalaian bizitakoak: “Horrelako jende gehiago behar da. Energia polita zein maitasun handia biltzen da etxe horretan eta oso eskertuta nago, izugarri lagundu zidatelako. Haiei esker nago, orain, hemen, guztia kontatzen”.