Senior taldeek ez dute garaipenik lortu asteburuan

Aiurri 2023ko mar. 6a, 10:00

Hirune Unanue, Urnieta Quel Abogados taldeko jokalaria.

Bolada kaskarra pasatzen ari dira Quel Abogados eta Artola Harategia taldeak. Asteburu honetan ere, ezin izan dute garaipenik eskuratu.

Larunbat arratsaldean, Urnieta Artola Harategia gizonezkoen senior taldeak 24-17 galdu zuen Deustoren aurka. Urnietarrek ondo hasi zuten norgehiagoka eta, ia lehen zati osoan, markagailuan aurretik izan ziren, baina azken minutuetan markagailua iraultzea lortu zuten bizkaitarrek. Bigarren zatiaren hasiera ere parekatua izan zen, baina minutuek aurrera egin ahala urnietarrak erritmoa jaitsi zuten eta etxekoek aldea handitzea lortu zuten 24-17ko azken emaitzara iritsi arte. 

Igande goizean Urnieta Quel Abogados emakumezkoen senior taldearen txanda izan zen. 17-22 galdu zuten Mecalbe Eibar Eskubaloia liderraren aurka. Gizonezkoen taldeak bezala, neskek ere ondo hasi zuten norgehiagoka markagailuan aurrea hartuz, baina minutuak aurrera joan ahala, armaginek markagailuari buelta eman zioten, atsedenaldira 5-9ko emaitzarekin iritsita. Bigarren zatian, urnietarrek 2 golera hurbiltzea lortu zuten bi aldiz, baina ezin izan zuten talde armagina gainditu eta azken minutuetan 5 goleko aldea ere lortu zuten. Galdu arren, urnietarrek laugarren postuari eutsi diote, nahiz eta bosgarren sailkatua puntu bakarrera hurbildu zaion.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!