"Eskuzabaltasuna garrantzitsua da harrera-familia batean, baita enpatia ere"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mar. 12a, 09:06

Lucia Saiz Terreros.

Bi hamarkada pasatxo daramatza Martin-Saiz familiak harrera-familia izaten. Egun, larrialdiko harrera egiten du Lucia Saiz Terrerosek etxekoekin batera, jaioberrietatik hasi eta sei urte bitarteko haurrekin.

Zeri buruz ari gara larrialdiko harrera familiez ari garenean?

Iraupenean desberdintzen da harrera-familia iraunkorretik. Jaio eta sei urte bitarteko haurrak sartzen dira larrialdiko harreran, eta, gutxi gorabehera, sei hilabeteko denbora-tartean hartzen dira. Ondoren, familia biologikora, harrera iraunkorrera edo adopziora bideratzen dira ume horiek. Horretarako aukerarik ez badago, gurekin gelditzen dira zenbait hilabete gehiago.

Zer kontsideratzen da “larrialdiko” horrelako egoera batean?

Babesgabetasun egoera bat, edozein motatakoa. Gu ez gara balorazioetan sartzen, ez eta epaietan ere; guk jaso egiten ditugu. Epai batek haurra babesik gabe dagoela erabaki eta gure etxera etortzen da.

Zerk eraman zizuen zuei harrera familia izateko hautua egitera?

Anbulatorioan ikusitako ohar baten harira hasi zen guztia. Lehenik, egun, semea dugunarekin harrera familia iraunkor izan ginen, orain, 23 bat urte. Ondoren, larrialdiko harrera egiten hasi ginen, eta, ia, hamar urte daramatzagu horretan.

Gogoan al daukazu etxean harrera- familia izateko proposamena luzatu zenuten unea?

Seme-alabek sei eta bederatzi bat urte zituzten honetan hasi ginenean. Pozik agertu ziren eta ez zuten inolako oztoporik jarri. Gainera, etxera datorren haurraren integrazioan asko laguntzen dute. Alegia, aurrez, seme-alabak izatea hobe dela diote, gurasoek, jada, dinamikak ezagutzeaz gain, umeek tokira egokitzen laguntzen dutelako. Beraiek ez dute pentsatzen, zer gertatuko den, zenbat denborarako geratuko den, zenbat bisita egin beharko diren... Naturaltasunarekin hartzen dute: beren etxean baldin badago, anaia-arrebatzat dute eta listo, beste inolako konplexutasunik gabe.

Aldaketaren bat narabitu al zenuten harrera-familia iraunkorretik larrialdiko izatera igaro zinetenean?

Harrerak denbora-tarte laburragoa hartzen dutenez, dolu gehiago bizi behar dituzu larrialdiko harreran. Prest egon behar duzu, badakizulako denbora-tarte labur jakin batean banandu egin beharko zarela. Iraunkorrean, berriz, oro har, zurekin geldituko dela uste duzu. Harrera iraunkorrak ez du, denboran, muga jakinik. Egia da, azken horren barruan, aldi baterako harrerak ere badaudela, eta bi urte inguruko iraupena hartzen dute horiek.

Zein adin tarteko haurrak izan dira zuen etxean?

Batez ere, jaioberriak izan ditugu: gutxi gorabehera, 0-3 urte bitarteko haurrak jaso ditugu. Egun batetik bestera, hots egiten didate, baita egunean bertan ere. Libre eta prest baldin banago, etxera etortzen da haurra.   

Adinetik adinera, premiak aldatu egiten dira. Erraza al zaizue, aldiro, horietara moldatzea?

Erraza egiten zaigu. Egia da, lehen gauean, beldur pixka bat sentitzen dudala, baina, biharamunean, maiteminduta esnatzen naiz. Hamar urte daramatzat larrialdiko harreran eta, oraindik, urduri jartzen naiz. Hori sentitzen ez dudan egunean, uzteko ordua iritsiko da. Baina, gaur gaurkoz, bertigo apur bat sartzen zait hasieran, haur baten bila joateko deia egiten didatenean. Guztira, hamasei kasu izan ditut etxean.

Ume askori bermatu diezue babesa nahiz goxotasuna, egunetik egunera, gero eta lotura estuagoa sortzeraino.

Banatu eta dolua bizi behar izatea da, harrera-familia gisa, guretzat zailena.

Eskarmentuarekin, agurrari neurria hartzen al zaio?

Kasu bakoitza mundu bat da, kasuan kasu begiratu behar da. Zenbat eta denbora tarte luzeagoa igaro gurekin, zenbat eta nagusiagoa izan haurra, orduan eta gehiago kostatu zaigu dolua bizitzea. Dena dela, sortutako loturaren araberakoa da dolua.

Ni oso baikorra naiz, eta oso gustuko dut harrera-familia izatea, baina guztia ez da erraza izaten. Haurrak etxetik joatea zaila egiten zait. Lanketa handia behar du horrek eta dolua bizi behar izatea, kasu guztietan.

Haurrek diru-laguntzak izaten dituzte, harrera familiok zama ekonomikorik izan ez dezagun, baina hau ez da lan bat, ez dugu soldata bat irabazten, ez eta kotizatzen ere. Barrutik sentitzen dugun zerbait da.

Harrerak iraun bitartean, harremana izaten al duzue erakunde publikoekin zein elkarteekin?

Babes psikologikoa jasotzen dugu. Bisita egiten digute, noizean behin, eta ditugun galderak erantzuten dizkigute. Zerbait ohiz kanpokoa dela ikustean, jakinarazi egiten diegu. Askotariko ikastarotan izan gara eta, Laukaren eskutik, formazioak jasotzen jarraitzen dugu, etengabean: doluei nola egin aurre, musikoterapia, masaje-tailerra...  Bestalde, Beroa harrera-familien elkartea ere badago lanean.

Prozesuan, familia biologikoarekin harremana izaten al duzue harrera familiek?

Ez. Ikuskatzaileak haurra zentrora eramaten du, bisita egiteko, baina, ez, guk ez daukagu inolako harremanik familia biologikoekin.

Behin zuen etxetik joaten direnean, beraiekin harremana mantentzen jarraitu al dezakezue?

Batzuk familia biologikora itzultzen dira, beste batzuk, aldiz, harrera iraunkorrera, edo baita adopziora ere. Lehen kasuan, zailagoa iruditzen zait. Besteetan, familiaren arabera izaten dugu harremana, nik hor ez dut inbaditzen. Nahi duen informazioa bidaltzen dit familiak. Nolanahi ere, orain, esaterako, prozedura bat dago ezarrita, pixkanaka, atxikipena txikitzen joateko.

Ibilbide luzea daramazue harrera familia gisa. Nolako bilakaera ikusi duzue?

Beste lau familiarekin batera hasi ginen, nahiz eta, handik gutxira, horietako bik atzera egin, ez zelako aurreikusi zuten bezalakoa. Denboraren joanarekin, familiak batzen joan dira, eta, egun, hogeitik gora gaude. Era berean, ikusi dudanagatik, gora egin du eskariak, izan ere, lehen, zentroetara bideratzen zituzten haurrak, eta, orain, legez, ezin dira instituzionalizatu sei urte azpiko umeak. Bestalde, batzuetan, ez dago jarraipenik, alegia, ezarritakoa baino denbora tarte luzexkoagoa igaro izan dute gurean zenbaitek, ez dagoelako hartuko dituen harrera familia iraunkorrik. Halaber, zenbat eta nagusiagoa izan haurra, orduan eta zailagoa izaten da egoera. Eskuzabaltasuna garrantzitsua da harrera-familia batean, baita enpatia ere. Nork beretik asko jarri behar du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!