"Bidezko merkataritza du oinarri Errigora proiektuak, eta Erriberako euskarari bultzada ematen dio"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mar. 16a, 07:22

Martxoaren 29ra bitarte, udaberriko kanpainako produktuak eskatzeko aukera izango dute herritarrek. Auzolana, euskara eta tokikotasuna ditu oinarri Errigorak.

Udaberrian, Euskal Herri osoan barrena, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura ibiliko da, Errigora ekimenaren eskutik: martxoaren 29ra bitarte izango dute herritarrek produktuen gaineko eskaera egiteko aukera. Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana sustatzeko helburuz sortu zen orain hamar urte proiektua, eta, gaur egun, lanean dihardu buru-belarri, komunitatean. Bada, egitasmoak bere hastapenetik izan du lotura estua AEKrekin. Hori horrela, gertutik ezagutzen du Errigora AloÒa Braceras Izaguirre Urnietako AEK-ko arduradunak.

Martxoaren 9an hasi zen Errigoraren kanpaina, eta hilaren 29ra bitarte egongo da aukera eskaera egiteko. Zer eskaintzen da?

Erriberan ekoizten diren produktuak. Hamabi unitateko multzotan saltzen dira. Urteko produktuen bilketa egitea da asmoa, eta, nire ustez, olioaren salmentak du indar gehien. Aukera pila ematen dituzte askotariko tamainatan, bost litro, bi litro…

Ondo esan duzun bezala, hamabi unitateko kutxatan saltzen dituzte produktuak. Epe luzera begirako kontsumoari erreparatzen al diote, udaberriko kanpainan?

Urteko biltegiratzea egitea da beren asmoa. Produktu batzuk urte osokoak dira, eta beste asko sasoian sasoikoak, baina iraupen ona daukate guztiek.

Interesa duenak, nola egin behar du Errigorako produktuak erosteko?

Online erosketa bidez egiten da, eta erabiltzailea sortu behar da lehenik. Hiru modu daude ordainketa egiteko: produktua jasotzen den egunean eskudirutan, erreserba egitean, txartelarekin, edo Bizum erabilita. Urnietako AEKren kasuan, Hernanin egiten da banaketa; maiatzeko ostiral batez, Gudari plazan, udaletxeko arkupeetan egoten gara egun osoan, eskariak banatzeko. 

Zer dute berezitik Errigorako produktuek? Zergatik erosi egitasmoaren eskaintza?

Tokiko ekoizpena babesten du Errigorak, baita euskara ere. Bidezko merkataritza du oinarri proiektuak eta Erriberako euskarari bultzada ematen dio. Horrez gain, komunitateari eta auzolanari garrantzia ematen zaio. Balio erantsia dute produktuek.

Martxoaren lehenean, Errigora Balioak identifikatzailearen aurkezpena egin zen. Zer behar du produktu batek zigilu hori eskuratzeko?

Produktua egitasmoak babesten dituen balioekin bat datorrela ziurtatzen duen zigilua da: tokikotasuna, euskara, auzolana...

Errigorak ez du, ordea, bere eskaintza udaberrian, soilik, luzatzen, udazkenean ere aritzen baita Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka egiten.

Udazkenean saskiak saltzen dira, eta, horietan, konbinazioak egiten dituzte. Hiru mota daude eta bakoitzak produktu jakin batzuk ditu. Kutxa bakoitzarekin lortzen den etekinaren % 25 euskarari bultzada emateko bideratzen da.

Hamar urte bete ditu Errigora egitasmoak. Lehen kanpaina 2013an egin baitzuen egitasmoak, udazkenean, hain zuzen ere. Hastapenean bezain arrakastatsua al da gaur egun ere?

Guk ikusten dugun mugimenduan, gorakada egon dela esango nuke. Erantzun ona dauka, eta, pixkanaka-pixkanaka, errotzen ari da egitasmoa. Hala, horren harira, proposamen berriak sortu dira, zigilua, esate baterako.

AEK beti egon da Errigoratik gertu, elkarlanean. Zergatik da garrantzitsua?

Erriberan euskarak duen presentzia ikusita, nire ustez, gure printzipioekin bat datorren ekimena da Errigora. Horrez gain, oinarri dituen gainerako balioak lotuta daude AEKren izpirituarekin.

Udaberriko produktuak

Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak, Errigora Balioak zigiluarekin.

Errigoraren banaketa-guneak

200 bat herritan daude banaketa-guneak. Honatx, irakurle, etxetik gertuen dituzunak:

Andoain

• Andoaingo AEK.

• Aita Larramendi Ikastola.

Hernani

• Hernanialdeko AEK.

• Aratz ikastola.

Lasarte-Oria

• Ttakunenea.

Usurbil

• Noaua Kultur Elkartea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!