"Bat gara, zelai barruan nahiz kanpoan"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mar. 24a, 10:34

Martxa ezin hobearekin dabil UKE gizonezko erregionalen lehen mailako igoera fasean. Bigarren itzulia dute aurretik.

Igoera faseko lehen itzulian, mailaz igotzeko kalitatea duzuela erakutsi duzue. Zaila izango al da lehen postuei eustea bigarrengoan?

Taldeak lan gogorra egin du denboraldi honetan, eta aurre denboraldia, joan den urteko abuztua, oso urrun dago, jada. Banakako jokalariak izatetik, sintonian lehiatzen duen taldea izatera igaro gara, denboraldi hasieran ezarritako helburua lortzeko.

Aipatzekoak dira jokoaren kalitatea, konpromisoa eta jarrera. Bigarren bueltan, postuari eusteak lotura zuzena izango du ia jokalari guztiak itzuliari aurre egiteko prest egotearekin. Izan ere, lesioek oztopatu egin gaituzte, eta, orain, jokalari batzuk osatzeko prozesuan daude, eta beste zenbait ez dira garaiz berreskuratuko. Ez da erraza izango, baina bakoitzaren lanarekin eta ahaleginarekin lortuko dugu.

Oraingoz, zazpi partida jokatu dituzue guztira igoera fasean: bost irabazi, bi galdu. Azken jardunaldian, ezin izan zenuten Landetxa zuen lehiakide zuzena irabazi.

Partida guztiak irabazi eta galdu daitezke. Gola sartzeko pare bat aukera garbi izan ondoren, penalti bidegabe bat egon zen, gure kontrara. Jarraian, gure atean sartu genuen eta, azkenik, markagailua 0-3 itxi zuen Landetxak, gol itzelarekin. Gure aurkariaren aldeko zenbait baldintza eman ziren norgehiagokan. 
Denboraldi hasieran igoeragatik lehiatzea zenuten helburu, edo ezustekoz etorritako aukera izan da?
Hainbat jokalari elkartzea izan zen lehen helburua, talde bat osatzeko. Behin hori lortuta, mailaz igotzeko borroka egitea dugu xede.

Zein giro dago taldean?

Eskerrak eman behar dizkiet bai jokalariei, bai ondoan dudan staff teknikoari, konpromisoz eta ahalegin handiz ari baitira lanean. Taldean oso giro ona dago, bat gara eta nabarmena da hori zelai barruan zein kanpoan. Gutako inor ez da honetaz bizi eta guztiok egin diegu uko gure egunerokoan beste gauza batzuei.

Lehiaketaren ekuatorea zeharkatuta, txapelketaren azken txanpan murgildu berri zarete. Zeintzuk dira aurrera begirako erronkak?

Ahalik eta lesionatu gehien berreskuratzea eta, partidaz partida, lanean jarraitzea. Denboraldia hasieratik dago planifikatuta, baina lehiaketak eta taldearen egoerak malgutasun handiagoa eskatzen dizkigute astero agertzen zaizkigun erronka berriei ekiteko.

Zeintzuk dira orain arteko mailan mantentzeko gakoak?

Daramagun lan-ildoari jarraitzea, lesioei erreparatzea eta lana, lana eta lana.

Erraztasunez irabazi zenuten Lengokoak, joaneko partidan (2-6). Halere, ez daukazue aurkari erraza asteburu honetan, bigarren itzuliko lehen partidan.

Partida bakoitza mundu bat da, aldiro, ezberdinak direlako baldintzak. Umiltasunez eta errespetuz lehiatzen gara aurkariekin. Zazpi jardunaldi gelditzen dira, gutxi gorabehera, bi asteko atsedenaldiarekin tartean. Lanean jarraitu behar dugu, azken jardunaldira bitarte.

Zerbait gehiago gehitu nahiko zenuke?

Eskerrak eman nahi dizkiegu taldearekin elkarlanean ari diren jokalari jubenilei, bat gehiago balira bezala aritzen baitira gurean. Era berean, zaleei eskerrak eman nahi dizkiegu, etxean nahiz etxetik kanpo erakusten diguten babesagatik. Gurekin jarrai dezatela eskatzen diegu, haien beharra baitugu; aurkaria errespeta dezatela, arbitroak eta, oro har, hango eta hemengo publikoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!