Gipuzkoako Foru Aldundiari Babilonia eremuko lursail bat esleitzeko konpromisoa hartu du Urnietako Udalak, ondoren, Aldundiak adinekoen egoitza eraiki ahal izateko. Bada, hori iragartzeko, bi erakundeotako ordezkariak bildu ziren herrian bertan joan den asteazkenean: Jorge Segurado Urnietako alkatea, batetik; eta, bestetik, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua.
Udalak ohar bidez adierazi duenez, hasia du, jada, orube hori zuzeneko okupazioaren bidez eskuratzeko prozesua. Herritarren beharrei erantzuna ematearen garrantzia nabarmendu zuen, asteazkeneko hitzorduan, Segurado alkateak: “Azken urteetan, nabarmen handitu da bizi itxaropena, 65 urtetik gorako gero eta herritar gehiago ditugu, hurrengo urteetan, mendekotasuna handitzen joatea aurreikusten da. Testuinguru horretan, guretzat oso berri pozgarria da herrian bertan adinekoenkontzako egoitza bat eduki ahal izatea”.
Izaera sozialeko etxebizitzak eta Elkarteen Etxea
Bi erakundeetako ordezkarien bilkura ez zen Babiloniako lur-eremura mugatu. Izaera sozialeko apartamentuak egiteko hitzarmena sinatu zuten. Adineko pertsonentzat, desgaitasuna dutenentzat nahiz bazterkeria arriskuan daudenentzat bideratutakoak dira. Etxebizitza horiek Errekalde kalean egokituko dituzte. Hiru profil bereizi dira etxebizitza horietarako: batetik, mendekotasun maila baxua duten 65 urtetik gorako herritarrak; bigarrenik, desgaitasuna izanik, mendekotasun maila baxua duten eta laguntza beharra duten pertsonak, eta, azkenik, bazterkeria arrisku egoeran dauden eta premiazko beharrak dituzten herritarrak. Milioi bat eurotik gorako inbertsioa egingo da ekipamendua egokitzeko. Bestalde, igogailu batek Idiazabal kalearekin lotuko ditu etxebizitzak. Oharrean adierazten denez, eraikuntza lanek zortzi hilabeteko iraupena izango dute. Gauzak ondo, 2023ko urtearen amaieran lehen erabiltzaileak bertan bizitzen jartzea espero da.
Halaber, hainbat zerbitzu hartuko ditu San Juan 42 kalean kokatutako eraikinak, adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua eta zaintzaileentzako laguntza-taldea, hain zuzen. Halaber, Denda Berri jubilatuen elkarteak, baita Urnietako beste hainbatek ere, bertan beren espazioa izango dutela iragarri zuen Urnietako Udalak. 900.000 euroko aurrekontua izango du obrak, eta Foru Aldundiak diruz lagunduko du gastu hori.