Munduko mapa hartu eta ia zirrikitu guztiak buruz ezagutzen ditu Virginia Lopezek. Mavec Tours bidaia-agentzian egiten du lan duela 22 urtetik, eta hamaika abentura poltsikoratzeaz gain, neurrira egindako bidaiak diseinatzen ditu.
Gertuko zein urrutiko jauziak antolatzen dizkiezu bidaiariei, etxetik lanean. Erosoa egiten al zaizu?
Oso gustura egiten dut lan etxean. Ez dut, lehen bezala, Donostiaraino joan behar, eta aurrez finkatutako ordutegi komertziala bete. Neure erara antolatzen naiz: lanez lepo banabil, gosaldu bezain pronto ipintzen naiz ordenagailu parean. Aldiz, patxada handiagoarekin hartzen dut lan-karga baxuagoa dudanetan. Mugikorrarekin eta ordenagailuarekin egiten dut lan, baina ez naiz online agentzia, nik neuk osatzen baitut bezeroen interesera egokitutako bidaia. Horrez gain, nahi izaten badute, aurrez aurre ere gelditu izan naiz, hemen etxean, edota adostutako tokiren batean.
Bidaia itxiak eskaintzen al dituzu edo bidaiarien interesek garrantzia al dute zure lan jardunean?
Neurrira antolatutako joan-etorrietan nago espezializatuta, alegia, beren premien zein interesen araberako bidaiak antolatzen ditut. Neure irizpideen arabera hasten naiz bidaia prestatzen, baina, era berean, bezeroekin hitz eginda osatzen dut, lehen egunetik azken egunera bitarte behar dituzten gauza guztiekin. Bestalde, jada, antolatuta dauden bidaiekin ere lan egiten dut, batzuetan, horiexek dira-eta jendearen intereseko.
Lana egiten duzu, eta, gertutasun handiz, gainera.
Jakina. Zenbaitetan, ezustekoak gertatzen dira bidaian, bada, hortxe nago ni arazoak konpontzeko, baita asteburuetan ere…!
Hori horrela, zaila egiten al zaizu lana bizitza pertsonaletik bereiztea?
Inportantea da bereizketa egitea, batzuetan, jendeak desgaraian hots egiten didalako.
Interesa duenak zenbateko aurrerapenarekin ipini behar du zurekin harremanetan?
Ordaindu nahi den diruaren arabera. Esate baterako, opor garaien bezperako asteetan, azken orduan dei eginez gero, oso garestia izango da bidaia, hala nola, Aste Santuan, uztaila nahiz abuztuan edo Gabonetako oporretan. Hortaz, zenbateko aurrerapenarekin? Urteko sasoiaren arabera, baita helmugaren arabera ere. Adibidez, Aste Santuko nire oporrak abenduan antolatu nituen; orain, bikoitza balio du. Gauza bera udako oporrekin; hegazkinak, jada, hartuta ditut. Bezeroen kasuan, badira zuhurtzia handikoak, baina baita guztia azken momentuan egiten dutenak ere. Denborarekin antolatzearen aldekoa naiz, dirua aurrezte aldera.
Oraindik, bidaia-agentzietara jotzeko joera al dauka jendeak?
Urte asko daramat honetan, eta adin guztietako jendeak jotzen du nirera. Hasieran, gazteek guztia Internet erabilita kudeatzen zutela uste nuen. Baina, bidaia batean, hainbat helmuga eta hegaldi nahasten direnean, errespetua ematen dio jendeari. Halaber, adinekoei ihes egiten diete plataforma digitalek. Hala, segurtasuna sentitzen dute bidaia-agentziekin harremanetan jarrita.
Zein bidaia mota gailentzen da?
Askotariko eskariak jasotzen ditut, bai Euskal Herriari dagokionez, bai hemendik kanpo. Are gehiago esango dizut, Urnietatik oso urrun bizi den jendearen bidaiak ere kudeatzen ditut, besteak beste, New Yorken bizi zen bikote baten eztei bidaia antolatu nuen! Amerikako Estatu Batuen mendebaldeko kosta ezagutu nahi zuten, lehenik, eta, ondoren, Polinesia Frantsesean amaitu zuten.
Bidaia motei dagokionez, denetatik kudeatzen dut, mendira, hiriak ezagutzera edo hondartza aldera jotzeko. Norbanakoekin nahiz taldeentzat diseinatzen ditut bidaiak: Real Sociedadeko lagunarteei, ikasbidaia egin nahi duten eskolei…
Bada, urtero, guztien gainetik gailetzen den helmugaren bat edo beste. Aurten, zein izango da zure ustez?
Lehengo urtean, Albaniak arrakasta handia izan zuen. Oso ederra omen da eta ez da hain garestia, oraindik ez baitago masifikatuta. Datorren udari begira, jada, zenbait bidaia antolatzen hasia naiz, nazioartera: Madeira, Kanada, Alaska, Argentina, Alemania, Italia, Maldivak, Dubai, Egipto… Los Cabosek (Kalifornia Beherea, Mexiko) ere, pixkanaka, jakin-mina piztu du.
Nolanahi ere, pandemiaren ostean, prezioek nabarmenki egin zuten gora, bizitza, orokorrean, garestitu egin den heinean. Espainiako Estatuan, bideragarria da Balearretara nahiz Kanarietara joatea. Arazoa auto-alokairuan dago. Izan ere, enpresek beren autoak saldu egin zituzten, pandemiak eragindako bezero ezaren aurrean. Koronabirusak asko zigortu du turismoa. Guk ezin genuen ezer ere saldu, Urnietatik atera ezinik geundenean.
Zuk ere bidaiatzeko joera handia al daukazu, ahalik eta kalitate handieneko zerbitzua bermatzeko, gerora, informazio eske datozenei?
Bidaiari samarra naiz. Bidaiatzen dudan bakoitzean, guztia ikusteko beharra sentitzen dut beti, hotelak eta guzti! Horrela, bezeroei lehen eskuko kalitatezko informazioa bermatzeko aukera daukat, ezagutzen dudana hobeto azaltzeko gai naizelako. Autokarabanarekin izan nintzen Amerikako Estatu Batuetan; errepideak ezagutzeko eta batetik besterako distantziak kalkulatzeko baliagarria egin zitzaidan.
Bestalde, promozio-bidaiak ere egin izan ditut Espainian edo Frantzian: tokiak eta hotelak bisitatu genituen, ondoren, gustuko ditugunak, saltzeko. Ondo pasatzen genuen, askotariko bidaia-agentziatako berrogei bat langile batzen ginelako. Aurkezpenetara ere joaten naiz, informazioa biltzeko: Andaluziako turismo-bulegoa, urtero dator bere eskaintzaren berri ematera. Bi hamarkada luze pasatxo daramat lanean bidaiak antolatzen; hortaz, toki batzuk bisitatu ez ditudan arren, oso gertukoak egiten zaizkit, makina bat aldiz prestatu baititut horietarako bidaiak.
Zer dauka agentzia batek antolatutako bidaiak nork bere kabuz prestatutako bidaiak ez duena?
Lasaitasuna, guztia lotuta dagoelako. Eta, aurreikusitako bidaian ezustekoren bat badago, horri irtenbidea topatzeko bermea daukazu, kasu honetan, nire laguntzaren bidez.
Aste Santuari begira, zein joera sumatu duzu?
Espainian, landa-eremua, Lanzarote eta Kanaria Handia.
Zer egin behar du zurekin harremanetan jarri nahi duenak?
Telefonora hots egin (619 741 721), edo mezu bat idatzi virginia.lopez@mavectours.com helbide elektronikora.