Iker Carracedo urnietarrak Le Mans-ko 24 orduetan parte hartuko du

Andoni Urbistondo 2023ko api. 14a, 09:19

Bimtrazer Fly taldea osatu dute, eta larunbatean Le Mans-eko Munduko Txapelketan parte hartuko dute: 24 ordu etenik gabe, hiru gidarirekin. 8 ordu motor gainean ia-ia atsedenik hartu gabe.

Motorrek lotu egiten dute. Zaletasun ikaragarria pizten dute jendearengan. Autoek, futbolak edo beste kirol diziplina batzuk bezala. Iker Carracedo urnietarrak hiru hamarkada daramatza motor gainean hara eta hona. Ibilgailu oro maite du: scooter bat, motokrosekoa, zirkuituetako motor potenteak… Lehiaketetan ibili zalea da, eta erresistentziako Munduko Txapelketetan murgildu da azken urtetan Patxi Larrea manager hernaniarra lagun. Bimtrazer Fly taldea osatu dute, eta larunbatean Le Mans-eko Munduko Txapelketan parte hartuko dute: 24 ordu etenik gabe, hiru gidarirekin. 8 ordu motor gainean ia-ia atsedenik hartu gabe. Euskaldun bakarra da Iker, noski, eta proba hasteko irrikan dago.

Iker Carracedo: “Tentsio handiko 24 ordu dira, eta nekea handia izaten da, baina gustuko tokian aldaparik ez. Niretzat aukera bikaina da, bakarra. Le Mans, gidari bikainak alboan, abiadura, gauez…”. Serio hartu behar izan du erronka, Bymtrazer babesleari esker lehiatu ahal izango dutelako. 25 laguneko taldea mugiaraziko dute, “eta neurria eman behar duen lehena motorraren gainean doana da”. Erorikoen arriskua  benetakoa dela dio, “eta orduan eta sasoi puntu hobea izan, beranduago nekatzen zara, erorketa arriskua murriztuz”. DAZN eta Eurosport telebista kateetan ikusi ahal izango da proba, larunbatez, eta arratseko 15:00tan hasita.

Patxi Larrea da taldeko Team Manager-a, “taldeko koordinazioaren arduraduna. Gauza pilo bat lotu behar dira, eta ni arduratzen naiz”. Larrea box-ean geratuko da, proba jokatzen den bitartean, baina motor zale petoa da: “Noski. Yamaha Kopa korritu genuen aurrena, eta ondoren proba hobeak korritzeko grina pizten zaizu. Iaz sortu zen taldea, Montmeloko 24 orduko probara joan ginenean (Bartzelona, Katalunia). 4. geratu ginen sailkapen nagusian, eta lehenak gure kategorian”. Le Mans egiteko aukera aipatu omen zuen norbaitek. “Munduko Kopako lehiaketa da, erronka handia. Yamaha, Honda, Ducati, Suzuki eta beste marka ofizial guztiek parte hartzen dute, 30 bat talde, oso indartsuak, eta amateur-ak, edota talde pribatuak garenontzat irits ezinak”.

55 talde lehiatzen dira denera. Le Mans-en hiru gidarik osatzen dituzte 24 orduak, eta Montmelon lauk. “Alegia, Le Mans-en ahalegin fisikoa askoz handiagoa da, erresistentziak garrantzia handiagoa du”, esan du Larreak. Oscar San Emeterio, Iker Carracedo eta Joan Zamorano izango dira gidariak, eta Ricardo Saseta gidaria egongo da box-ean gidarien jarraipen zehatza egiten. Zein ote, bada, erronka? “Kale ez egitea. Ez pista barruan, ezta kanpoan ere. Kanpoan diodanean piezak aldatzeko orduan eta beste diot, Montmelon balazta pintzak aldatzerakoan-eta arazoak izan genituelako. Akats horren erruz laugarren bukatu genuen, eta akats hori gabe hirugarren izango ginen”.

Munduko Kopan parte hartzea ez da erraza, baldintza asko bete behar dira: depositua betetzeko sistema berria, izen-emateak, akreditazioak… “Sei ordu pasa egon nintzen kide guztion izen-ematea egiten egun gutxi atzera”, dio Larreak. “Lagundu egiten dut, kanpotik, baina taldeko kide guztiak bezala. Talde bat gara, 25 lagun denera: gidariari arbela erakusten dioten lagunak, pneumatikoekin bi lagun, mekanikariak beste bost, erregai depositua betetzeko beste hiru lagun, catering-az arduratzen direnak…”. Txantxetan dio Larreak alor horretan beti podiuma egiten dutela, “onenetakoak gara. Gure menuan ziurrak dira txuletak eta ganba handiak. Talde askotako jendea hurbiltzen da guregana janaria dastatzera, proba amaitzen dugunean”. Babesle bat dute, Bimtracer Fly, baina gero kide gehienek diru puska bat jarri behar izaten dute halako ekimenetan parte hartzeko.

Gidariek lau hilabete luze daramatzate prestatzen, elikadura zaintzen, fisikoki indartsu egotea funtsezkoa delako. Eta gidariak bezala, taldeko kide guztien lana, bere alorrean, funtsezkoa omen. Larrea: “Pieza batek kale egiten badu talde osoari eragiten dio”. Astelehenean iritsi ziren Le Mans-era, eta asteartean eta gaur itzuliak eman eta eman aritu dira. Atzokoan ikuskaritzak egin zizkieten. Datu deigarri bat, probaren neurriaz jabetzeko: atzeko 40 gurpil erabiltzen dituzte, eta aurrekoak 25, denera.

Eta zer behar da Le Mans-en korritzeko, ze baldintza bete? Carracedo: “FIM Nazioarteko Motor Federazioko nazioarteko lizentzia behar duzu, hasteko”. Larrea: “Taldearen garaipen zerrenda funtsezkoa da parte hartzeko aukerak izateko. Montmelon sailkapen nagusian lortu genuen laugarren postua, eta Open Super Bikes kategoriako txapeldunak izateak ateak ireki zizkigun. Le Mans antolatzen dutenek badakite, emaitza horien baitan, amateur-ak izanda ere gai garela proba txukun osatzeko”. Carracedo: “Denbora muga bat daukazu. Le Mans-eko itzuli onena 1.36an egiten bada, 96 segundo, guk gehienez onenak baino %10 gehiago egin dezakegu. Alegia, 9.6 segundo edo. 1.46tik jaitsi behar dugu itzuli guztietan. Aise gainditzen dugu langa hori, onenak baino 4-5 segundo okerrago ibiltzen gara”.

Diferentzia gidaritzan dago, “munduko onenen artean ibilitakoen aurka aritzen baikara: Randy de Puniet, David Checa eta Xavi Fores Super Bike kategoriako gidariak, Isaac ViÒales, Niccolo Canepa, Karel Hanika, Mike Di Meglio… Horiekin korritzea, noski, sentsazio berezia da: “Kabitu ezinik zaude. Gidari ikusgarriak dira, asko goren mailan ibili izan direnak, eta zu haiekin batera korritzen ari zara. eta motorretan ere. Talde ofizialak dira, material onena dute: bihurguneetan azkarrago sartzen dira, azkarrago irten, abiadura punta ere handiagoa dute”. Larreak egin du konparazio egokia: Futboleko Kopako partida bat konparatzea bezala litzateke. Talde ofizialak Lehen Mailan daude, gu 2. mailan, edo 2. B mailan”.

Motor ikusgarria

Daramaten motorrak 1000 c.c du, 200 zaldiko indarra, eta 280 kilometro orduko abiadura harrapatzen du helmugako zuzengunean.  55-56 minutuko txandak egiten dituzte gidariek, depositu bat erregai jaten duten tartea. Gero bigarren gidariak hartzen du motorra, eta ondoren hirugarrenak. “Bi ordu eskaseko atseden horretan tentsioa hartzen dizute, dutxa bat hartu, zerbait jan, fisioarekin egon eta gero atsedena hartu”, azaltzen du Carracedok. “Zure txanda hasi baino 20 minutu lehenago prest egon behar duzu, zernahi gerta. Txanda eta txanda arteko denbora hori azkar joaten da. Montmelon txandak hiru orduro ziren, badaukazu denbora atsedena hartzeko, Le Mans-en ez”.

Topera joaten omen dira beti, ordubetez, eta zortzi txandatan. Nekea areagotuz joaten da, “eta fisikoki oso indartsu egon behar zara. Erresistentzia landu dut, batez ere, prestakuntzan, azken urte erdian”. Nola ote da gauez 280 kilometro orduko abiaduran joatearen sentsazioa? Carracedo, natural: “Niri ikaragarri gustatzen zait gauez gidatzea. Gurpilek grip gehiago dute, itsaste handiagoa zoruan, eta motorrak gehiago korritzen du. Gozamen hutsa da. Argiztatuta dago zirkuitua, inor ez inguruan, sentsazio ederra da benetan. Profesionalen pare etzaten gara ia-ia, abiadura txikixeagoan”. Irteera izaten da une berezienetakoa: “Tentsioa latza izaten da irteeran, nahiz eta jakin ondoren ia 24 ordu dituzula gozatzeko. 700 itzuli pasa egin genituen Montmelon, Le Mans-en 1.40 itzuli bakoitza, egin kontu zenbat itzuli emango ditugun denera”.

Beldurrik izaten al du Ikerrek, abiadura ikaragarri horretan? “Ez, ez duzu pentsatzen, eta ez zara jabetzen. Sekulako abiaduran zoaz, baina motor gainean ez zara konturatzen”. Larrea: “Zirkuituak egun oso ondo prestatu eta babestuak daude, istripuak gertatzen direnerako. Kaskoa ere onena da, segurtasun handikoa. Montmelon orduko 290 harrapatzen da, Le Mans-en 280, baina abiadura punta hori baino ikusgarriagoa da belaunarekin zorua ukitzen joatea 180 edo 200 kilometro orduko abiaduran. Hori krixtona da”. Ikerrek, euren jarduna azaltzeko saiakeran, azalpena eman du: “Batzuk 8.000 metroko mendietara joaten dira, edo parapentea egin, gu motorrean ibiltzen gara. Motorzale petoak gara, eta motor diziplina askotan ibiltzen gara. Motorrak kenduko balizkigute, gure bizitza ez litzateke hain polita izango. Gure egunerokoaren ezinbesteko osagaia dira”.

Hogeitalau orduz, adi

Box-ean ere 24 ordu eman behar dira adi. Larrea: “Geuk ere apenas hartzen dugu atsedenik. Halako koltxoneta batzuk ditugu, atsedena hartzeko, baina tentsioak ez dizu uzten lasaitzen. Alkoholik gabeko festa polita da. Minutu guztietan gertatzen dena bizitzen duzu”. Giroa ona izaten omen da talde indartsuenetako gidari eta lan taldearekin. “Errespetatzen ditugu, eta errespetatzen gaituzte”.

Kirol erronkarik ba ote dute, larunbaterako? “Ni neu bukatzearekin konforme nintzateke”, dio Larreak. “Arazo mekanikoak oso ohikoak izaten dira, motorra muturrera eramaten delako. eta Top 30aren barruan sartzen bagara, bikain. Guk dena ondo joatea nahi dugu, arazorik ez egotea eta proba osatzea”. Eta bukaera. Bukaera ezagutzeko grina sumatzen zaio Carracedori: “Ederra izaten omen da, emozioz beteriko unea. Frantziako ereserkia jotzen dutenean… GP-ko gidari baten pare sentitzen zara. Amets bat da guretzat”. Bete dadila!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!