Bertako entrenatzaile dira Alberto Garcia Lete urnietarra eta Unai Perez Iturrioz ordiziarra.
Joan den neguan ireki zituen ateak Kia Kahak Urnietan. Jada, erritmoa hartuta?
Alberto Garcia Lete: Oso pozik gaude. Box-aren barruan, talde polita osatzen ari gara, finean, hori ere badelako crossfit-a: ez da, soilik, entrenatzera etortzea, mugimenduak ezagutzea zein prestakuntza fisikoa egitea, izan ere, nork bere erronkei aurre egitea ere badu helburu entrenamenduak. Bada, horretan, pozgarria da jendeak aurrerapausoak ematen dituela ikustea.
Unai Perez Iturrioz: Gaur egun, 87 kide ditugu gurean. Entrenatzean, jendearekin ere egoten zara, taldean egiten delako kirola, alegia, asko laguntzen dizu zure desafioak gauzatzen, entrenamenduak iraun bitartean, gelakideekin daukazun harremanak. Azken hori ez duzu topatzen, normalean, gimnasio konbentzional batean. Gurean, familia bat osatu dugu, hasieran, elkarren berririk ia ez zuen jendearen artean. Banaka edo binaka etortzen ziren, eta, orain, pixkanaka, crossfit-eko gimnasioetan topa dezakezun komunitatea osatzen ari gara.
A.G.L.: Urnietako proiektua Kia Kaha Uribe kostaren jarraipena da, lehen Kia Kaha gunea Berangon ireki baitzen. Horrela, gertutik ezagutzen dugu egitasmoaren testuingurua, hainbatetan izan baikara bertan entrenatzen.
Zuek ere orain ondo aipatu bezala, komunitateaz hitz egiten da crossfitean.
U.P.I. : Jende askoren sozializatzeko aitzakia da kirola egitea. Hori horrela, nire ustez, sasoian egoteko nahiz jendea ezagutzeko aukera ona da crossfita.
A.G.L.: Gimnasio konbentzional batean, diziplinatik eta konpromisotik asko behar da, konstantzia lortu ahal izateko, finean, borondate handiagoa behar delako. Batzuetan, daukagun bizi-ereduarekin, zaila izaten da tartea hartzea, nahiz eta, azken boladan, hobera egin duen inertziak. Aldiz, hemen, ordaintzen duzunaren araberako klase-kopurua daukazu hilabetean, eta, nahieran antolatzeko aukera daukazu. Asteroko iraunkortasunari garrantzia ematen diogu guk, bakoitzak ahal duen neurrian. Ikasteko gogoa dauka jendeak eta gero eta gehiago jartzen da balioan entrenatzaileen irudia.
Zein motatako jendea datorkizue? Hasiberria ala, jada, ibilbidea osatua duena?
A.G.L.: Denetik dago, baina ehuneko handienak ez du sekula lehenago crossfit-a probatu.
U.P.I. : Kirolean murgiltzeko aukera ezinhobea da. Aspaldian, kirol askorik egin ez duen jendea etorri zaigu, gehienbat. Lehenik, garrantzitsua da crossfit-eko mugimenduak ezagutzea, beharrezkoa delako alderdi teknikoa menperatzea.
A.G.L.: Piramidearen irudia erabili ohi dut nik entrenamenduak azaltzeko. Beheko mailan, oinarria egongo litzateke. Erdian, alderdi fisikoari, indarrari, kalitateari erreparatzen zaio eta, azkenik, abilezia kokatzen da gailurrean: crossfiteko mugimendu espezifikoak, teknika lan handia... Gurean, maila guztiak lantzen ditugu.
U.P.I. : Halterofilia (indarra, bere horretan), ariketa kardiobaskularrak eta gimnastikoak. Hiru oinarri horien barruan, sar genezake klaseetan egiten dugun guztia. Ziurrenik, ez duzu sekula entrenamendu bat bera ere errepikatuko, hiru alderdi horiek lantzeko ariketak uztartzen eta aldatzen joaten baikara, astero-astero.
Hori guztia gauzatzeko espazio ederra daukazue Erratzu industriagunean. Zein azpiegitura dituzue?
A.G.L.: Alde batean, klaseak egiteko gunea daukagu, eta, beste aldean, ostera, "open box" zerbitzua. Zertarako darabil jendeak azken hori? Ordu-tarte bat erreserbatu eta nahieran entrenatzeko.
U.P.I. : Jende gehiago batu ahala, azpiegitura osatzen joango gara. Horrela, bi klase aldi berean emateko aukera izango dugu. Lehena klase normala izango da, eta bigarrena zehaztasun handiagokoa.
Ildo beretik, ordutegi zabala daukazue guztien beharrak ahalik eta ondoen asetzeko.
A.G.L.: Gaur gaurkoz, goizez, bizpahiru klase izan ohi ditugu, eskariaren arabera. Arratsaldeei erreparatuz gero, hiru klase, 17:30-20:30 bitartean. Astearte eta ostegunetan oso goiz hasten gara, jendearen mesederako.
Taldean egiten dituzue entrenamenduak, baina bakoitzak dituen gaitasunei garrantzia emanda.
A.G.L: Hori da, bakoitzaren aukerei eta gaitasunei erreparatzen diegu, eta horien araberako ariketak proposatzen dizkiegu. Etengabean, entrenamenduek aurrera egin ahala, jendeak nola egiten duen lan ikusten dugu, neurrira, aurrera eta atzerako inertzian.
U.P.I. : Pertsona bakoitzari egokitutako hamaika aukera dago gorputza lantzeko. Finean, estimulua bilatzea da xedea, mugimendu baten edo beste baten bitartez.
Zer sentitzen duzue jendeak aurrerapausoak ematen dituela ikustean?
U.P.I.: Poza ematen dit jendearen motibazioak gorantz egin duela ikustean. Orain hamar minutu lehenago etortzen da jendea, aurreko orduan entrenatzen ari direnei animatzera. Disfrutatu egiten dut, ez baitut sekula lehenago ikusi horrelakorik.
A.G.L.: Era berean, jendeak asko ikasi du entrenamenduen bidez, batez ere, konstantziaz bertaratu diren horien kasuan.
U.P.I.: Ez da, soilik, zure gorputza ezagutzea, zure gorputza mugimenduan ezagutzea baizik. "Ezin dut" dio jendeak, baino gero lortu egiten dute. Hortaz, pixkanaka, ikasi egiten da zer eta nola egin helburua lortzeko.
A.G.L.: Hasiera-hasieran, pertsona bat, gorputzeko mugimenduei dagokionez, ezjakina eta ezgaia da. Bada, entrenamenduaren bidez, aldatu egiten da hori.
Horrenbestez, zer eta nola egin behar du Kia Kahan hasi nahi duen batek?
U.P.I: Instagramak pisu handia dauka, eta bide ona da gurekin harremanetan jartzeko. Bestela, gure box-era gerturatzea da aproposena, zer egiten dugun ikusteko, baita probatzeko ere, lehen klasea dohainik baita. Web orrialdea ere badaukagu eta bertan dago informazio guztia, baita 943 088 071 edo 747 417 133 telefono-zenbakietara hots eginez gero ere.