Poxta Zahar 20 urte

Poxta Zahar, bi hamarkada akuilu lanetan

Alba Cabrera Jauregi 2023ko api. 21a, 10:52

Artxiboko irudia.

Larunbat honetan, hogei urte beteko ditu Poxta Zaharrek. Aitor Valverde, Izaskun Labat eta Maddi Ibañez: hiru belaunaldiren bizipenak jaso ditu Aiurrik, ibilbideari errepasoa egiteko.

Bi hamarkada bete ditu aurten Urnieta Poxta Zahar gazte kuadrillen elkarteak. 2003. urtera egin behar da atzera salto, irakurle, ezjakintasunez bezain ilusioz, beren herriaren alde, ekintzak antolatzeko gogoz zegoen gazte-taldearekin topo egiteko. Bestelako irakurketa egiten lagundu die urnietar askori borondate lanetik eta herrigintzatik sortutako elkarteak, eta Urnietako kale-kantoi guztietaraino iritsi da bere jarduna, egun, erreferentziazko talde-eragile bihurtzeraino. 

Paperezko orrialde hauen lau ertzetan hogei urte laburbiltzea zaila izanagatik, elkartearen hiru belaunaldi uztartu ditu Aiurrik, hiru begirada nahiz lekukotza. Oroitzapen-ariketa eginez, nor bere doinu eta neurrian, bizipen-bilduma ondu dute Aitor Valverde Jauregi (1985), Izaskun Labat Marco (1991) eta Maddi Ibañez Etxeberria (2000) urnietarrek. Honatx, jarraian, bi hamarkadaren errepasoa, hitzez eta irudiz. 

Lehen pausuak

Mende berriaren hasieran jaio zen elkartea. Garai hartan, 17 urteren bueltan zebiltzan Aitor Valverde Jauregi eta haren lagunak. Politikoki, “garai konplexua” gogoratzen du urnietarrak sasoi hura, “hainbat gatazka zirelako tartean”. Bien bitartean, Urnietan, “ez zegoen ezer”, eta bertako gazteek beren aisialdia inguruko herrietan asetzeko joera zeukaten. Hutsunea sumatzen zuten horretan Valverdek eta ingurukoek. Horrela, zerbait egin behar zutela ikusi zuten: “Betidanik pentsatu izan dut Urnieta herri berezia dela. Hortaz, gauzak ere beste modu batean egin behar genituela iruditzen zitzaigun, nire ustez, inguruko herrietan zeuden dinamikek gurean ez zutelako hain ondo funtzionatzen”. Hala, oinarrizko balio batzuei eutsita, jakina, izaera propioa eman nahi izan zioten hastear ziren bideari: “Horixe izan zen arrakastaren gakoa. Masa handi bat herriaren alde mugitzen hastea lortu genuen. Denborarekin, urnietar gazte asko murgildu zen”. 

2003ko udan, Lekaion bilera bat egiteko deialdia zabaldu zuten, pertsonala bezain kolektiboa zen ezinegon bati erantzun nahian. Nola? Ahoz aho, atez ate herriko gazte-lokal guztietara gerturatuz... "Kultur etxeko bilera-gela jendez bete zen!", du gogoan Valverdek, hunkituta. Hori horrela, ondo baino hobeto oroitzen du jakin-minez betetako urnietar gazteen arteko lehen bilgune hura: "Urnietak zerbait behar zuen eta, hitzordu horretan, argi ikusi zen horri erantzuna emateko prest zegoela jendea". Gauzak horrela, pixkanaka, bidea osatzen nahiz talde-izaera egonkortzen joan zen, ondoren, elkarte bihurtu zena. Taldeari ezinbesteko osagaia falta zitzaion, ordea: izena. "Lekaion bildu ginen, Urnietako Udalarekin, bilera egiteko", azaldu du Valverdek, "bada, une horretan bertan, Poxta baserria eraisten ari zirela ikusi genuen bulegoko leihotik, eta hortik dator Poxta Zahar".

Erreferentzialtasuna

Inprobisazioa zuten oinarri, herrigintzaren ikuspegitik, Urnietako testuinguruan, ez zegoelako, kasik, eskarmenturik. Beraz, "itsu-itsuan" ekin zioten gauzak antolatzeari herrian. "Jaiak bai, Urnietan ere bai". Horixe izan zen pankartetan zintzilikatutako lehen leloa, herriko aisialdiari, festa-giroari bestelako irakurketa bat emateko beharra identifikatu zutelako. Hari horri tiraka, egiari zor, lehen txosnaren muntaketa nahiko anekdotikoa dela aitortu du Valverdek: "Gure lehen txosna Ibarrako garaje batetik atera genuen. Zaharkitutako lau txapak, herriz herri, gutako baten aitaren kamioi zaharrean ekarri genituen". Asketako txosnaren ondoan jarri zuen Poxta Zaharrek, estreinakoz, berea: "Guggenheim deitzen genion! Oso arriskutsua zen, baina, nolabait, muntatzen asmatu genuen". Ezusteko desatseginik gertatu ez zen arren, urnietarrak umorez dio, badaezpada, hurrengo urtean, azpiegitura beste garaje batetik hartzea erabaki zutela.

Guztia ez zen dantza eta parranda, ostera. Jai-girotik harago jotzeko borondatea ere bazegoen gazteen artean, eta, ostiralero-ostiralero, herriko bolatokiko estalpean kozinatzen zituzten buruan zebilzkiten ideia (zoroak, batzuk) guztiak. Eski-irteerak, bertso-saioak, hitzaldiak… Iluntze horietako batean sortu zen, besteak beste, irratsaioa egiteko proposamena. Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako estudioan biltzen ziren Valverderen esanetan: “Zerbait prestatzen ahalegintzen ginen, eta, bestela, gustuko musika ipintzen genuen”.   

Denboraren joanarekin, pixkanaka, Poxta Zaharreko ekimenak forma hartzen eta ohitura bihurtzen hasi ziren, erreferente bihurtu baitzen Urnietan, Valverderen iritziz. Haur, gazte eta heldu, Poxta Zaharreko kamisetak jantzita ateratzen ziren kalera: “Urnietan, saltsa nabari zen, eta horixe izan zen gure garaipenik onena, herria piztea”.

Kimu berriak

Hogei urteko bidean, izan da lekuko aldaketarik, eta, horrela jarraitu du mugimenduak aurrera, jada, bertako kide diren esperientzia jende berriaren freskotasunarekin uztartuta. Lehenengo belaunaldiari jarraipena eman zion Izaskun Labat Marcok beste batzuekin batera, eta, gaur egun, oraindik, taldean dirau Maddi Ibañez Etxeberriak. Garai ezberdinetan izan arren, biak ala biak aitortu dute modu progresiboan sartu zirela taldean, alegia, bileretara joan ahala, dinamikak eta eginbeharrak ezagutzen joan ziren, baita erantzukizuna hartzen ere.

Hasieran, eskarmentua zutenek zeramaten batuta, eta, Labaten bizipenez, “izugarri” lagundu zieten ardura-transmisioan, ahalegin handia egin baitzuten beteranoek, lekukoa modu ez bortitz batean emateko: “Lan-taldeetan ginen banatuta eta guztietan zegoen, gutxienez, beterano bat, gainerakooi erakusten. Denboraren joanarekin, oso modu naturalean utzi zuten, eta orduan hartu genuen guk benetan lekukoa, baina, jada eskarmentu pixka batekin”. Ildo beretik, zortzi bat lagunekin batera sartu zen IbaÒez Poxta Zaharren: "Oso motibaturik geunden, mugimenduaren parte izan nahi baikenuen". Herrian gauzak antolatzeko ilusioarekin, hortaz, bileretara joaten hasi ziren. "Jende mordoxka" zegoela dio elkarteko kideak. “Ideia, motibazio eta helburu oso antzekoak zituen kideekin biltzeko aukera” bermatu dio espazioak, berezkoa ez zitzaion harreman-sare berrietara irekitzeko aukera edukitzeaz gain. Ideia horrekin erabat ados da Labat, izan ere, beren aisialdia herrian asetzeko gogoak eta premiak erantzuten dituen espazioa izan da beti Poxta Zahar. Modu batera edo bestera esanda, “ateak ireki” zizkion Labaten adinaren bueltako belaunaldiari, herrian sarea osatzeko: “Horren parte sentitzeak herrian sustraitzen lagundu zigun. Unibertsitate garaian, kanpoan ikasten nuen eta oso polita zen ostiraletan etxera itzuli eta guztiak elkartzea”.

Jai Batzordearen aurreko garaiak

Hainbatetan aldatu du formaz eta itxuraz taldeak, unean-unean, tokian tokian suertatutako egoerei erantzuteko. “Taldean bertan daudenek osatzen dute Poxta Zahar”, dio Labatek, mugimendua momentuko behar eta baliabideetara egokitzen dela azaltzeko. Ideia horri tiraka, hamasei bat urterekin sartu ziren IbaÒez eta lagunak taldean, eta, denboraren joanarekin, kide-kopuruari erreparatuta, oso aldakorra izan dela dio: "Lehen, adibidez, ez ginen kabitzen Informazio-puntuan egindako bileretan. Orain, bestelakoa da egoera". Labatek azaldu lez, ezinegonak eta aldarriak ere, joan-etorrian izan dira, mugimenduak zeukan indarraren arabera: “Bai gure aurrekoek, bai guk ezinbestekotzat genuen Gaztetxea, eta, gure lan-ildoan, lehentasuna zuen gaiak, espazio bat, gure artean bildu ahal izateko”.

Bolatokian hasi zituzten bilerak, Informazio-puntuan gero, Udalarekin harremana formalizatzearen ondorio. Sorrerako urtera atzera-salto eginez gero, Valverdek adierazi du herrian ez zegoela parte-hartze kultura handirik, ez eta Udalean bertan ere: “Pentsa, atzera begirako urteetan, ez zegoen jai-batzorderik ere. Udalarekin harreman nahiko ona izan genuela uste dut, nola edo hala, guk ere asmatu genuelako beraiekin nola harremandu”. Horrela, Labatek uste du, “beste eragile batzuk martxan jartzeko amua” ipini zuela Poxta Zaharrek. Gaur egun, abaniko zabal bati begirako taldeak daude herrian, eta jai-batzordeen bidez izaten dute eragileek Urnietako hitzordu askoren berri. Egun, gainerakoekin harremana ona dutelakoan da IbaÒez, eta Udalagatik galdetuta, batzuetan, adostasun batera iristea “kosta” egiten dela uste du, "egon behar ez luketen" oztopoekin egin baitute topo tarteka.

Gazi-gozotasunak

Guztien gozamenerako ekimenak sortzeak, tarteka, buruhausteak ere ekartzen ditu. baita aurretiazko antolaketa-lanak ere. Horregatik, IbaÒezek azaldu bezala, “espazio irekia da Poxta Zahar, nahi duenak gustuko gauzak partekatu ditzan, egindako ekintzen harira iritzia eman dezan baita ideia berriak proposatzeko ere, jakinda, noski, ezin direla guztien gustukoak diren hitzorduak antolatu, eta dena ez dela kanpotik dirudien bezain erraza”. Jendeari begirako plaza irekia izateko borondatea du Poxta Zaharrek, eta, Valderdek dionagatik, oinarri hori bera ere bazegoen hastapenean: “Zerbait antolatu orduko, segituan zabaltzen genuen deialdia, beti izan baititugu ateak zabalik”. Irekitasun horrek, makina bat iritzi eta ideia elkar gurutzatzen diren espazio bihurtu du elkartea bi hamarkadaz, eta hori indargunetzat du Labatek: “Ikuspuntu ezberdineko jendearen artean adostasunera ailegatzeko gaitasuna trebatzeko aukera izan nuen. Talde-lana zen oinarria, eta komunean genituen balioetan zentratzen ginen”. Ariketa horretan, adin ezberdineko jendea elkartzeari ere garrantzia ematen dio IbaÒezek, “nahasketa onuragarria da, helduek gazteen eskutik ikas dezaten eta alderantziz”. 

Guztia ez da gozo eta samurra, ordea, eta, tarteka, bidean, zenbait bihurguneri aurre egin behar izan die elkarteak, baita gaur egun ere, kanpoko zein barneko faktoreek baldintzatuta, IbaÒezen esanetan: "Ahal den neurrian”, guztiei begirako hitzorduak prestatzen ditu Poxta Zaharrek, “baina, jendeari ez diogu erantzun aktibo bat sumatzen, edo ez dugu herri mugimendua sustatzeko horrenbesteko motibaziorik ikusten". Eta, hain justu ere, gogoan eta ilusioan ikusten du elkartekideak gakoa: “Ez baldin badaukazu sinetsita elkarteari eta herriari egin diezaiokezun onura, motibazioak ez du luzaroan iraungo”. Taldekidearen esanetan, horixe du Poxta Zaharrek etorkizuneko erronka nagusi: "Herri mugimendua nahiz herri sentimendua sustatzea eta herritarrei erakustea beraiek ere horren parte izan daitezkeela". Aukera ederra, beraz, apirilaren 22an izango den urteurrena berriro ere indarrak batu eta mugimenduari bultzada emateko.

Egin Poxta Zaharrekin topa!

Urnietar askorentzat zein baino zein bereziagoa izango da datorren larunbata, Poxta Zaharrek hogei urte betetzen dituelako. Hala, azken asteetan, bilera irekien bidez, eguna antolatzeko gogoa duten zenbait herritar bildu dira, “gazteak eta baita ez horren gazteak ere”. Tartean da Valverde; ilusio handiarekin dabil azken boladan, “inflexio-puntu garrantzitsua” izan baitzen, bere garaian, Poxta Zahar bere belaunaldiarentzat. Harekin bat dator IbaÒez ere, urteurrena antolatzeko ostiraleko bilerek beste adin-tarte batzuengana gerturatzeko aukera eman baitio. Herri-kirolak, poteoa, herri-bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak… Aspertzeko tarterik ez da izango larunbatean Urnietan, eta aukera ederra izango dute herritarrek horrenbeste eskutatik igaro den proiektuari merezi duen omenaldia egiteko. 

Hiru urte besterik zituen Ibañezek Poxta Zahar sortu zenean. Hogeita hiru betetzear da orain. "Denboran horrenbeste iraun izanak zer pentsatua ematen du. Motibazioa pizten digu, Urnietari asko eman diolako Poxta Zaharrek". Ikusle huts izatetik herrian parte-hartzaile aktibo izateko aukera bermatu zion elkarteak Labati: “Batzuetan, iruditzen zait jendea ez dela hortaz jabetzen. Askok uste duena baino garrantzitsuagoa izan da Poxta Zahar. Ez dadila falta inoiz bere esentzia. Nork beretik emanda sendotzen da taldea. Gerturatzen denak ez dauka ezer galtzeko!”. Iraganera begira ipintzeko aukera emateaz gain, etorkizunari erreparatzeko aukera eman dio IbaÒezi hogeigarren urteurrenak: “Guztiek daukagu zerbait emateko, animatu dadila jendea gurera, lotsak galtzera eta ideia freskoak ematera!”. Era berean, orain bi hamarkada zeukan ilusio berberarekin ikusten zaio Valverderi, eta nabari da beregan bide berriei ekiteko gogoa: “Urteurrenak lagun diezaiola mugimenduari bultzada ematen, eta biltzen jarrai dezagun gazteek eta baita ez hain gazteek ere!”.

Adarra magalean, berriro ere zarata entzuten da…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!