Txikiei dagokionez, eskola kirolarekin ibili ziren Gipuzkoako txapelketaren bigarren jardunaldian, Eibarren, hiru modalitatetan lehiatzen: pisua, 3000 M eta altuera jauziko finalean. Zumeatarrak dioenez, bada nahikoa merito txapelketa horretan egotea, gutxieneko markak behar direlako, eta ez omen dira oso samurrak: "Gure hiru kirolariek etxera buelta pozik egin zuten, emaitza bikainak lortuta eta giro onaz disfrutatuz. Beraientzat, esperientzia berria eta polita". Horrez gain, kirol taldeko umeak Irurako krosean izan ziren, eta garaipena eskuratu zuten.
Bide beretik, Aimar Sukunza taldekidea, igandean, Irungo “Millas de Irun 5K” lasterketan aritu zen. Zirkuitu azkarra eta laua zen, eta 5km-ak osatzeko hiru bira eman behar zituzten lasterkariek. Euria egin zuenez, 180 graduko bihurguneetan kontu handia eduki beharra zegoen. Dena den, Sukunzak bere buruari jarritako helburua erdietsi zuen, 16 minututik jaistea lortu baitzuen (15'59"0).
Triatloia
Peñiscolako Infinitri Half, Guadalajarako triatloia eta Zizurkilgo Duatloia. Horiexek izan dira Zumeatarra KT-ren erronkak aurreko asteburuan.
Hasteko, Iñigo Duarte Peñiscolako Infinitri Half frogan aritu zen. Urteko lehenengo triatloia izan dela kontuan hartuta, pozik bueltatu zen etxera eskuratutako emaitzekin. Ondo baino hobeto joan zen proba, maiatza eta ekaina bitartean egongo diren frogei begira.
Bestalde, Aitor Sarasolak Guadalajarako Triatloian parte hartu zuen. Ordubetez uraren ertzean irteera emateko zain egon eta gero, "igeriketa erosoa" izan zuela dio kirolariak, "bizikleta polita eta korrika gora beheratsua".
Halaber, taldeko zortzi kirolari aritu ziren Zizurkilgo Duatloian: Mikel Aranalde, Iker Alkain, Javier Duque, Andoni Illarramendi, Koldo Velasco, Ibai Izagirre, Maider Lizarraga eta Maria Rengel. Orokorrean, kirolariak pozik daude lortutako emaitzekin, bakoitzak bere helburu pertsonala baitu ezarrita. Koldo Velasco izan zen taldeko lehena helmugaratzen, 36. postuan. Andoni Illarramendik garaipena lortu zuen V2 kategorian.