"Sex Sua" musikala taularatuko du Saroben Andoni Mutiloa sortzaileak

Aiurri 2023ko mai. 11a, 08:00

Joan den urteko udan, "Esnatu naiz" kabaretarekin izan ostean, Sarobeko oholtzara igoko da berriro ere Andoni Mutiloa sortzailea hilaren 19an, oraingo honetan, berriki ondu duen obra taularatzera: "Sex sua". Musikal formatuan, jende askoren egunerokoa zeharkatzen duten gaiei buruz jardungo da jendaurrean, ikus-entzuleei zer pentsatua ematea baitu xede obrak.

Ligatzeko aplikazioak, komunikazio-kode berriak eta horiek pertsonen arteko hartu-emanetan izandako eraginak ditu abiapuntu obrak. Bestalde, auto-irudia, jendarteko edertasun kanonak eta besteentzat desiragarri izateko beharra ere hizpide ditu emanaldiak, genero eta sexu-joera ezberdinen aldeko mezua zabaltzeaz gain. 

Antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu "Sex Sua" obrak. Hiruki genero zehatzik gabeko pertsonaiaren azalean kokatuko da Mutiloa, "berarekin batera ilusio faltsuen bidean barneratuko gara, umorez eta dramaz betetako bidaia egiteko". Bukaeran, Imanolekin egingo du topo publikoak eta emandaldi guztian mahaigaineratutako aferen gaineko hausnarketa egiteko parada izango du ikus-entzuleak. 

Maiatzaren 19an, ostiralarekin, emanaldi bikoitza egingo du Mutiloak Sarobe arte eszenikoen gunean. Alde batetik —estreinakoz, gainera—, ikasleen aurrean antzetuko du obra, hain justu ere, DHB nahiz Oinarrizko Lanbide Heziketakoentzat ariko da oholtzan. Beste alde batetik, herritar guztiei zuzendutako emanaldia egingo du iluntzeko 19:00etan. Sarrerak doan dira eta gonbidapenak internetez erreserbatu daitezke, HEMEN klik eginda.

Ligatzeko gogoz, baina aplikazioekin ez zara ondo moldatzen? Bertako komunikazio kodeak ulertzeko zailtasunak dituzu? Zure antsietate mailak gora egin du? Ez kezkatu, zuk behar duzuna asmatu dut eta: ligatzeko aplikazioetan ez galtzeko gida, Atik Zra.

Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteen Harrotasunaren Antzerkia programaren baitan antolatu dira bi ikuskizunak, Urnietako Berdintasun sailarekin batera. 

Fitxa artistikoa

  • Ikuskizun mota: Musikala
  • Gidoia eta Zuzendaritza: Andoni Mutiloa
  • Artista: Andoni Mutiloa
  • Aholkularitza eta knapo begirada: Amancay Gaztañaga
  • Musika: Andoni Mutiloa eta Eñaut Gaztañaga
  • Argazkiak: Daniel Riera (kartela) eta Eider Iturriaga (ikuskizuna)
  • Iraupena: 50 minutu
  • Formatua: Txiki-ertaina. Aretoko ikuskizuna
  • Hizkuntza: Euskara
  • Publikoa: Nerabeak eta helduak
  • Ekoizpena: Elur Etxea
  • Babesleak: Gehitu eta Mugen Gainetik, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia Kultura eta Dantzagunea.

 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!