“Emozio eta sentsazio atseginak euskaraz bizitzeko tokia da Zilegi Astea”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mai. 11a, 11:25
Bakarne Urreaga eta Garazi Redondo Zilegi Eskolako kideak.

Zilegi Astea izango da Urnietan maiatzaren 15etik 19ra bitarte. Euskararen erabilera esparru ez formaletara eramateko asmoz, makina bat hitzaldi izango dira.

Ondo baino hobeto bukatu nahi du Urnietako AEK euskaltegiak 2022-2023 ikasturtea. Horretarako, Zilegi Astea antolatu du maiatzaren 15a eta 19a bitartean. Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak… Askotariko gaiak izango dira hizpide, guztiak euskara abiapuntu. Zilegi Eskolako kide da Bakarne Urreaga.

Uda ate-joka daukagu eta zuek modu berezi batean borobildu nahi izan duzue ikasturtea, Zilegi Astearekin.

Hernanialdeko AEKn antolatu dugu, hau da, Urnietan, Hernanin nahiz Astigarragan. Zilegi Eskola proiektuari ikusgarritasuna eman nahi diogu. Orain bi hamarkada pasa sortu zen Hernanialdean, baina, Urnietan, hasi berri samarrak gara. Horrez gain, euskaraz aritzeko  espazioak sortu nahi ditugu herrian eta interesen araberako gaiak landu nahi ditugu proiektuaren bidez. Herritar guztiei zuzendutako eskaintza da, euskaldun osoentzat, baita euskalduntze-prozesuan murgilduta daudenentzat ere. Oso onuragarria da horiek guztiak gune berean elkartzea.

Esparru ez formaletan euskararen erabilera sustatzeko xedez sortu zen orain hiru ikasturte Urnietan Zilegi Eskola. Martxa polita hartu al du?

Horretan ari gara. Lehenengo urtean, saio bat edo beste egin genuen, proba moduan. Joan den ikasturtean, berriz, hitzordu bat antolatzen genuen hileko. Aurten, azken dinamika horri eutsi diogu eta Zilegi Astea batu diogu orain artekoari. Udalarekin lankidetzan egiten dugun egitasmoa da. Horrela, diru-laguntzak areagotu ahala, eskaintza zabaltzeko aukerak ere biderkatu egin zaizkigu. Oso eskertuta gaude.

Herriko kultur eta aisialdiaren eskaintza aberastea du xede Zilegi Eskolak, baita, eremu ez formaletan euskararen erabilerak gorantz egitea ere. Gainera, gai bereziak eskaintzen ditu proiektuak (ametsen interpretazioa, etxearen ordainketarako gakoak…) eta doan. Zenbait hitzordu oso praktikoak dira, eta beste hainbatek hausnarketa maila konplexuagoa eskatzen dute. Dena dela, ez da aurretiazko jakintzarik behar, eta euskara maila guztiei begirako eskaintza da. Besteak beste, euskalduntze-prozesuan murgilduta dagoen gai-emaile bat izango dugu gurean Zilegi Astean. Finean, erabilera da hizkuntzaren muina, eta horretan jarri nahi dugu arreta.

Zilegi Asteari erreparatuz gero, goiz, eguerdi nahiz iluntzeetara zabaldu duzue zuen hitzaldi-sorta.

Hori da, eta herriko askotariko espaziotan, gainera: AEKn bertan, Saroben, Santa Krutz elkartean, Lekaion, kiroldegian… Herriko hainbat lekutara iritsi nahi dugu.

Herriari edo AEKri lotutako jendea izango da, gehienbat, gai-emaile hitzorduetan.

Gai-emaileak herritarrak izan daitezen ahalegintzen gara beti. Ordea, gai jakinen bat jorratzeko urnietarrik topatzen ez badugu, inguruko herrietako jendeari luzatzen diogu gonbita. Hala nola, pertsona ezaguna da Jokin Pedreño tiktoker oreretarra eta euskaraz jorratzen ditu edukiak. “Sare sozialak euskaraz” hitzaldia emango du berak.

Saioei dagokionez, orain arte egin ez ditugun saioak izango ditugu: esaterako, “Ametsen interpretazioa”, “Sare sozialak euskaraz”, “Irudi bidezko sormena eta ilustrazioa”... Beste batzuk, jendearen interesez eta eskakizunez, errepikatu egingo ditugu. Adibidez, “Toxikorik gabeko bizitza” hitzaldiaren lehen zatia egin zen; orain, bigarrena egingo da, udari begirakoa.

Hitzordu dinamikoak bezain parte-hartzaileak dira.

Proiektuaren leloak dioenez,  jakintza hartzea eta ematea da Zilegi Astearen helburua. Euskaraz, intereseko gaiak landuz, une atsegin bat bizitzea da asmoa, finean.

Modu batera edo bestera ikusgarritasuna ematen al dio AEKri herrian?

Gaur egun, horixe da dugun erronkarik handiena, herritarrengana gerturatzea.

Horrenbestez, zergatik da garrantzitsua Zilegi Eskola proiektua egotea Urnietan?

Eskaintza bat da Zilegi Astea, bestelako gaiak jorratzeko aukera. Emozio eta sentsazio atseginak bizitzeko tokia da, gai batzuen gaineko jakintza ematen du, dohainik, herrian bertan eta euskaraz. Modu berean, herritarrek harremanak estutzeko txokoa da, komunikazio-ohituretan eragiteaz gainera.  

Zer egin behar du Zilegi Eskolako ekintzetara gerturatu nahi duenak?

Telefonora (663 043 314) hots egin edo zilegieskola@aek.eus helbide elektronikora idatzi. Eskuzabalik hartuko dugu jendea, beraz, animatu daitezela!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!