Merkatalguneetan TicketBAI sistemaren instalazioa finantzatzeko eta irisgarritasunerako dirulaguntzak

Aiurri 2023ko mai. 11a, 11:02

Urnietako Udalak merkataritza-establezimenduei zuzendutako bi dirulaguntza lerro jarri ditu abian.

Bat TicketBAI fakturazio-sistema instalatzeko eta negozioa sistema horren ezarpenetik eratorritako eskakizun teknikoetara egokitzeko beharrezko inbertsioetan laguntzeko balioko duena. Eta beste bat, establezimenduen irisgarritasuna hobetzeko. Horrela, arkitektura-oztopoak kentzea lortu nahi da, mugikortasun murriztua duten pertsonen, adinekoen eta desgaitasunen bat dutenen irisgarritasuna erraztuz: sarbideak jaistea, ateko baoak, lurra hobetzea irristatzeak saihesteko, argiztapena hobetzea eta  altzariak erostea (itxarote-eserlekuak…) besteak beste.

Dirulaguntzak

Dirulaguntza lerro bakoitzak izango duen finantzaketari dagokionez, TicketBAI sistemara egokitzeko lerroak softwarearen eta hardwarearen kostuaren %30 jasoko du, 250 euroko gehieneko mugarekin. Irisgarritasuna hobetzeko jarduerek berriz, 500 euroko gehieneko kopurua izango dute. Kasu horretan, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren gutxieneko gastua 150 eurokoa izango da.

Urriaren 31 eskabideak aurkezteko azken eguna

Modu bateratuan izapidetuko diren dirulaguntza horiek eskatu nahi dituzten pertsonek urriaren 31ra arteko epea izango dute. Eskaerak Bertan herritarren arretarako bulegoan zein Udalaren web orrian egin ahal izango dira: www.urnieta.eus

Informazio guztiaDirulaguntza hauei buruzko informazio osoa (betebeharrak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, dirulaguntzak emateko prozedura) udalaren webgunean deskargatu daitezkeen oinarrietan dago eskuragarri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!