Amiantoaren itzal luzea

Xabier Lasa 2023ko mai. 14a, 09:00

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Xabier Salaberria Iturritza urnietarrari lan gaixotasunak jota bizi dela eta kalte-ordaina merezi duela aitortu dio berriki. Epai horretara iristeko, prozesu judizial luze bati ekin behar izan dio Salaberriak

Finanzauto Serviciosen, Oikinako hegaztien hiltegian eta Neumaticos Uria enpresan kamioien mekaniko modura lanean aritu zen, harik eta,  2013an, jubilatu zen arte.

2019an, biriketako adenokarzinoma diagnostikatu zioten, eta Osalanek, berak kudeatzen duen amiantoaren eraginpean egon daitezkeen langileen zerrendan sartu zuen. Horretarako osatu zuen txostenean, adierazi zuen ezaguna dela balazten eta enbrageen estalkia amiantoarekin egiten zela, eta, beraz, ibilgailuak konpontzeko tailerretako mekanikariek, besteak beste, balaztak konpontzen zituztela, eta amianto-zuntzen eraginpean egon zitezkeela, esposizio-probabilitate ertain-handiarekin. Txostenaz baliatuta, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezintasun iraunkor absolutua aitortu zion Salaberriari, arnastutako amiantoak eragindako gaixotasun profesionalagatik.

Salaberriak demanda jarri zien hiru lantegiei, Donostiako Lan Arloko Epaitegiak bere aldeko epaia eman zuen, eta enpresak diru-ordaina ematera zigortu zituen. Gauzak horrela, Neumaticos Uriak helegitea jarri zuen, eta egunotan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako epaitegiak emana zuen epaia berretsi egin du, lehen esan bezala.

Epaiak, enpresarioen erantzukizuna nabarmendu du prebentzio-planik ez ezartzeko orduan, izan ere, legez, 1978tik aurrera, lan-gaixotasun gisa definitzen baitira amiantoak eragindako asbestosia, kartzinoma, bronkio edo biriketako gaixotasun mesotelioma pleurala eta peritoneala.

Epaia eskuetan, azken urtetan osasunarekin dauzkan gorabeherak eta bizitu duen prozesu judiziala hartu ditu hizpide Xabier Salaberriak, lan-gaixotasunen arloan langileen eskubideen alde buru belarri dabilen Jesus Uzkudun hernaniarra ondoan duela.

Zer moduz zabiltza osasunez, Xabier?

Xabier Salaberria: 2019ko irailean, pneumonia jasan nuenez, geroztik, nire gorputzak ez dit erantzuten lehen bezala, aldatua daukat immunitate-sistema. Arnasketa ez da lehengoa, eta pausoan ibiltzeko ordekan ez daukat arazorik, baina aldapak urrunetik ikusi behar ditut. Kimioko eta erradioterapiako saio ugari jaso nituen diagnostikoa egin zidatenean, eta, azken aldian, hiru hilabetetik behin ,onkologia eta erradiologiako errebisioak pasa behar izaten ditut. Medikuek esperantzak ematen dizkidate, eta horri heltzen diot etsia ez hartzeko.

Etsia ez, kontrara, zure lan ibilbideko hiru lantegiei demanda jarri zenien.

X. S.: Justizia eske! Izan ere, 45 urtetan, mekaniko gisa jardun nuen ezertarako babesik gabe, izan ere, ez nik eta ezta lankideek inondik ere ez genuen jakin zer sustantzia kaltegarriekin aritzen ginen. Orain, azken urtetan hasi naiz jabetzen zer nolako zikinkeriak arnasten genituen. Nahiz eta legeak horretara derrigortu, osasun-neurri prebentiborik gabe jardun izan dut nik eta beste milaka langileek, eta biktimatzat hartu behar gaituzte alde horretatik.

Epaiak bi arrazoiengatik poztu nau: biktima gisako aitormena ekarri didalako, eta, gainera, ni bezala dauden askorentzat ere baliagarri izan daitekelako etorkizunean. Asko joan dira mundu honetatik inongo aitormenik gabe, baina bada garaia aurre egiteko injustizia horri.

Oso eskertuta nago ASVIAMIE elkarteak, eta, batik bat, Jesusek eskaini didan laguntzagatik. Indarrak dauzkadan artean, beraiekin segitzeko asmoa daukat, gure antzeko egoeran daudenen aldeko eskubideen defentsan.

Enpresak jarritako helegitean, besteak beste, argudiatzen da zuk lanean jardun zenuen bitartean ez zenuela bajarik hartu.

X. S.: Ni ez naiz sekula bajak hartzekoa izan, lan eta lan. Dena den, garbi dago hauts zikinak arnastu, eta urtetara adierazten dela beren eragin kantzerigenoa. Jesusek hobeto adieraz dezake datu hori, daukan eskarmentuagatik, baina errealitateak horixe esaten digu; jubilazioa hartzeko puntu-puntuan edo jubilatu ostean azaleratzen dela minbizia, gehien-gehienetan.

Jesus Uzkudun: Lantokietan arnasten diren substantzia kantzerigenoek nahiz eta berehala heriotza ez ekarri, lan-istripuek baino heriotza gehiago eragiten dituzte gerora. Europako instituzioen eguneroko ofizialean aitortu zaigu orain bi aste, nola urtean 90.370 heriotza eragiten dituen amiantoak, minbiziaren bidez. Halako gerrarik munduan ezagutzen al dugu, biktima denak bando batekoak izanik gainera?

Salaberria 1994a arte zigarro erretzailea ere bazela aipatzen da helegitean. 

J. U.: Orain arte bizi izan ditugun epaiketetan, nahiko argudio errepikaria izaten da hori, eta baita zurrut zalea izatearena ere, enpresen abokatuek aurkezten dutena. Alde horretatik, azpimarratzekoa da epailearen erantzuna: Espainiako Auzitegi Gorenaren iraganeko epaiak oinarri hartuta, adierazten du “amiantoarekiko esposizio profesional luzeak, bakarrik eta berez, gaixotasun profesional bat sor” dezakeela, eta hori “kausa esklusibo gisa nahikoa dela erreklamatutako kalteak ez ezik heriotza ere sortzeko”, langilea erretzailea izan ala ez. Oso pozgarritzat hartu behar dugu Salaberriaren kasuan eman duten epai horrek erabiltzen dituen argudioak, batez ere etorkizunean erreferentzia gisa har baitaitezke etorriko diren epaiketetan.

ASVIAMIE amiantoaren biktimen euskal elkartetik zabaldu duzuen oharraren bidez, langileak animatzen dituzue lantegiei erantzukizunak eskatzera, prebentziozko praxi txarragatik edo eragindako osasun-kalteengatik.

Urtetan makina bat kasu ezagutu dugu, eta asko ikasi dugu. Gaixotasunak ezkutuan geratzen badira, zein enpresak hartuko ditu serio prebentzio-planak, substantzia kaltegarriekin lotuta? Lege hausleek zigorrik ez badute jasotzen, “zertarako xahutu dirua?”, aterako dute ondorioa. Denok ere, neu lehenbizikoa, isunen mehatxupean betetzen ditugu legeak neurri batean; gaizki aparkatzeagatik edo gehiegizko abailan joateagatik jasotzen dugun zartakoak hurrengoan txintxoago jokatuko dugula, seguru! 

Azken batean, eragindako kalteagatik ordaindu beharreko kalte-ordainak prebentzio-motibazio bihurtuko dira.

Halaber, Osalanen, amiantoaren eraginpean egon daitezkeen langileen zerrendan sartzeko eskatzea ere gomendatzen duzue.

X. S.: Izan langilea, izan pentsioduna, amiantoarekin kontaktua eduki duela uste badu, edo susmatu behintzat, egin dezala eskaera, zuzenean edo gurekin harremanetan jarrita (telf. 691833456). Mediku-azterketa egingo diote, eta baiezkoa frogatzen bada, zerrendan sartuko dute, eta hortik aurrera, osasun-zaintza berezia egingo diote. Ia ezinbestekoa da zerrenda horretan egotea, lan-gaixotasuna aitor zaitzaten. Hil ostean, zaila aitormena!

Zu ere, Jesus, amiantoaren biktima zara.

J. U.: Orbegozoko langilea izan nintzen urtetan, eta 2013an sartu nintzen Osalango zerrendan. Orain bi urte, berriz, biriketako asbestosia diagnostikatu zidaten; zerrenda horretan nengoelako antzeman zidaten gaitza. Gorputzean mantso garatzen den gaixotasun kantzerigenoa da nirea, eta txartel ugari dauzkat minbizia jasateko noizbait. Arnas-indarra galtzen ez dudan bitartean, hor segiko dut…

Enpresak kalte-ordainetara zigortuz, horiek ixtea eta langileak kaleratzea bultzatzen ari zaretela adituko zenuten behin baino gehiagotan. 

J. U.: “Egurrean aritzen” garela eta horrek onik ez dakarkiela langileei eta antzekok maiz leporatu dizkigute. Nik erantzuten diet lankide eta adiskide ugari ditugula lurpean amaitu dutenak minbiziengatik, beren bizi guztian lanean jotasu aritu eta erretiro duin bat lortu bezain pronto, eta horretarako ez dagoela eskubiderik. Gai honetan egin ditzazkegun lorpenak, gizartearen onurarako eta gizakien ongizaterako dira, zalantzarik gabe. 

Maiz ere entzungo zenuten, adinean aurrera bizi-legea dela gaixotzea…

J. U.: Horretara mentalizatu nahi gaitu ideologia neoliberalak, sinets dezagun geure bizitzako bizimodu eta habituen eraginez gaixotzen garela, eta, hortaz, geure arazo pertsonala dela, pribatua. Beti azpimarratzen zaigu zenbat erretzen dugun, zenbat alkohol edaten dugun, ze bizitza sedentarioa egiten dugun… Gurea da beti errua. Sekula ez zaigu galdetzen zein baldintzetan egiten dugun lan, zer irensten dugun bertan, edo sekula ez da auzitan jartzen noraino ez diren betetzen lan-osasun arloko legeak.

Kontzientzia zabaltzen doa lan gaixotasunen gainean.

J. U.: Hori ez dago ukatzerik, baina epelak entzun izan behar ditut 25 urtetako ibilbidean. Konparazio batera, Osalaneko kontseilaria nintzenean, alarmista deitzen zidaten, eta zera gaineratzen: “Zergatik osasun zaintza berezia horientzat, ez dute eta erremediorik!”. Alajaina! Gai honetan azala ez zait gogortu, eta oraindik ere sutan jartzen nau ikusteak zenbateko ezjakintasuna eta utzikeria dagoen. Makina bat adibide jar ditzaket, egunero topatzen ditudanak. Medikuetatik hasita, eta jarraituta erakunde publikoekin Osalanekin, Osakidetzarekin, enpresetako zuzendaritzekin, epaileekin… Sindikatuek ere badaukate zertan sakondua injustiziaz beteriko gai honetan.

Kontziente izan behar gara sistema neoliberalak bultzatzen duen produkzio-dinamika eroak ez duela soilik klima aldaketa eragiten, erleak desagerrarazten… Baita gizakia ere deshumanizatzen eta suntsitzen duela.   

Lantokian lan-istripuz hildakoen errealitatearekin kontzientzia ari gara hartzen poliki-poliki, baina lan-gaixotasunei dagokionez, epel gabiltza oraindik. Europatik ematen diguten datu ikaragarriak, mugiarazi beharko gintuzke gehiago: lanean hiltzen diren pertsonetatik,
% 52 minbiziak hiltzen ditu; alegia, langile izanik nahiz jubilatu eta gero ezintasun iraunkor absolutua lortu ostean.

Madrilgo Kongresuan amiantoaren biktimak konpentsatzeko funts bat sortzea erabaki zuten, iazko uztailean.

J. U.: Lege onuragarria da, printzipioz. Esate batera, pertsona bati lan gaixotasuna aitortu zaion arren, bere kasuan, prebentzio-planak ez betetzeagatik zigortutako enpresa itxita balego, funts horretatik jasoko luke kalte-ordaina pertsona horrek. Edo ,demagun, senarren lantokiko arropak garbitzean kutsatu den emakumea, bada hori ere kontuan hartuko luke funts horrek.

Kontua da politikoek agindu zigutela legea indarrean jarriko zutela, baina atzeratzen ari da gauza. Arazoen artean, estatutuan, fiskalitatearen arloan desberdintasun handiak egotea; EAEko hiru diputazioek, onartuta daukate funts horretatik jasotzen duenari ez kentzea ezer. Baina beste lurraldeetan igual erdia kentzen dute.

Ez harritu politikoak murrizketaren batekin agertzea laster, legea zikiratzea alegia, eta lehen poza zena orain frustrazio bilakatzea. Hortaz, presio sozialarekin tinko jarraitzea beste erremediorik ez zaigu geratzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!