Orain hiruzpalau aste ireki zituen Onintza fisioterapia eta osteopatia zentroak. Zer moduzko harrera izan du herrian?
Berria naiz Urnietan eta uste baino erantzun hobea izan dut herrian. Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei, harrera ederra egin didatelako, baita alboan lan egiten duen Rebeca estetizistari ere, laguntzagatik. Badirudi, jendeak interesa duela. Batez ere, hemengo jendea dator, eta, zehatzak izateko, gehienbat, Etxeberri plaza ingurukoa. Bestalde, aurretik izan ditudan pazienteren bat edo beste ere badator hona.
Nola iritsi zara Urnietara?
Astigarragakoa naiz sortzez eta Lasarten bizi naiz. Azken hori herri handia da eta ez nuen lan egin nahi neure bizitokian. Horrez gain, sei bat kontsulta daude eta egoera berbera errepikatzen da Astigarragan, egun, sei zentro daudelako bertan ere. Bide horretatik, pixkanaka, hazten ari den herria da Urnieta eta toki aproposa iruditu zitzaidan.
Urte askotako hausnarketa prozesu baten ondorio izan da zentroaren irekiera. Hamar urte daramatzat lanean eta, jada, neure modura egin nahi ditut gauzak. Behin erabakia hartuta, bi hilabeteko kontua izan da zentroa irekitzea.
Osteopata nahiz fisioterapeuta zara zu. Bi diziplinak uztartuta lan egitea al duzu gustuko?
Errezeta mediko baten menpe lan egiten erakusten digute fisioterapeutoi unibertsitatean. Baina bestelakoa da errealitatea: kontsulta pribatuan egiten duzu lan askotan eta medikuaren errezetarik jaso gabe. Hortaz, abaniko zabal behar duzu pazientearen egoeraren gaineko irakurketa egiteko.
Hori horrela, bost urteko osteopatia ikasketak egiten dituzte fisioterapeuta nahiz osasun-langile askok. Horrela, balorazioa nahiz tratamendua kalitate handiagoarekin egiteko aukera daukagu. Pazientearen irudi orokorra edukitzea da gakoa.
Oro har, gorputz osoa tratatzen dut, baina bruxismo arazoetan sakonago egin izan dut lan, masailezurreko arazoekin, alegia.
K-Stretcharen bidez ere lantzen duzu gorputza.
Kate muskularraren luzaketak dira, egurrezko hamaka batean, mugikortasuna irabazteko nahiz gorputzeko jarrera zuzentzeko. Apur bat sufritu ere egiten da, lanketa dakarrelako gorputz-jarrerak zuzentzeak. Dena dela, oso emaitza onak ditu.
Zein zerbitzurekin egingo du topo hona gerturatzen denak?
Zerbitzu pertsonal batekin egingo dute topo herritarrek, izan ere, bakoitzaren osasun-egoera aztertzen dut, arazoen muina, oraingoz, eskuzko tratamenduaren bidez.
Gaur egun, gehienbat, zer dela eta jotzen du jendeak zuregana?
Egungo bizi-erritmo azkarrak estres handia eragiten du eta horri estuki lotuta daude lepoko, bizkarreko eta gerriko minak. Bestalde, bihurritutako orkatilak ere dezente etortzen dira.
Zenbateko kostua dute saioek?
Ordubeteko saioak izaten dira. Fitxa ireki beharra dago, lehenik, eta, ondoren, balorazioa eta tratamendua egiten ditut. 45 euroko kostua du saio bakoitzak, eta, oraingoz, ez daukat bonurik.
K-Stretcheko saioei begira, lau saioko bonuak sortu ditut, denbora tarte bat eskatzen duen lanketa baita, prozesuaren onurak nabari ahal izateko.
Interesa duenak nola jarri behar du zurekin harremanetan?
943 96 65 43 edota 613 88 69 77 telefono zenbakietara deituta, baita whatsapp mezu bat idatzita ere. Bestela, onintza_osteofisio@hotmail.com e-postara ere idatzi daiteke, edota zentrotik pasa, aurrez aurre hitz egin dezagun!