Herriko ikastetxeetako eko-ordezkariak bilduko dira Eskolako Agenda 2030 programa medio

Aiurri 2023ko mai. 17a, 12:30

Artxiboko irudia

Ikasturtea aurrera doa eta baita EA2030 programari lotutako urratsak ere. Horrela, lanketa luzea egin dute Urnietako ikastetxeetako ikasleek "Energia, bizitzaren motorra"  lelpoean. Bada, hilaren 18an, herriko ikastetxeetako eko-ordezkariak bilduko dira  kultur etxean, ‘ikasleen arteko foroa’ bileran, egindako diagnostikotik ateratako ondorioak, hartutako konpromisoak eta udal ordezkariei egin nahi dizkieten proposamen edo eskaerak amankomunean jartzeko.

Energia izan dute hizpide ikastetxeek Eskolako Agenda 2030 programan. Buru-belarri ibili dira eta bi diagnostiko egin dituzte, bata eskolakoa eta bestea herrikoa. "Zenbat eta nola erabiltzen dugu energia? Nolako energia erabiltzen dugu? Nondik dator? Bere kontsumoak duen eraginaz ohartzen al gara?..." Diagnostiko horietarik ondorio batzuk atera dituzte: zer dagoen ondo eta zer gaizki, bai eskolan, bai herrian ere, eta nola hobetu daitekeen egoera. Helburu horrekin, konpromiso batzuk hartu dituzte eta beraien esku ez dagoena, udalari eskatuko diote. 

Maiatzaren 18an ateratako hausnarketak udaletxera eramango dituzte ekainaren 1ean, alkatearekin antolatuko den udalbatza berezi batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!