Alba Cabrera Jauregi urnieta
Nor dugu Joanes Fiel?
Psikologoa naiz eta gizarte hezitzaile gisa jardun izan dut. Azken urteetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin dut lan. 2014an hasi nintzen politikagintzan, Podemosekin: hasieran, militante gisa, eta gaurdaino. Ildo honetan jarraitzeko gogoa daukat, kasu honetan orain, Urnietan.
Gertutik jarraitzen dute Urnietako errealitatea gainerako hautagaiek. Nola bizi duzu zuk hori? Zein harreman daukazu Urnietarekin?
Aspaldidanik daukat harremana Urnietarekin. Hemen bizi ez banaiz ere, familia daukat herrian. Egun, Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea naiz eta Urnietan murgiltzeko beharra ikusten genuen. Interesgarria iruditzen zitzaigun, batez ere, gurekin parte hartzera animatu nahi duen jendeari begira. Era berean, pisua izan nahi dugu erakunde publikoetan, gure ideiak eta Urnieta bera ikusteko modua defendatzeko.
Bide horretan, ez duzue sekula ordezkaritzarik eduki Urnietako Udalean. Zein aurreikuspen dituzue maiatzaren 28ari begira?
Gogo biziz gaude. Beti jaso izan ditugu bozka dexente herri honetan, bai hauteskunde orokorretan, bai autonomikoetan... Hori horrela, garrantzitsua iruditzen zitzaigun geure burua herrian aurkeztea, eta, modu horretan, udaletxean egon, geure balioak eta urnietarren ideiak babesteko.
Esan duzun bezala, indarrarekin agertu da zuen alderdia, udal hauteskundeak ez diren gainerako bozketetan. Nola uste duzu islatuko dela hori maiatzaren 28ko hautestontzietan?
Jendeak hemen gaudela ikustea nahi dugu, eta aukera bat ematea. Estatu mailan eta ordezkaritza dugun beste espazioetan jorratzen ditugun gizarte politika aurrerakoiak gauzatu nahi ditugu Urnietan ere.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea zara. Nolako jauzia da zuretzat 6.000 biztanle pasatxoko udalerri batera jauzi egitea?
Erronka ederra iruditzen zait. Gainera, lehenagotik ere uztekoa nintzen bozeramaile kargua. Hala, Urnietara etortzea proposatu zidaten, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan, eragargarria iruditzen zaidalako udal politikagintza. Jendearekin harremanetan zaude eta modu zuzenagoan identifikatzen dituzu herritarren premiak. Are gehiago, neure burua aurkeztu nuen, familia dudalako hemen eta askotan etortzen naizelako hona. Horrela, oso aukera ona dela uste dut eta ilusio handiz hartzen dut.
Urnietarrak ere badira hautes-zerrendan. Gertutasuna ematen al dio horrek zuen alderdiari?
Jakina baietz, oinarrizkoa da hori. Batzuetan, jendeak ez du lehen lerroan egon nahi, baina horrek ez du esan nahi partaide ez direnik. Kide horiek gertutasun handiz erreparatzen diote herriari, herriko puntu garrantzitsuenetan, azpimarra jarri ahal izateko.
Ordezkaritza lortuz gero, zeintzuk lirateke zuen proposamenak?
Askotariko afera garrantzitsuak daude jorratzeko eta guztiak aipatuko nizkizuke, baina luze joko luke elkarrizketak. Dena dela, besteak beste, bada bai herrian, bai Urnietaren mugak gaindituta zeharkatzen gaituen gaia: etxebizitzarako sarbidea, batez ere, gazteei dagokionez. Etxebizitza-lege berria dugu Estatuan, eta erraztasunak ipini nahi ditugu guk, emantzipazioa ahalik eta azkarren egin ahal izateko. Jendeak Urnietan bizitza egin dezan nahi dugu, alegia, ez dadila izan lo herria. Hirigune handiagoetara jotzeko joera nagusitu den garaiotan, ahaztu egiten gara herriekin. Bada, hori aktibatu eta elikatu nahi dugu, herriko bizitza eta tokiko merkataritza. Hortan jarri nahi dugu ahalegina, Udalean ordezkaritza eskuratuko bagenu.