Bi hamarkada pasatxoko eskarmentua daukazu udal politikagintzan. Abantaila al da esperientzia?
Beti egon gara oposizioan, inoiz ez dugu gobernu-lanik izan. Baina, urtez urte, esperientzia handia pilatu dugu eta oso garrantzitsua da hori. Datozen hauteskundeei begira, gainera, hirugarren aldiz aurkeztuko naiz zerrendaburu gisa. Hala, egunerokoan ikasten da udaletxearen funtzionamendua. Jende berria sartzean, batzuei asko kostatzen zaie, beste hainbati, ez horrenbeste. Hortaz, bai, eskarmentua balioan jarri beharreko alderdia da.
Maiatzaren 28ko hauteskundeekin ziklo politiko berria irekiko dela diozu. Zein norabidetan irekiko dela aurreikusten duzu?
Emaitzak ikustera itxaron beharko dugu horretarako. EAJk gehiengo absolutua galtzea gustatuko litzaiguke. Zergatik? Legealdi honetan, maiz gutxietsi egin zaio oposizioari, ez dira proposamenak onartu, ez da behar bezala informatu... Finean, beren buruentzat gobernatu dute, eta gainerako alderdioi bizitza-politikoan parte hartzeko aukerarik gabe utzi gaituzte. Ez luke horrela izan behar horrek, parte-hartze handiagoa izan beharko genuke gainerako alderdiok ere, udal politikagintza aberaste aldera.
Hobeto gobernatu daitekeela uste duzu. Nola?
Nagusiki, udaletxean. Lidergo eza ikusi dugu, esate baterako, momentu honetan, politikariek baino gehiago agintzen dute udal teknikariek. Are gehiago, azken horiek, batzuetan, ez dagozkien erantzukizunak hartzen dituzte bere gain. Desoreka dakar horrek, antolaketa eza, hala nola: eternitate bat irauten dute eraikuntza-lanek Urnietan, denbora-tarte luzea igaro ohi da proiektu bat proposatzen denetik, gauzatzen den arte... Horrenbestez, gidaritza egonez gero, eta udaletxearen funtzionamendua egokia izanez gero, bestelakoa izango litzateke egoera.
Nola ikusten duzu Urnieta laurteko honen amaieran?
Hainbat akats garrantzitsu ditu, adibidez, punta-puntakotzat saltzen ziguten kiroldegiak. Etxebizitzari dagokionez, zerbait egin da, baina Babiloniako eremua garatzeari utzi zaio. Zor handia daukagu: sustatu egin behar dugu Egape Ikastolako DBH-ko eraikina, Hezkuntza Sailarekin gabiltza eta, badirudi, lehiaketara aterako dela. Orain lau urte proposatu zuten adinekoen egoitza, baina gaur egun, oraindik ez dago ezer, duela gutxi ailegatu baitira akordio batera lur-eremu bat esleitzeko Aldundiari. Biztanle-kopuruari dagokionez, nabarmenki haziko da Urnieta, eta, nire ustez, ez dute kontuan hartu. Plan orokorra garatzen ari gara: Ermotegiko etxebizitzak egin dira, Babilonia falta da, eta baita Azkarateko eremua ere. Gorakada horren aurrean, herriko hainbat zerbitzu (kiroldegia, kasu) ez daude prest.
Zinegotzi banaketa bere horretan mantendu da azken bi udal hauteskundeetan: EAJ 7, EH Bildu 4 eta zuek 2. Zaila oposizioa egitea.
Legegintzaldi honetan, 7-6 batean aritu gara, sarri. Izan ere, zenbaitetan, tokiko gaietan, gertutasuna izan dugu EH Bildurekin. Gainera, mozioren bat edo beste ere aurkeztu dugu elkarrekin.
Aurreko urteetako zailtasunak zailtasun, konfiantza handia daukazu hauteskunde hauei begira. Zeintzuk dira asetu beharreko premia nagusiak?
Bigarren Hezkuntzako zentroa eta haren ondoan joango litzakeen parke inklusiboa dira gure lehentasunak. Ikastetxeko zuzendaritzekin nahiz guraso elkarteekin hartu ditugun ardurak dira. Beharrezko babesa eta sostengua ematen jarraituko diogu proiektuari. Era berean, gure programan dago ere urte luzez aldarrikatu izan dugun igerileku klimatizatua, tabernarekin. Urnietako Udalaren funtzionamendua birmoldatzea ere badugu xede, lehen aipatu bezala. Adinekoen erresidentzia ere inportantea da, baita jubilatuen egoitza ere. Gazteei begira, etxebizitzaren auziari erreparatu nahi diogu: 2017an, 140 gazte inguru joan egin behar izan zuten Urnietatik inguruko herrietara. Tokiko merkataritza dinamizatzea garrantzitsua da; nahiz eta elkarte bat egon, Udaletik ez zaio nahiko bultzada ematen, gure iritziz. Puntu gehiago jorratzeko asmoa ere badaukagu datorren laurtekoan. Herriari modu integralean erreparatu nahi diogu.