Urnietarra zara, sortzez. Egun, Hernaniko Portu auzoan bizi zara, baina, oraindik, harreman estua duzu jaioterriarekin.
Kuadrilla osoa dut nik Urnietakoa, txiki-txikitatik ikasi dudalako hemen, Egape Ikastolan. Zinema azpian hasi ginen haur eskolan, legez kanpokoa zenean, eta, ondoren, egungo eraikinera egin genuen jauzi, Santo Tomas Lizeora joan nintzen arte, ikasketekin jarraitzera. Gaur egun, oraindik ere, hilero-hilero biltzen gara herriko lagunak, elkarren berri izateko nahiz gure gorabeherak partekatzeko, baita mundu honetan dauden arazoak, ia-ia, konponduta uzteko ere!
Mundua konpontzeko ahalegin horretan, sindikalista zara lantoki duzun Cementos Rezolan. Aldiz, zein harreman izan duzu udal politikan?
Behin edo behin, inguruan mugitu izan naiz, baina, ibili, bere horretan, inoiz ez.
Herriari dagokionez, EH Bilduren komunitate barruan, “deskonexio” bat egon dela adierazi zenuen aldizkari honetarako Andoni Urbistondok egindako elkarrizketan. Nola bilatu konexio hori?
Nik adierazi nahi izan nuena zera izan zen, jendearekin lanketa handia egin behar dela konexioa eta lotura bilatzeko. Hari horri tiraka, nork bere bizitza dauka, bere helburu, ardurekin eta arazoekin. Hala, oso zaila da erakartzen jendea kolektiboaren premiei erantzutera. Horretarako, bildu egin behar gara, elkarri entzun, eta urnietarrak erakarri, ez hainbeste politikagintzara, herrigintzara baizik. Nahiz eta azken hori politikoa ere izan, jendeak ekarpenak egin behar ditu eta horiek gauzatu egin behar dira, bestela, ez da lortuko herriaren ongizatea.
Ildo beretik, talde-lana izango omen da zuen jardunaren oinarri.
Talde-lana da batez ere EH Bildu. Zerrendaburua jarri behar dugu eta batek ipini behar du ahotsa. Azken finean, bakoitzak bere pentsamendua dauka, baina kolektiboa da garrantzitsuena, eta, horrenbestez, baita talde-lana ere.
Hori horrela, sei puntu aipatu dituzue zuen aurkezpen-programan.
Eta gehiago ukitzeko asmoa daukagu, nahiz eta, aipatu programan, etxebizitzari eman garrantzi handiena. Batik bat, gaur egun dagoen egoerarengatik, bai erosterakoan, bai alokatzean. Publikotasuna eman behar zaio auziari, eta alokairu soziala garatu, besteak beste, gure gazteek Urnietan gelditzeko aukera izan dezaten. Finean, inguruko herrietara alde egiten dugu, ez dugulako eduki aukerarik Urnietan bizitzeko.
Tokiko merkataritzari ere ipini nahi diogu arreta beste gauza askoren artean, herrian ez baitago bizitzarik, merkataritza egon ezean. Bere tokia eta laguntza eman nahi diogu, eta, ez, soilik, erakunde publikoen aldetik. Jendea kontzientziatu beharra dago, ikus dezan zein nolako ekarpen egiten dizkion herriari Urnietan bertan erosten duenean. Euskarak, emakumeak eta feminismoak ere garrantzi berezia hartuko dute gure eguneroko jardunean.
Nola ikusten duzu Urnieta laurteko honen amaieran?
Gehiengo absolutua izan du Eusko Alderdi Jeltzaleak, eta bere erara kudeatu du. Hori ez da ona izan, daturik gabeko legealdi bat izan delako, ez delako aurrerapauso handirik egon. Denbora-tarteekin jokatu dute eta nahi izan dutena egin dute, gainerakooi jaramon handirik egin gabe. Herriaren ongizatea bilatze aldera, ekarpen handiak egon dira EH Bilduren partetik, eta baztertu egin dira horietako asko. Herriak aldaketa behar du, zuzenbidean, ezkerraldera joan.
Azken bi legegintzaldietan, lau zinegotzi eskuratu zituen EH Bilduk. Langa hori gaindituko al duzue?
Gure helburua gobernantza eredu berri bat eraikitzea da, hau da, aldaketa eragitea. Kultura politiko berri bat sortzea, elkarlanean oinarrituko dena, kontsentsuak etengabe bilatuko dituena. Horrek guztiak ahalbidetuko du langa gainditzea. Ezkertiar guztiak bildu nahi ditugu: EH Bildu da Urnietaren irtenbidea.