Mikel Pagolarekin hasi zuen Urnietako EAJk bere agintaldia laurteko honetan. Hala, zuk hartu zenion lekukoa 2020an. Handia al da zinegotzi izatetik alkaterako saltoa?
Saltoa handia da. Ardura mailari dagokionez, batez ere. Urnietan, zinegotzi lehendabizi, eta alkate, ondoren, egon naizen urte guztietan EAJ/PNV-k lan egiteko modu berdina izan du. Talde-lana, hain zuzen. Baina egia da talde horretan gidari bat dagoela eta erantzukizun hori alkatearen bizkarraren gainean dagoela. Gure eginkizuna erabakiak hartzea eta mota guztietako egoerak modu zuzen batean kudeatzea da, herriak aurrera egiten jarraitzeko. Uste dut, horretan asmatu dugula.
Udal hauteskundeak ate joka dauden honetan, nola uztartu legegintzaldiko azken txanpa kanpainarekin?
Lau urtetik behin kudeatzea tokatzen den egoera bat da. Udalek, kasu honetan, Urnietakoak ezin du geldirik geratu, eta, bere funtzionamenduarekin jarraitzen badu ere, ezin da ukatu kanpaina erdiz-erdi sartzen dela gure eginkizunetan. Azken urteetan egindakoa errepasatzeko une egokia izaten da, eta, datorren legegintzaldi berriari begira, alderdi gisa, Urnietaren etorkizuneko erronkak eta proiektuak aurkezteko ere balio du.
Nola ikusten duzu herria laurteko honen amaieran?
Konplexua izan den legealdian, aurrean jarri zaizkion zailtasun guztiei modu egoki batean erantzun duen herri bat garelaren sentsazioa dut. Laurtekorako genituen helburu, lehentasun politikoak aldatu beharrean aurkitu gara, herritarren beharrei uneoro modurik egokienean erantzuteko. Halere, etorkizuneko Urnieta eraikitzen jarraitzeko azpiegitura erronka nagusiak bideratzea lortu izan dugu.
Gehiengo osoarekin gobernatu duzue azken bi legegintzaldietan. Oposizioko alderdiek behin baino gehiagotan adierazi izan dute beren iritzia ez dela nahi beste kontuan hartu herriko aferak mahai-gaineratzean. Nola bizi duzue zuek?
Bi legealdiak oso desberdinak izan dira eta oposizioarekin izan dugun harremana desberdina izan dela iruditzen zaigu. Alderdi politiko bakoitzak bere ideiak izateko aukera erabat legitimoa da. Udalean egiten saiatu izan garen kudeaketan, ez gara alderdikerietan erori. Gure erabakien oinarrian, herritarren onura, herritarrentzako onena lortzea izan baita, eta hala izango da etorkizunean ere.
Proiektu askoren artean, martxan da kiroldegi berria eta bidean da Egape Ikastolako eraikina. Alkatetza lortuz gero, bermatuko al dira langileen eskubideak etorkizunean? DBHko eraikina errealitate bilakatzeko determinazioa irmoa al da?
Udalaren esku dagoen guztia egingo dugu langileen eskubideak bermatzeko, orain arte egin izan dugun bezala.
Bestalde, DBH-ko eraikina eta honekin batera inguruan eraiki beharreko patioa, errealitate izateko gure konpromezua berresten dugu. Konpromezu hori erakutsi dugu ekintzekin eta Egapeko guraso elkartearekin, zuzendaritzarekin eta Hezkuntza Sailarekin batera buruturiko lan guztiarekin. Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza da eraikinaren proiektua garatzea eta Udalak hartuko ditu patioa urbanizatzeko lanak, Egape Ikastolarekin elkarlana sustatuz.
Patioaren proiektua udalak ia amaitua dauka. Jaurlaritzak, aldiz, eraikin berriko proiektua onartua dauka eta obra esleitzeko pleguak egiten ari da. 2024an obra hasteko prebisioa dauka Jaurlaritzako Hezkuntza sailak.
Erdibidean gelditu diren proiektuei jarraipena emateaz gain, proposamen berriak dituzue datozen lau urteei begira, alkatetza eskuratuz gero. Zeintzuk?
Datozen urteetan, babesturiko etxebizitzak egitea, herriko gazteek beraien bizitza proiektua Urnietan garatzeko aukera izan dezaten. Herriko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea (Idiazabaleko boulebarizaioarekin jarraitu; Langardako biribilgune berritik, bai Lasarteruntz, bai Etxeberri plazaruntz doazen errepideak martxan jartzea; herrian aparkaleku gune berriak sortzea; zaharkituak dauden auzoetan irisgarritasun egokitzapenak). Yurramendiko haur parkea estaltzea. Nagusien egoitza berria eraikitzea Babiloniako eremuan. Skate park bat, pump truck-a, calistenia eta parkour pistak instalatzea. Industria-eremu berrien garapena bultatzea eta gazteen beharretara egokitutako espazio egoki bat bilatzea. Bestalde, Xoxokako bizilagunek egin diguten eskaria lantzeko proiektu bat enkargatu dugu egon daitezkeen aukera desberdinak aztertzeko. Hauek lirateke gure proposamen zehatzak.