“Eguneroko objektuekin egiten dut magia, batez ere”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mai. 25a, 11:11

Potx magoak ikuskizun berezia taularatuko du Xoxokan, ostiral honetan. Arratsaldeko 18:30ean izango da hitzordua. Josu Zubia ezkutatzen da Potx magoaren atzean.

Xoxokan izango zara ostiral honetan: “Eta, orain…Potx magoa 4.0”. Zerekin egingo du topo bertara gerturatzen denak?

Potx magoaren laugarren ikuskizunarekin joango naiz Xoxokara. Pailazo baten magia-ikuskizunarekin egingo dute topo. Ikus-entzule zabalarentzat dago zuzendua, hau da, ondo pasatzeko aitzakia da haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat.

Berriki, Andoainen izan zinen. Zer bilatzen du artistak horrelako ekitaldietan?

Alde batetik, publikoari pailazoaren beste begirada bat eskaintzea. Izan ere, balioa kentzen zaio, infantilizatu egiten da pailazoaren rola. Hala, Potx magoak badu beste zerbait, ahaldunduta dago. Ridikuluarekin jolasten du pailazoak, baina ez da inozoa.

Beste alde batetik, logikak pisu handia duen mundu batean bizi gara. Bada, magiaren bidez, esperantza izpi txiki bat pizten da, jolasteko, amesteko zirrikitua. Jakin, guztiek dakigu trikimailu ororen atzean engainu txiki bat dagoela, baina plazerarekin lotuta dago, ondo pasatzeko egina. Nire kasuan, ez ditut azpiegitura eta baliabide handiak erabiltzen. Eguneroko objektuekin egiten dut magia, batez ere.

Ez zara beti oholtza gainera bakarrik igotzen. Lotx izan ohi duzu alboan.

"Aireportuan" ikuskizunarekin gabiltza hara eta hona. Oholtza gainean lau pertsona egoten gara "Potx eta Lotx"-en izenean. Herriz herri ibiltzen gara, batez ere familiei bideratutako emanaldiak egiten, baina, adinari dagokionez, tarte oso zabalari erantzuten diogu. 

Umorea eta magia uztartzen dituzu, euskara oinarri.

Bizi dugun lekuari, elikatu gaituen hizkuntzari erantzun bat emateko beharra sentitzen dut. Norentzat egingo dut nik hau? Elikatu nauen horrentzat. Euskaraz, magiaren mundua elikatzeko behar handia dago, gaur egun. 
Talentua, handia dago eta bide luzea dugu aurretik.

Magiak txundituta uzten al du, gaur egun ere ikus-entzulea?

Bai, noski. Nire kasuan, umorearekin ere lan egiten dudanez, Magia egiten dudanean, barre batekin dator beti publikoaren harridura. Jarraitu egiten du jokoa publikoak eta infinitua da bidea. Horregatik, garrantzitsua da elikatzen jarraitzea eta erreferente propioak ekoizten jarraitzea. Horrela, nire ustez, magiak jendea txundituta uzten  jarraituko du.

Aho zabalik geldituko al dira, beraz, ostiralean Xoxokara joango direnak?

Animatu dadila jendea, eta etor dadila ondo pasatzeko eta gozatzeko gogoz. Beti dago publikoan trikimailuak harrapatzen ahalegintzen denik. Lasai, badakigu magia ez dela miraria, badakigu atzean zerbait duela, baina publiko onena lasai dagoena da, disfrutatzera doana, "engainatu nazatela" dioena. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!