“Taldearen lanari esker lortu dugu igoera”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mai. 26a, 09:00

Denboraldia amaituta, Preferente mailara igotzea lortu zuen, joan den asteburuan, Urnieta Kirol Elkarteak, Landetxari 0-3 irabazi ostean. Pablo de Torres da entrenatzailea.

Talde-izaera indartsu mantentzea izan du oinarri Urnieta Kirol Elkarteko Lehen Erregional mailan, denboraldi honetan. Hala, konstantziak bere fruituak eman ditu: Preferente mailara igo da. Pablo de Torres urnietarra da taldearen gidari.

Preferente mailara itzuli da Urnieta Kirol Elkartea. Zein sentsazio ditu taldeak asteburu zirraragarri baten ondoren?

Denboraldi hasieran ezarritako helburua lortu izana da sentsazio nagusia. Igoera lortuko zuen talde bat eraikitzea zen xedea, eta taldea osatzen dugun guztion lanari, sakrifizioari eta konpromisoari esker lortu da hori.

0-3 irabazi zenieten aurkari zuzenei, Landetxari. Partida zorrotza izan al zen? Zaila izan al zen igoeraren presioari neurria hartzea?

Lehen zatia oso parekatua izan zen, ez baitzuen batak bestea menderatu. 45. minutuan, atsedenaldira iritsi aurretik, gure jokalarietako bat kanporatu zuten, eta 10 jokalarirekin geratu ginen bigarren zati osorako. Atsedenaldian, taldea berrantolatu genuen, bat gutxiagorekin irabazi ahal izateko partida. Taldekide guztien inplikazioa ikaragarria izan zen, lan fisiko handiarekin, jokalari baten falta ordezkatu behar baitzen. 67. minutuan etorri zen lehen gola, eta 72.ean bigarrena. Biak ala biak Axi Azpillagaren eskutik. Bien bitartean, zaleen babesa ikaragarria zen, eta bultzada eman zigun horrek. Hala, 76. minutuan gola sartu zuen Andoni Almorzak, penaltiz eta, neurketa amaitu baino lehen, laugarren gola sartzeko aukera izan zuen, birritan, Alvaro Robledok.

Beste behin ere, urnietarren berotasuna izan zenuten: Iruneraino joan ziren, zuen alde egiteko.

Kolapsatu egin zen Urnieta eta Irun arteko aldiriko trena. Ongi-etorria eman zieten jokalariei Ventas futbol-zelaian eta, beroketatik hasita, babes handia erakutsi zioten taldeari, baita behin neurketa amaituta ere.
Zein zapore hartzen du garaipenak lanez eta iraunkortasunez betetako denboraldi baten ondoren?
Inork ez zuen igoera jokatu nahi azken partidan, etxetik kanpo eta aurkari zuzen batekin, baina patua ezin hautatu. Aurkari zuzen baten aurkako garaipena, bat gutxiagorekin eta 0-3 irabazita, kirol hau praktikatzen dugun guztiok izan dugun ametsa da. Konstantzia, konpromisoa eta lana, lana, lana.

Taldea indartsu ikusten al duzu maila berrian lehiatzeko, datorren denboraldiari begira?

Taldea entxufatuta dago, lortutako garaipenez gozatuko dugu egun batzuetan, eta, ondoren, datorren denboraldiko plantilla prestatzen hasiko gara.

Beste urtebetez, taldea gidatzen egongo al zara?

Garrantzitsua da taldeari egonkortasuna ematea, belaunaldi-aldaketa egitea dagokigu, eta inportantea ikusten dugu lan-ildo berarekin jarraitzea. Eta, bai, datorren denboraldian, taldearen entrenatzaile izaten jarraituko dut.
Eskerrak ematen dizkiet taldea osatzen duten jokalariei nahiz gorputz teknikoari, baita klubeko zuzendaritzari ere. Eskerrak eman, era berean, denboraldi osoan, bai Urnietan, bai kanpoan, jarraitu gaituzten zale guztiei. Herrian, futbolaz gozatu nahi duten gazteak animatu nahi ditut, beren kluba da Urnieta Kirol Elkartea, eta, hori horrela izan dadin, lanean gabiltza buru-belarri. Amaitzeko esan igoera lortu duten jokalarien % 95 Urnietako dela eta, gainerakoak ere, hemengoak izango balira bezala! Eskerrik asko, eta, datorren denboraldira arte!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!