“Omenaldia egingo diogu Etxeberri plazak eman digun guztiari”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mai. 27a, 09:00

Osagai ugari bilduko ditu ekainaren 11n Etxeberri plazan egingo den liburuaren festak: liburu-trukaketa, hitzaldiak, abesti-topaketa… 

Hitzordu berezia izango da ekainaren 11n Etxeberrin: “Esan diren eta ez diren hitzen eguna” antolatu dute plazarekin lotura berezia duten merkatariek, Ainara de Miguel Ikasmineko kidearen proposamenez. 
“Esan diren eta ez diren hitzen eguna” antolatu duzue Etxeberri plazaren bueltan zaudeten merkatariek.

Zeintzuk dira, jada, esan diren hitzak, eta zeintzuk ez?

Orain hamabi urte sortu zen Ikasmin, esan ez ziren hitzetan oinarrituta. Hitzak esateko jaio zen proiektua, ordura arte, ezin nituelako esan. Esku-orriak inprimatu eta, saltokiz saltoki, enpresaz enpresa, neure burua aurkezten eta hitzak esaten: elkartu behar ginela, bakarrik ezin nuela, Ikasmin ireki nahi nuela eta Urnieta ezagutu nahi nuela... Horrela ezagutu nituen ekainaren 11ko festan prestatzen eta laguntzen ariko diren merkatari asko eta asko. Plazaren bueltako salerosleek antolatu dugu, lehen aldiz, gainera.

Hortaz, berritasunak dakarren ezjakintasunarekin, baina baita motibazioarekin ere, ezta?

Bai, jakina! Ilusio handiarekin. Garai jakin baten atalak markatu nahi nituen, eta, hasiera batean, hamargarren urteurrena egin nahi nuen, berez, baina ezin izan zen, testuingurua medio. Ondorioz, egokiagoa ikusten nuen aurtengo ekaina. Hala, lehenik, egunerokoan nire kide emozionala izan den Victor Chaparrori aipatu nion ideia. Ezin hobea iruditu zitzaion. Jarraian, Garbiñe Larrearekin ipini nintzen harremanetan Ikasminentzat puska handia izan delako bera, eta baietz! Bide beretik joan zen Biak-en zein BM-n,  proposatu nuenean. Bestalde, harreman estua dut Muazpi harategiko Peio Urretabizkaiarekin, merkatarien borrokan hasiera-hasieratik egon garelako elkarrekin. Hori ere prest, baita Lekar eta Suiarako kideak ere. Lagun mina dut, era berean, lehen Osanen lan egiten zuen Jaione Mariezkurrena. Bada, berak haurren txokoan, antzerki bat egingo du eta irakurketa feminista gidatuko du herriko Bagara talde feministak.

Biribil atera da antolaketa-lana, eta ez da kasualitatea, merkatarien komunitatea lotuta baitago. Erraza izan da, elkarlanean ezagutu dugulako elkar eta hauxe ere horrela joan delako, elkarlanean.

Egitarauari erreparatuko bagenio, adin eta gustu guztiei begirako proposamena da.

Larrearekin emango diogu hasiera egunari. Bien bitartean, manta batzuk jarriko ditugu; horietan, askotariko liburuak izango dira, baita dinamizatzaileak ere: haur literatura, literatura beltza, irakurketa feminista... Euskal literatura izango dugu oinarri, oso inportantea iruditzen zaigulako nabarmentzea Euskal Herriko merkatarien plaza dela, eta euskaraz bizi garela. Hori horrela, euskarak pisu handiena izan arren, beste hizkuntza guztiak, kultura diren aldetik, ongi-etorriak izango dira. Liburu trukea egiteko aukera ere egongo da nahi duenarentzat, eta aurpegiak margotzen egongo da Suiara.
Garbiñe Larreak bere liburuen aurkezpenarekin bukatzen duenean, BM supermerkatuaren xextoa ere zozkatuko dugu eta zizka-mizkei ekingo diegu, Celtics-en eta Biak-en eskutik. Biek ala biek eskaintza berbera egingo dute: saltzen dituen pintxoetatik 30 zentimo festara bideratuko dira. 13:00etan, Kantazaunen txanda iritsiko da, beraiek ere baiezkoa eman ziguten gonbidapena jaso bezain pronto. Hor hitzak, idatziak baino, kantatuak joango dira!

Aitzakia ederra izan al da plazaren inguruko merkatariak biltzeko?

Bai, noski! Esaten direnak baino, entzuten diren hitzak daude merkatari baten izaeran. Antolaketa-lanetan aritu garen guztiak gaude ados egunari jarritako izenburuarekin. Ziurrenik beste hainbat ofiziotan ere horrela izango da, baina merkatarion kasuan, entzun egiten dugu. Horregatik iruditzen zitzaidan interesgarria, hainbeste eman digun plaza honetan hitzak esateko aukera edukitzea, liburuen bidez, abestien bidez...

Herrian, pixkanaka, indarra hartzen ari den plaza da Etxeberri, geroz eta ekintza gehiago antolatzen baitira bertan. Pozgarria al da hori?

Etxeberri plazak baditu herri batean eduki behar diren zerbitzuetako asko: anbulatorioa, adinekoen eguneko egoitza, haur eskola, supermerkatua, jantzien denda, kafetegia, taberna, hortz-klinika, akademia... Herri baten kultura osatzen duen eta adin guztietako jendea biltzen duen plaza bat da Etxeberri. Hemen sortzen diren sinergiak ikaragarriak dira, leku magikoa baita. Omenaldia egingo diogu Etxeberri plazak eman digun guztiari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!