Euskal Herriko Binakako Pentatloi Txapelketa jokatuko da ekainak 11 dituela, eta hara batuko dira 18 kirolari. Horietatik hiru urnietarrak izanen dira, eta arlo horretan, behintzat, txapeldun zalantzarik gabe. Bikote bat emakumezkoetan ariko da, Nerea Arruti Lekun baserriko alabak, eta Banakako txapeldunak Amalur Arbelaitz izango baitu alboan lanak osatzeko. Mutiletan, aldiz, Julen Gabirondo segalaria, Mozotegi baserriko semea, eta BeÒat Telleria, Lasarteko Zelai-Eder etxeko semea, baina arimaz urnietarra.
Bostetan da hitzordua, eta osatu beharreko lana, nekagarria benetan. Harriei dagokionez, mutilek 40 jasoaldi egin beharko dituzte, eta neskek 20. Giza proba izanen da bigarren proba: lau plaza mutilentzat, erdiak neskentzat. Lan teknikoena ondoren, aizkora: mutilek lau kanaerdiko, eta neskek 45 ontzako bi egur. Txingen lanera iristen direnerako beso, hanka eta hauspoa zigortu samar izanen dute kirolariek, baina mutilek 8 plaza egin beharko dituzte, eta neskek sei. Eta azken proba, herio batean, korrika saioa zezen plazari bueltak emanda: lau kilometro mutilek, eta bi neskek.
Txapela janzteko gertu ibiliko ote dira urnietarrak? Garbi dago Nerea Arrutik eta bere bikoteak aukera handiagoa dutela, urnietarrak bere gatza, indarra, sarri erakutsi duelako dagoeneko. Telleriak eta Gabirondok aurkari zitalak izanen dituzte, batez ere Andoni Iruretagoiena eta Xabat Olaizola bikotea. Arratsalde pasa ederra Tolosan, bertaratzeko asmoa duenarentzat!