“Lau itzuliren faltan ikusi genuen txapela gurea zela”

Andoni Urbistondo 2023ko eka. 15a, 07:20

Beñat Telleriak lehen parte hartzea zuen, Binakako Pentatloia Txapelketan, eta oso gogorra egin zitzaion. Igande gauean Julen Gabirondo eta lagunekin Oianumen egin zuen afari goxoarekin minak joaten hasi zitzaizkion.

Zer moduz lehiaketa, lehenengoa zuretzat, Beñat?

Oso gogorra. Pasara latza hartu nuen! Indar lanetan hobeago aritu nintzen, harriekin eta giza proban batez ere. Aizkoran komeriak izan nituen, eta korrika hainbestean. Bi horietan Julen hobeto aritu zen. Nirea eman nuen, eta gustura, akaso jendeak ez zuelako espero hain txukun aritzea.

Lehen txandan lehiatu zenuten, eta aurkari nagusiak, Andoni Iruretagoiena eta Xabat Olaizola, bigarrenean. Nola prestatu zenuten jarduna?

Gu geurea egiteko asmoz hasi ginen, topera. Lan guztiak oso ondo egin genituen. Bikote horri presioa jartzeko asmoa genuen, denbora polita eginez, eta lortu genuen neurrian, egoera hori ordaindu egin zutela esango nuke.

Hortxe-hortxe ibili zineten denboretan: harrietan eta giza proban zuek aurretik, aizkoran eta txingatan haiek…

Pentatloian korrika saioan erabakitzen da sailkapena, eta haiek espero ez genuen taktika erabili zuten: itzuliak banaka egitea. Guk binaka egin genituen, baina banaka eginez indarra hartu eta denbora jan zigutela esango nuke. Deskantso gutxiago hartzen da, baina pasara ere txikiagoa.

Bazirudien erraz irabaziko zenutela, baina asko hurbildu ziren bukaeran. Nola bizi izan zenuten tentsio hori?

Larri, ikaratu ginen. Lau itzuli falta zitzaizkiela hartu genion tankera txapelari. 15 segundoan eman behar zuten itzuli bakoitza, eta hori egitea ez da posible. Are gutxiago fisikoki jota zaudenean eta herio batean zoazenean.

Ondo ospatu al zenuten garaipena?

Beno, denbora handirik ez. Astelehenean lanera joan behar zen. Oianumen mokadu bat jan genuen Julenekin eta lagunekin, eta gustura.

Zer moduz Julenekin, elkarlanean? Atleta ikaragarria da, ezta?

Julen da "la hostia". Oso diziplinatua, alaia, lagun ona, asko laguntzen duen horietakoa. Dena ematen du lan saio guztietan.

Eman zenuen maila ona gogoan, banakako Pentatloi txapelketan lehiatzeko asmorik bai?

Askok galdetu didate gauza bera. Ezezkoan nago. Banaka aizkoran lan ona egiten duenak asko du irabazia. Iaioa izan behar da, mozketa erabakigarria baita. Astero bizpahiru entrenamendu egin beharko nituzke iraila bitarte, eta lan handiak dira horiek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!