“Ez gintuzten faboritotzat hartu, eta motibazio handiarekin aritu ginen”

Andoni Urbistondo 2023ko eka. 16a, 07:00

Nerea Arruti banakako eta binakako Pentatloi txapelduna da. Asteburuko garaipena ezin izan zuen ondo ospatu, lanak bukatu osteko edariak sabela nahastu ziolako.

Ze balantze egiten duzu, lehiaketa bukatu eta 24 ordura?

Oso ondo nago. Ez nuen pentsatzen hain ondo ibiltzea. Ni bete-betean aritu nintzen, eta Lur Errekondok eta Oihana Barrenak faborito argi zirela pentsatzen zutela esango nuke. Horrek asko motibatu ninduen. Autoan elkarrekin joan nintzen Tolosara Amalur Arbelaitz kidearekin, eta lasai ikusi nuen, konfiantza eman zidan horrek. Gero lan ona egin genuen, presioari aurre eginez. Harriekin ondo aritu ginen, baina giza proban galdu samar ikusi nuen Amalur. Gerrikoa non zeukan ez zekien, aizkora ere ez ondoren… Bete egin zela esango nuke, tentsio apur bat galdu tarte horretan. Sekulako meritua dauka, dena den, eta beste inork baino gehiagok merezi du txapela. Goizeko 5etan esnatzen da baserrian egunero, etxeko gauzak egin, lau ume zaindu, 43 urte… Zeregin guzti horiekin entrenatzeko tartea bilatzea ez da erraza. Meritu itzela dauka.

Noiz hasi zineten txapeldun izan zintezketela sumatzen?

Aizkora bukatuta. Egur bateko abantaila lortu genuen. Bagenekien aizkoran hautsi behar genituela Lur eta Oihana, korrika arazorik ez izateko. Hala izan zen.

Agerikoa da taktikak eta beste prestatu egiten dituzuela, ez dela ezer zoriaren baitan uzten.

Ez noski. Elkarrekin entrenatu izan dugu sarri, eta gauza horiek hitz eginak daude: zer egin, zer ez, non jo...

Noiz hasi zineten txapela ospatzen?

Korrikako azken bi itzulietan, azkenekoan batez ere. Publikoa agurtzen hasi nintzen unean. Korrika gozo aritu nintzen, ez nuen bestetan bezainbeste sufritu.

Ondo ospatu al zenuen txapela?

Ba ez. Ez genuen ezer egin, garagardo bat edan, eta tripan gaizki egin baitzidan. Aurreko astean opor txiki batzuk egin nituen, eta tira, gustura.

Mutilen proba adi-adi jarraitu zenuen. Hor ere Urnietako bi mutil txapeldun, latza.

Azken lau itzuliak Ioritz Gisasolarekin ikusi nituen, geure buruari Julenek eta Beñatek irabaziko ote zuten galdetzen, ezinezkoa baita korrikako itzuli bakoitza 15 segundotik behera osatzea. Lanak oso txukun egin zituzten, batez ere Beñatek. Korrika oso ondo ikusi nuen, buelta eman zion nekeari, eta ez da erraza. Julenek neurri bikaina emango zuela jakina zen.

Ze asmo, orain?

Banakakora begira nago, dagoeneko. Gauzak normal irailean izango da.

Txapelduna zara, denak zu gainditzeko asmoarekin ariko dira.

Beno, hobe niretzat. Esan dut horrek motibazio berezia sortzen duela nigan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!