Gogoan hartu dute Juankar Alberdi Martirena urnietarra, bere heriotzaren 35. urteurrenean

Aiurri 2023ko eka. 15a, 20:45

Juankarren kitarra

Juankar Alberdi Martirena gogoan hartu dute urnietarrek,  orain 35 urte espetxean, asistentzia mediko faltagatik hil zen herrikidea. Hala, arratsaldeko 19:30ean, lore-eskaintza egin dute San Juan plazan. 

Ekainak 15, beste behin. Eta gu plazan bildu gara, beste urte batez. 35 urte igaro dira Juankar Alberdi Martirena hil zenetik, Herrera de la Mancha udalerriko kartzelan hil zenetik.

Askatasunaren alde lerratu ostean, 1979an atxilotua eta espetxeratua izan zen. 9 urte kartzelan, eta mediku asistentzia faltagatik hil zen: 1988ko ekainaren 14an ondoezik zegoela komunikatu zion presondegiari, eta arretarik jaso gabe, ekainaren 15ean hilik agertu zen ziegan. 30 urte zituen.

Dagoeneko 35 urte pasa dira, eta Juankarrek ez du tokirik gure herriko kaleetan. Ez du apenas tokirik gure memorian, urteak pasa ahala, belaunaldiak sortu eta desegiten doazen heinean, oroitzapenak ilunpetan gordetzen doaz eta.

Baina hain juxtu horregatik gaude gaur hemen: urtean egun batez bada ere, Juankarrek pairatutako injustizia azaleratzeko.

Urtean behin bada ere, berak kartzelan jotzen zuen gitarrak, musika egiten jarraitzen duela berresteko, eta pendiente geratu zitzaizkion doinuak jotzen jarraitzeko.

Eta, hemen gaude, herriko plazan, urtean behin bada ere, Juankar Alberdi Martirenaren bizitza eta borroka oroitzeko: berak aurrera eramandako borrokaren lekukoa estu helduta, garaipenerarte!

Bi bertso ere abestu dituzte Alberdiren omenez:

Borrokak beste asko bezela
Juankar eamantzun berekin
Ordun etzuten onartu eta
gaur jarraitzen degu berdin
besteen katetik aske izateko
guk behar diogu ekin
gure historia ezagutzeko
egin hainbeste ahalegin
herri honetan pasatakoa
sekula ahaztu ez dedin

Juankar kartzelan hiltzen utzita
hiltze naturala omen
ze estatutan bizi gera gu
ze demokrazi ze orden
justizia ta askatasuna
ditugu desio goren
zer geran eta zer behar degun
geu baitakigu ondoen

 

Poema bat ere ekarri dute gogora:

Idazten dut
neure burua sartu dudan kartzela honetatik eskapatzeko
idazten dut

giltzaz itxitako gelak eta komunak eta armairuak irekitzeko
idazten dut
beti zarratuta dauden leihoetan zirrikitu bat zabaltzeko
idazten dut
ziega pareta-zuri hau urratzeko
(haizea sar dadin
behintzat
arnasa apur bat

hartu dezadan)
idazten dut
neure burua zulatu eta

barruan
burmuina jaten ari zaidan zizare lodi hori
aliketa batzuekin hartu eta erauzteko

idazten dut
ez dakit zertarako baina

idazten dut.

Bestalde, hilaren17an, mendi-irteera antolatu dute: Adarra, Onddi, Buruntza eta Santa Barbara tontorrak zeharkatuko dituzte, omenaldi gisa. Ondoren, bazkaria izango da, eguerdiko 14:00tan. Ekainaren 11 izango da bertan izen emateko azken eguna, 695 737 423 idatzita edo hots eginda.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!