Harrobiak Azkorteko baseliza txikitu zuenekoa

Xabier Lasa 2023ko eka. 20a, 08:37

Santa Krutz ermitak 50 urte bete ditu, maiatzaren 3an. Orain ezagutzen dugun baselizak harrobiko leherketen ondorioz suntsituta geratu zen ermita zaharra ordezkatu zuen. 1969ko abenduan hondatu zen, eta 1973an berria ireki zuten.

Baselizaren ondoko Ondarzulo harrobiaren ustiaketarako ohikoak ziren leherketak, eta 1969ko abenduaren 28an, lubizi batek baselizaren zati bat txikitu zuen. Harrez gero, pixkanaka-pixkanaka hondatzen joan zen baseliza, harik eta 1970ko uztailean erabat suntsituta geratu zen arte. Sakristia (bere tresna eta apaingarriekin), bobeda, presbiterio osoa, erretaula (aldarea eta pulpituarekin), ezkila dorrea, eta eliz atari edo estalpearen zati bat, joan ziren harrobiko malkarrean erortzen behera denboraren poderioz.

Aurreneko erasoaldia gertatu zenean, auzoko bizilagunek Kristoren irudia, ur bedeinkatuko ontzia, ezkila, leiho biribila eta sarrerako arku ojibala osatzen zuten 14 dobelak edo harriak libratu zituzten hondamenditik.

Kristoa Santa Leokadiako baselizara eraman zuten, bigarren aldiz. Horretarako, lehenbizi zaharberritu egin zuten, hondatu samarra baitzegoen mendeetan jasandako suteak, lekualdatzeak, bala kolpeak edo lapurreta saiakerak zirela eta.

1972ko maiatzaren 17an, arratsaldeko 15:00etan, erabat suntsituta geratu zen ermita; oraindik, zutik irauten zuen horma puskak, dinamitarekin leherrarazi zuten. Orduko prentsa kronikek diotenez, hormak uste baino gogorragoa izan, ezin eraitsi, eta, hortaz, dinamita kantitatea gehitu behar izan omen zuten.

Haserre franko

Urnietako eta inguruetako herrietako fededunei izugarrizko haserrea eragin zien baselizaren txikizioak, eta agudo sortu zen mugimendua baseliza berria eraikitzeko asmoz.

Batetik, Urnietan bertan, Urnietako Udala, guraso kristauen taldea, Parrokiako batzordea, Luistarrak eta Mariaren Alabak... bildu, eta batzordea osatu zuten.

Bestetik, suntsiketak prentsan oihartzun zabala eduki zuen. 1969-1973 epealdian, makina bat artikulu plazaratu zituzten txikizioagatik amorrua eta pena agertuz, baseliza zaharraren dohainak eta balio historiko, artistiko eta espirituala goretsiz, baseliza berria eraikitzeko aldarrikapena eginez... Teresa Amuategi Urnietako emagin eta historialariak, Manuel Lekuona apaiz euskaltzaleak, Luis PeÒa Santiago mendizale eta mendi kronikariak eta Migel Olaskoagak idatzi zituzten erreportaje indartsuek askoren kontzientziak poztea eragin zutela esan daiteke.

Bereziki aipatzekoa da Olaskoagaren ekimen nekaezina; Donostian bizi ziren Maria Otaegi emaztea eta biak, baina Urnietan Txolarte etxearen jabe ere baziren. Bada, Olaskoaga buru-belarri murgildu zen baseliza berria eraikitzeko aldarrikapenaren alde. Artiluak idatzi zituen, argazki dotore eta zirraragarriak egin eta argitaratu zituen txikizioa bistaratzeko, eta baseliza berreraikitzeko ekimenetan modu aktiboan hartu zuen parte. Prozesu guztia islatzen duen dokumentazioa (argazkiak, prentsa artikuluak, eskaera idatziak...) txukun-txukun jaso eta utzi zituen Urnietako parrokian. Egun, agiri sorta hori Urnietako udal artxiboaren zaintzapean dago.

Berria eraikitzeko ekimenak

Urnietako udalak, Ramon Atxaga alkate zuela, bere bizkar hartu zuen baseliza berria eraikitzeko ideia. Hasiera batean, baseliza berria Almortzategiko Harkaitzean eraikitzea erabaki zuen Udalak, pentsatuz Urnietatik eta Oria eta Lasartetik bista-bistan geratuko zen mendi muino edo kaskoan izango zela egokiena, baseliza zaharra ere halako begiraleku estrategiko batean egon baitzen kokatuta. Are gehiago, ekitaldi sinbolikoa ere antolatu zuten, lehenengo harria ipiniz bertan 1970ko maiatzaren 3an. Egun horretan, aurrez, azken meza ospatu zuten Azkorteko baseliza zaharraren aurrien aurrean. Joxe Goiak meza emateaz gain, lehen harri hura bedeinkatu zuen.

Nolanahi ere, laster, atzera egin zuten lehen kokapen horrekin. Ziurrenik, ohartu ziren Almortzako Harkaitza izeneko muinoak obrarako zailtasun teknikoak besterik ez zituela eragingo. Horrenbestez, baseliza berria, muino horren eta baselizara zaharraren artean dagoen Burundaingo zelaian zutitzea erabaki zuten; horretarako, Udalak Elorriaga baserriko familiari erosi zion. Hain zuzen, udalak baserriko etxe-jaunarekin 2.102 metro karratuko lur-sailaren salerosketa hitzartu zuen, 1971/03/27an.

Aldi berean, hiru aldeek osatutako hitzarmena bultzatu zuen Udalak ondoren, 1972/01/07an. Era horretan, Udalak (Ramon Atxaga alkateak ordezkatuta), Jose Lasa Ondarzulo harrobiko nagusiak, eta, Eduardo Atxaga kontratistak, honako terminoetan adostu zuten kontratua, labur esanda: eraikinaren obren 956.000 pezetako aurrekontua harrobiko enpresak bere gain hartu zuen kontratistari emanez guztia, eta, trukean, Udalak Jose Lasaren enpresak ustiatzen zuen harrobian (Azkorte edo San Jose) egindako obra guztiak legeztatzeko eskatuta zeuzkan udal-lizentziak eman zizkion.

Berez, aurrekontu osoa 1.100.000 pezetara igo zen gutxi gora behera, eta Udalak bere gain hartu zuen harrobiko enpresak jarri ez zuen gainerako guztia; hots, proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko ordainsari teknikoak, eta, ermitara iristeko bidearen obra, besteak beste. Finean, harrobiko enpresak ermita berriaren kanpoko egitura kosteatu zuen, eta barruko obra guztia, auzolanean egin zen makina bat urnietarren eskuzabaltasunari esker.

Baseliza berria zaharraren ahalik eta antzekotasunik handiena eduki zezan saiatu ziren. Neurriak, orientazioa, estalpea, sakristia, korua... Aldarerik eta erretaularik gabeko baseliza izatea erabaki zuten, Kristoren ondare historiko preziatua eta aldare-mahaia besterik ez. Era berean, baseliza zaharretik ezkila, ur-bedeinkatuko ontzia, leiho biribila eta sarrerako arku ojibala (14 harriz osatua) erantsi zizkioten.

Horma batean, halako leloa ipini zuten:

“Zuk gaituzu gu gordeko

Gurutze Santu Azkorteko”.

Azkenik, Azkorteko baseliza berria, 1973ko maiatzean 3an inauguratu zuten.

Ermita zaharraren historia

Azkorteko baseliza zaharra Erdi Arokotzat jotzen dute adituek (XIV-XV mendeetan kokatuz). Ikuspuntu historiko eta artistikotik, zurez zizelkatutako Kristo gotikoa da nabarmentzekoa, XIII.ren bukaerakoa delarik. Greco pintore famatuak margotu izan zituen Kristo gurutziltzatuekin parekatu izan dute maiz.

Kanpoaldean estalpe ederra zeukan, Donejakueko erromes, fededun eta mendizaleentzat. Begiraleku aparta, Donostialdeko itsasertz guztia edo Adarra-Mandoegiko mendizerra kontenplatzeko. 

1635koa da baseliza aipatzen duen lehenbiziko agiria. Hain zuzen, Lope Martinez de Isasti historialariak Compendio Historial de la provincia de Guipuzcoa liburuan adierai zuen babes espirituala zela gipuzkoar askorentzat, eta baita “devota para tercianas y cuartanas”; alegia, malaria eta paludismoa jasaten zutenek debozio handia ziotela. bertaratzen zirela.

Hondamendia zela eta, 1969-1973ko epealdian, Luis PeÒa Santiago idazleak idatzi zituen artikuluetako batean zioenez ,baselizaren hormak “prozesio handi eta gurutze-bide, antzinako tradizio eta ohituren lekuko” izan ziren mendetan... Halaber, Santiagoko bide frantsesa egiten ari ziren erromesek ere biziki estimatzen zutela, “Basaburua eta Leringo San Esteban ibarretatik iristen ziren erromesen kondaira eta sinesmenenak ere. Horiek, kostalderako bidean, Urumeako harana atzean utzi aurretik, derrigorrezkoa zuten Azkorteko baselizatik igarotzea, Kristoren oinetan otoitz egiteko”.

Hain zuzen, Buruntzaldeako fededunentzat bidegurutze famatuena izan zen. Horrela, Berrasoeta baserri paretik abiatuta, kalbarioak egin ohi zituzten, otoitzean eta kantuz, tradiziozko hamalau pausoak bete arte.

Suteak eta lapurreta saikaerak maiz jasan izan bazituen ere, azpimarratzekoa da I. Gerrate Karlistan (1833-1840) nola erre zuten topa liberalek O¥Donnell jeneralaren agindupean, 1837ko irailaren 8an, hain zuzen. Urnietan, San Migel parrokiari eta 174 etxe eta baserriri ere eman zieten su. Ordukoa gogoratzeko sortu ziren bertsoetatik, famatua da pasartea, zera dioena: “Orra nun da Urnieta/malamentian erreta,/ez da besterik pareta”.

Nonbait, egun tragiko haietan, Erauso Txikiko baserriko Joxe Mari Mitxelenak Kristoa baseliza ondoan, harrika botata topatu, eta Andoaingo Kaletxikiko Berrozpen ezkutatu zuen. Gerra amaituta, Santa Leokadiako baselizara eraman zuten. Irudaz gain, ur bedeinkatuko ontzia ere salbatu omen zuten hondamenditik.

1911an, urnietarrek berreraiki egin zuten baseliza, auzolanean.

Iraganeko aztarnak

Gaur egun, ez da antzinako ermita izan zenaren arrasto fisikorik geratzen; izatekotan, kalbarioetarako bidea markatzen zuten hamalau gurutzeen zutabe batzuk. Hain justu, mende erdia bete duen Azkorteko ermitatik Buruntzarako maldan gora goazela, sei zutabe topatuko ditugu; guztiek ere hautsita dauzkate burnizko gurutzeak. Oinez abiatu, eta ehun bat metrora topatuko dugu lehena, eta tipi-tapa, goraxeago bigarrena, hirugarrena... Horrela, ermita zaharrera bideratuko gaituzte sei zutabeek; azkena, seigarrena, ermita zaharra kokatzen zen ordekaren pare-parean dago. 

Elorriaga baserriko Fermin Olasagirrek ederki asko ezagutzen ditu sei zutabe horiexek. Ez alferrik, Elorriaga baserriko semea baita. Bertan 1939an jaio zen, eta bertan bizi 33 urterekin Andoainera bizitzera etorri zen arte. Gurasoak Migel Olasagirre eta Martina Lizeaga izan zituen; lau senide hazi izan ziren baserri horretan, Angel, Joxe Mari, Manuela eta Fermin.

Hamarkadetan, Elorriaga baserrian ospatu ziren Santa Krutz eguneko erromeriak. Aita, berriz, baseliza zaharreko sakristaua izan zen. Ferminek aitortzen duenez, “amak ez ezik, anai-arrebok ere, aitari makina bat alditan lagundu behar izan genion sakristauaren zereginetan, baita ermita zaharreko edozein konponketak (teilatuko itoteak eta abarrak) egin behar zirenean ere; obretarako behar zen materiala, asto zaharra zamatuta igotzen genuen”.

Ferminek gehitu digunez, “senideen artean gazteena izaki, eskolak utzi, eta maiz joan behar izaten nuen monagillo lanak egitera On Jose apaizaren ondoan; izan ere, batik bat maiatzetik irailera ugari ziren fededunek ateratzen zituzten mezak bertan”. Gertu-gertutik bizi izan zituen elizkizun eta ospakizun guztietatik, Ostiral Santuko Kalbarioekin dauka aparteko oroitzapena. “Bailaran ospe handiena zeukan prozesioa zen, zalantzarik gabe! Harrigarria zen zenbateko debozioa zioen jendeak Azkorteko Santa Krutz ermitari! Berrasoeta baserri ingurutik hasten zen gurutzbidea, eta gurutze bakoitzean behar ziren errezo eta kantuak eginez igotzen zen jende ilara luzea goraino”.

Oharra: Iraganeko argazkiak, Migel Olaskoagak ateratakoak dira (Udal Artxiboan bilduta daude). Bide batez, Udal artxiboko Marijo Henriques artxibozainari eskerrak ematea dagokigu, erreportaje hauxe egiteko eskainitako erraztasunagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!