Urnietako fededunek esker oneko agurra eskaini zioten mezan barrena; dantzari gazteek aurreskua egin zioten lehenbizi, eta meza amaiturik, hamaiketako jendetsua antolatu zuten eliz atarian. Xabier Murua Bereziartuak hamar urte egin ditu Urnietan parroko gisa; 2013ko irailean heldu zen, bertan 30 urte egin ostean erretiroa hartu zuen Iñaki Aranzadiren tokia hartzeko asmoz.
Urnietan ez ezik, azken sei urtetan Astigarragan ere apaiza gisa jardun izan du, Donostiako Elizbarrutiak bizi duen apaizen eskasia dela eta. Hain zuzen, Urnietako eta Astigarragako ohiko mezak (larunbatetan igandetan, meza bana) eta gainerako elizkizunak (bataioak, jaunartzeak, ezkontzak, hiletak…) bere gain hartu behar izan ditu. Eginbehar horiei gehitu behar izan dizkio Hernanikoak, hango apaizaren laguntzaile gisa.
Gurasoen zainketak bultzatuta
Meza Fernando Prado Gotzainak eta Xabier Muruak eman bazuten ere, aldarean ondoan eduki zituzten Jesus Salegi, Jose Luis Pineda eta Asentxio Iguaran apaizak.
Prado gotzainak igandean eman zuen sermoian Muruaren lekualdaketaren zergatia azaldu zuen, “Zainketa aringarrien premian dauka aita, eta hura zaintzeko erabakia hartu du; bere amak ere semea ondo behar du une honetan. Gauzak horrela, niri, bere laguna, anaia, artzaina eta gotzaina naizen aldetik, ondo iruditu zait atseden hartu dezan eta familiarekin gertu egon dadin. Hori bai, gurasoekin dagoen bitartean, Donostiako Gros auzoan kokatzen den kristau komunitate batean apaiza gisa jarraituko du, hots, Donostiako Mendiko San Jose Mojen Kongregazioaren elizan eta bertako zahar egoitzan apaiza izango da aurrerantzean. Era horretan, gainera, Xabier Donostiako Elizbarrutitik oso gertu eduki dugu, eta laguntza eskura edukiko dugu edozertarako, izan ere, Urnietako fededunek, ondo baitakizue zenbat dohain dauzkan Xabierrek”.
Prado gotzainak San Migel parrokian bildu ziren herritarri iragarri zien jada izendatuta dagoela nor izango den Urnietako parroko berria, baina zenbait tramite direla eta, oraindik ezin dela jakitera eman. Hori bai, gaztea izango dela ziurtatu zien.
Apaiza berria Urnietara heldu bitartean, asteburuetan meza bakarra izango da, larunbatean ilunabarreko 20:00etan. Meza baino gehiago, Hitzaren Liturgia izeneko ospakizuna izango da, eta Bila Fuentesek eta Lurdes Igerategik hartuko dute bere ardura.
Maripi Sarasolak, Urnietako sinestunen izenean, Muruari eskerrak zizkion mezan barrena. “Eskerrik asko Urnietan egin duzun lanagatik, eta erakutsi diguzun gertutasunagatik. Motza izanagatik zure egonaldia, ona izan da. Eliza ez dago bere momenturik onenean, eta apaiz eskasiagatik hor ibili zara beste herrietako parrokietan. Orain, beste betebeharrak egiteko beharra sentitu duzu, beste helburu batzuei aurre egiteko. Animo Xabier! Zu gaztea zara, bizia eta ernea, eta oraindik asko daukazu emateko. Herriaren eta elizan egin duzun lanagatik, eskerrik beroenak!”.
Hamaiketakoa eliz atarian
Xabier Muruak ere hizpide izan zuen bere agurra, nahiz hitz murritz jardun. Urnietak asko ikasi zuela, gertutasuna eta maitasuna sentitu zuela, eta elizako laguntzaile guztiei zein sinestun guztiei oraindaino bezain fin segitzeko eskatu zien”.
Meza nagusia bukaturik, eliz atarian bildu ziren mezan parte hartu zuten guztiek. Bertan, zizka-mizka goxoak tarteko, segida eman zioten agur ekitaldiari.