Aurki, zuen etxeko ateak irekiko dizkiezue herritarrei “Ongi etorri baserrira” ekimena medio. Lehen kolpean, inork gutxik lotuko lituzke, ordea, shiitake perretxikoak baserri batekin…
Ez, egia da hori. Gu bakarrik gaude Euskal Herrian. Beno, bada hemen, beste ekoizle txiki bat, Sarasola. Perretxiko-banatzaileak ginen gu hasieran, eta, orain bost bat urte, ekoizpenera egin genuen salto. Shiitakearekin hasi ginen, baina perretxikoak ere baditugu, pleurotus delakoak.
Asian du jatorria shiitake perretxikoak. Zuenak euskaldunak al dira?
Txinatik inportatzen dugu shiitake substratua. Espainian nahiz Frantzian ere ekoizten da, baina Txinak du onena. Izoztutako edukiontzietan dator, beteta. Aldiz, Errioxatik, Pradejonetik dakarkigu pleurotus-a. Substratu-fabrika baten bazkide gara. Horrenbestez, bata urrutitik ekartzen dugu eta bestea, ordea, gertuagotik. Egun, beherantz egin dute edukiontzien prezioek, baina pandemiaren ostean, eromena izan zen. Orain, 3.000 bat euro balio du kontainer bat ekartzeak; duela urte batzuk, 10.000 bat euro. Kopuruak ikusita, astakeria da.
Eremu itxi batean hezten dituzue shiitakeak eta pleurotus-ak, ezta?
Aire-erauzketa behar dute biek ala biek, hezetasuna, CO2-aren kontrola… Prozesuaren pausuak ganoraz egin ahal izateko. ç
Dena dela, hemengo klimak, baldintza meteorologikoek kutsu berezia ematen al diete zuen perretxikoei?
Eragina dauka, jakina. Klima ona daukagu hemen ekoizpenerako, oro har, muturreko baldintzarik ez dugulako izaten, tenperaturari dagokionez, adibidez. Giro epela izan ohi dugu; gaur, 20°C, esaterako. Albaceten adibidez, 35°C egiten ditu. Freskatu egin beharko lituzkete instalakuntzak ezaugarri hobeezinak eskuratzeko. Perretxiko mordoxka izaten dugu Euskal Herrian. Hori ere zerbaitengatik izango da.
Baso-ekosistema erreproduzitzen al duzue zuen instalakuntzetan?
Zanpatutako egurretik ateratzen dugu shiitakea; mendian gauza bera ematen da. Egurrezko enborrean ateratzen da shiitakea, basoan. Hortik datorkio izena, “take” adierak “onddo” esan nahi du japonieraz eta shii, berriz, haritz mota bat da. Perretxikoaren espora txertatzen dugu enborrean, eta mizelioa hazten da. Gauza bera egiten dugu pleurotus-arekin, izan ere, zanpatutako lastotik ekoizten dugu, naturan substratuak dituen baldintza berdinekin, baina modu artifizialean. Lastoaren eskasia dugu, une honetan, lehorteengatik. Espainian egiten den lasto-labore gehiena perretxikoak eta txanpiñoiak landatzeko da, % 80 inguru.
Horrela, basoan urtebete hartzen duen prozesua guk hiru hilabetetan gauzatzen dugu. Udako beroa txertatzen diogu, mizelioa haz dadin; udazkenean, beherantz egiten dutenean tenperaturek, mizelioa estresatu egiten da eta perretxikoa hazten da, ondoren, neguan, datorren denboraldi begira, espora prest uzteko.
Udaberri-uda partean hasten da zikloa, finean, substratua 36°C-tan egon behar delako, gutxi gorabehera, gu bezala. Shiitakeak eskertuagoak dira pleurotus-ak baino, indar handiagoa daukate. Gaur gaurkoz, hamar gela ditugu shiitakea egiteko (hamar asteko prozesua da) eta perretxikoentzat hamabi.
Non daude eskuragarri zuen produktuak?
Postua daukagu Merkabugatin eta Eroskiri ere saltzen diogu. Gurea da Euskal Herriko shiitake ekoizpen osoa. Bestalde, denda txikietan eta tabernetan ere baditugu bezeroak.
Uztailaren 7an zuen haztegia ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, “Ongi etorri baserrira” ekimena medio. Zerekin egingo du topo zuenera gerturatzen denak?
Parte hartzen dugun bigarren aldia da. Iaz, oso gustuko egon zen jendea gurean. Beharbada ohituagoak daude gaztak, baratzak edo abereak ikusten, ez horrenbeste perretxikoak. Ondorioz, ez dakite zertara datozen, inork gutxik ikusi duelako noizbait perretxiko haztegi bat. Harrituta gelditzen dira. Horrenbestez, laborantza erakutsiko diegu, lehenik eta baita prozesua bera ere, jaten duten hori nola sortzen den ezagutzeko.