"Kulturismoan, mantsoak dira prozesuak eta lorpenak"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko uzt. 14a, 07:34

Iazko urtearen amaieran hasi zen Maddi Busto Niño Urnietako kulturista udaberri honetan izan diren Espainiako eta Europako txapelketak prestatzen.

Eskuak bete garaipen itzuli da etxera orain gutxi Maddi Busto NiÒo urnietarra. Kulturista da bera, eta uztaila hasieratik, profesional gisa lehiatzen da, Fitness Model kategorian. Ekaina hasieran, Valentzian izandako Espainiako txapelketan (AECN), bigarren postua eskuratu zuen, Fitness Model modalitatean. Are oparoagoa izan zen uztaila hasierako lehiaketa, izan ere, Salamankan egondako Europako ICN txapelketan, garaipena eskuratu zuen, bi kategoritan: MS Fitness Model Open-ean eta Pro MS Fitness Model Open-ean. Aitortza horren atzean, ordea, ahalegin zorrotzez betetako prozesu luzea dago, sakrifizio fisikoa, emozionala, psikologikoa eta ekonomikoa. Gaziak eta gozoak, datozen lerrotan. 

Orain gutxi itzuli zara Salamankatik, ICN European Championshipetik, bi domina eskuan.

Ez naiz gai, oraindik, sentitzen dudana deskribatzeko, ez bainuen batere espero lorpen horiek guztiak eskuratzea. Halere, oso pozik nago. Espektatibak guztiz gainditu ditudala esango nuke. Kontent nengoen lortutako fisikoarekin, baina sariak jasotzea, esperientzia biribil-biribila izan da niretzat. Ahalegina eskatzen du eta handia da sakrifizioa, kirol honetan, baita zure egunerokoan ere. Gauza asko alde batera utzi behar dituzu, horrelako prestaketan murgiltzen zaren unean.

Profesional mailara ere egin duzu jauzi asteburu honetan.

Hori da. Profesional izateko txartelak banatzen zituzten ni lehiatzen izan nintzen kategorian. Lehen postua eskuratu nuenez, hori ere lortu zuen. Zer esan nahi du horrek? Amateur izatetik, profesional izatera egin dudala salto. Hortaz, berriro kategoria horretara aurkeztuko banintz, profesionaletan arituko nintzateke.

Zentzu batean, gainera, profesionalizazio horrek, nazioarteko lehiaketei begira, ateak ireki dizkizu, ezta?

Baita Europa mailakoetara ere. Amateur txapelketa irabazi ostean, Europa mailako profesional kategorian lehiatzeko aukera eman zidaten, eta, galtzeko ezer ez nuenez, aurrera. Bada, horretan ere lehen postua eskuratu nuen. Horrez gain, urrian hasten den bigarren denboraldian, munduko txapelketa izango da jokoan, eta, bertan, Fitness Model kategorian profesionalki izena-emateko aukera dut. Une honetan, motibazio handia daukat, baina egia da nahiago dudala, ezer baino lehen, uda lasai hartu. Aurrerago, ikusiko da, aurretik aipatu bezala, handia da sakrifizioa eta ez dakit prest egongo naizen berriro ere prestakuntza horretan sartzeko. Maiatzaren eta ekainaren bueltan amaitzen dira txapelketak. Uztailean ere egoten da lehiaketarik, federazioaren arabera. Bigarren denboraldia urri zein azaro partean hasiko da.

Noiz komeni, hortaz, prestaketa-lanetan hastea?

Kirol honetan, mantsoak dira prozesuak, lorpenak. Horregatik, behin lehiaketa bat amaituta, denbora-tarte bat utzi ohi du jendeak, berriro prestatzen hasi aurretik. Aldez aurreko antolaketa-lan handia eskatzen du, alegia, ez gara, soilik, bizpahiru hilabete lehenago hasten prestatzen.

Burua, halabeharrez, entrenatuta eduki behar, beraz?

Hori da. Aspaldi sartu nintzen fitness munduan. Gauza bat da bizitza-estilo osasuntsua izatea eta bestea txapelketetan parte hartzen hastea. Gutxi gorabehera, 2022ko abenduan jarri nintzen lehiaketari begirako prestaketan. Psikologikoki, lanketa handia eskatzen duen kirola da. Zure bizitzako askotariko alderdiak mahaigaineratu behar dituzu ikusteko ea merezi dizun horretan sartzeak. Ondo sentitzen nintzen ni, eta aurrera egitea erabaki nuen, gaurdaino.

Entrenamenduen kasuan, eraginik izan al du txapelketetan parte hartzen hasteak?

Entrenamenduak, bere horretan, ez ziren horrenbeste aldatu. Halaber, dieta oso zorrotza eramaten dut eta horrek estresa eragiten du. Bada, gose hori saihesteko denbora-pasa gisa ere ulertzen dut entrenamendua; oso gustuko dut entrenatzea.

Prestaketan, taldean egiten al duzu lan?

Entrenatzaile pertsonala daukat, lehiatzeko beharrezkoa dela uste dudalako: gidatzeko, gauzak nola egin behar diren esateko... Ez da hain erraza nork bere kabuz horrelako egunerokoa izatea. Duela 6-7 bat urte hasi nintzen entrenatzailearekin eta, gaur egun, oso gustora nabil dudanarekin. Berarekin batera erabaki nuen txapelketari begirako prestakuntza egitea.

Arlo psikologikoan eta emozionalean inpakturik izan al du diziplina zorrotza izateak?

Pertsonaren arabera izan ohi da hori. Batzuetan, haserre ikusi dut jendea, pazientzia txikiagoarekin. Ez duzu jendearekin hitz egin nahi, oso nekatuta sentitzen zarelako. Nire kasuan, neke handia sentitu dut eta botata egoteko beharra. Horrela, tarte libreetan, plan lasaiak egin ditut.

Eta beste esparru batzuetan?

Irakasle-lanetan jarduten naiz, eta, azken asteotan, ikasturte amaieran, pazientzia amaitzen ari zitzaidala nabaritu dut. Lagunen kasuan, ez dakit "aldendu" den hitza, baina egia da denbora luze igaro dudala haiekin egon gabe, aisialdi momentuak atseden hartzeko erabili ditut eta. Familiarekin eta bikotekidearekin ere ondo eraman dut. Gainera, bikotekidea ere murgilduta dago mundu honetan, nahiz eta lehiatzen ez ibili.

Zein da zure errutina?

Bost egunetan entrenatzen dut, eta hainbat zatitan banatzen da nire entrenamendua: lehenik eta behin, bi egunetan hanka lantzen dut (kuadrizepsa edo femorala...); bigarrenik, gorputzaren goiko zatia lantzen dut (bizkarra, bizepsak edo bularra eta trizepsa). Beste egun bat gehitu nion entrenamenduari, sorbalda lantzeko. Otorduak ere zorrozki kontrolatzen ditut. Urtarrilean defizitarekin hasi nintzen, alegia, hilabete batzuk bolumena egiten egon ondoren, jaisten eta jaisten hasi nintzen, urte hasieran, definizioari begira.

Natural bikini fitness zarela diozu. Zer esan nahi du horrek?

Kulturismoan, oso entzuna da kimikoaren erabilera, eta nahiko nabaria da, gainera. Gaur egun, zenbait federaziok ez dute dopin kontrolik egiten eta beste hainbatek bai, "modu naturalean" lehiatze aldera, AECN, kasu. Azken bide horretatik jo dut nik, izan ere, osasunarekin lotzen dut kirola, eta, kimika erabiltzen duzunean, osasunaren zati hori galdu egiten da. Gihar handiagoa irabazteko edo definitzeko lagungarriak omen dira, baina, egia esan, ez daukat ideia handirik.

Natural Bikini Fitness kategorian ibiltzen zara zu. Zer da baloratzen dena modalitate horretan?

Orotara, bi kategoritan hartu nuen parte Salamankan: batetik, Natural Bikini Fitness-ean eta, bestetik, Fitness Model-ean. Lehenengoan, neurri jakin batzuetako gorputza eskatzen dute, giharraren definizioa, elegantzia, tariman mugitzen jakitea... Aldiz, besteak Bikinni Fitness-ean eskatzen diren irizpideak ditu oinarri, baina tonu muskular handiagoa izatea eskatzen da, baita abdominal nabariagoak ere. Gauzak horrela, argi gelditu zen Fitness Model dela nire kategoria.

Irizpide hertsien arabera arautzen al dira txapelketak?

Arautegi bat dago aldez aurretik zehaztuta: eskatzen duten forma fisikoa, bikinia nolakoa izan behar den, takoidun zapata motak, poseak... Europako txapelketaren kasuan, bi pertsona zeuden epaimahaian, herrialde bakoitzeko. Bertan, erabakitzen da zein izango den irabazlea.

Hasteko, orduerdiko aurkezpena egin behar duzu, nahi dituzun gorputz-jarrerekin, zure onenak direnekin. Beste partaideek beren burua aurkeztu ostean, pose jakin batzuk eskatzen dizkigute, normalean, aurrez aurre, bizkarra emanda eta bi aldeetara. Emakumezkoen kategorian, ikuspuntu ezberdinetatik erreparatzeko, tokiz aldatzeko esan ohi digute.   

Horren harira, "gorputza landu behar da, baina funtsezkoa da atletaren feminitatea nabarmentzea", diote arauek.

Elegantziak pisu handia du ni lehiatzen naizen kategorietan. Espainiako txapelketan, esaterako, takoiekin ibiltzea hobetu behar dudala esan zidaten. Ez dago oso argi araututa zenbat zentrimetroko takoidun zapatak erabili behar diren. Zer gertatzen da? Lehiakideek ahalik eta takoirik altuenak erabiltzen dituztela, figura gehiago estilizatzeko. Horrelako batzuk erosi nituen. Ez nago ohituta, ostera, egunerokoan takoiekin ibiltzen. Nahiz eta entrenatu eta saiatu, ez naiz oso abila. Hala, puntuak galdu nituen horregatik.

Momentuan, zapore txarrarekin gelditu nintzen. Baina, bi aldiz pentsatuta, Europako txapelketari begira hobetu nezakeen zerbait zela jabetu nintzen. Finean, fisikoki ondo negoen, eta takoiena bazegoen hobetzerik. Horrez gain, takoi baxuagoak erosi nituen, erosoago sentizeko, Europako txapelketari begira.

Segurtasuna transmititzeak ere, oholtzan, presentzia irabazten laguntzen du, gainera, ezta?

Jakina. Tarima gainean, segurtasunarekin ibiltzeak asko laguntzen du. Alderdi hori kosta egiten zait niri. Hori ere entrenatu beharra dago.

Espainiako eta Europako txapelketak igaro berritan, eta prestaketa-prozesu luzearen ostean, tarteka gorputzari atseden ematen jakin behar al da?

Ezin sinetsi nabil oraindik. Etapa luzea izanda, eta, sei hilabetez, antolaketa lan handia eskatu dit prestaketak: otorduak neurtu, entrenamendu gogorrak... Nahiz eta, askotan, gogorik ez izan, egin egin behar nuen. Une honetan, malguagoa naiz, zentzu horretan. Mentalki prestatuta egon naizela iruditzen zait. Nire asmoa udan gauzak oso lasai hartzea da, datorrenean asko pentsatu gabe. Gorputzak fisikoki atsedena behar du eta, zer esanik ez, buruak.

Zein presentzia du kulturismoak Euskal Herrian?

Fitnessa modan jarri da, azken boladan. Joan ohi naizen gimnasioan, gazte asko hasi dira entrenatzen, baita geroz eta emakume gehiago. Zentzu horretan, jauzi kualitatiboa eman dela esango nuke.

Behin Europako langa igarota, munduko txapelketari begira al zaude?

Profesional txartela irabazi dudanez, bigarren denboraldian, munduko txapelketara joateko aukera dut, Fitness Model kategorian. Buruan dudan aukera bat da;  gaur gaurkoz, oso motibaturik nagoelako. Halere, uda amaierara itxarongo dut eta gogoa baldin badaukat prestatuko dut. Etorkizunera begira, ez dut baztertzen berriro ere txapelketa batean parte hartzea. Gainera, gorputza apur bat gehiago landuta, Figure kategorian lehiatu naiteke. Ateak irekita ditut, baina ikusiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!