“Golfa jendarteratzea dugu helburu”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko uzt. 15a, 07:14

Gipuzkoako Emakumezkoen I. Pitch and Putt Txapelketa jokatuko da Urnieta Golf-en, hilaren 15ean zein 16an. Euskal Autonomia Erkidegoko golf-zelai natural bakarra da. Kontxi Gil eta Angel Dosil dira ekimenaren sustatzaileak

Adarra mendiaren magaleko lur-sail bati zukua atera zioten orain lau bat urte  Kontxi Gilek eta Angel Dosilek, golf-zelai bihurtzeraino. Behiak eta ardiak egoten ziren lehen bertan; kirol horren zaleak eta hasiberriak, orain. Altzibar Berri eta Altzibar Zaharraren eremuetan kokatzen da Urnieta Golf, eta, pixkanaka-pixkanaka, erreferentziazko toki bihurtu da. Horren erakusle, asteburu honetako hitzordua: Gipuzkoako Emakumezkoen I. Pitch and Putt Txapelketa jokatuko da beren zelaian, hilaren 15ean nahiz 16an.

Nola sentitzen zarete Gipuzkoako Emakumezkoen I. Pitch and Putt Txapelketa zuen zelaian hartzeko aukera edukita?

Angel Dosil: Oso aberasgarria da guretzat. Aurretik, ez da egon horrelako lehiaketarik, eta beharrezkoa zen golf ofizialean eta homologatuan. Emakumezkoen nahiz gizonen txapelketak daude profesional mailan. Aldiz, klubetan, askotariko irizpideren araberako lehiaketak daude, baina, oro har, ez da emakumezkoei begirakorik izaten. Baziren liga modukoak, baina asteburu honetan izango da, lehenengoz, Gipuzkoako Emakumezkoen Pitch and Putt txapelketa, hemen, Urnietan. Beharra zegoen jada.

Zer nolako inpaktua du lehiaketak Golf Urnietan eta inguruko golf komunitatean?

Kontxi Gil: Adin jakin batetik gorako emakume askok ez dute sekula ohiturarik izan kirola egiteko. Eskolan egiten genuen, baina, hortik harago, ezer gutxi. Ez gaude ohituta. "Nik ez dut sekula ezer egin", diote hona etortzen diren askok. Eta, egia da. "Bada, hau ondo baino hobeto egin zenezake, eta probatzera gonbidatzen zaitugu", erantzuten diet.

A.D.: Doan da lehen klasea, jendeak proba dezan, aldez aurretik ordua eskatuta. Jende askori gertatu zaio, soilik, ikustera etorri eta, zelaian, golfean jokatzen amaitzea. Edonor ibili daiteke Pitch and Putt modalitatean. Golf ofizialaren antza handia du, baina distantzia txikiagoekin. 80 urteko emakumeak etortzen dira gurera. Adin guztietako pertsonei kirola egiteko aukera eskaintzen dio Pitch and Putt modalitateak. Golfa jendarteratzea dugu helburu. Gozatzea da kontua, eskuragarri dagoen kirola izatea. Lagun handiak egin dira gure golf zelaian elkar ezagutu zuten jende asko.

Zeintzuk dira txapelketarako aurreikuspenak, parte-hartzeari dagokienez?

A.D.: Inoiz ez dakizu zer gertatuko den lehenengo aldiz zerbait antolatzen duzunean. Eskatu dezakegu bai, baina ez exijitu. Badakigu ez direla data onenak, jende asko kanpoan delako. Ez digu asko larritzen parte-hartzaile kopuruak. Gehienez, 72k hartu dezakete parte. Gainera, egun bakarrean egin ordez, bi egunetara luzatu dugu txapelketa, goiz edo arratsalde, nahi denean etortzeko. 

Egokitzapenak egin behar izan al dizkiozue zelaiari, lehiaketaren beharrei erantzuteko?

A.D.: Belarra naturala izanda, egun guztia mozten igaro ohi dugu. Epaileak etortzen dira eta kontuan hartzen dituzte txapelketak arautegia bete dezan egin behar diren doikuntzak. Dena dela, ez dugu aparteko aldaketarik behar txapelketari begira. Guztira, bederatzi golf-zulo ditu gure zelaiak, eta  lehiakide bakoitza batetik hasiko da jokoan, hasierako pistola-kolpea entzun orduko.

Zein abantaila ditu Pitch and Putt modalitateak?

A.D.: Edonork joka dezake, eta eskuragarri dago mundu guztiarentzat, alegia, ez da maila handikoa izan behar. Kontzentrazioa eskatzen du eta uxatu egiten dira buruan dituzun kezkak. Pilotari ondo emanez gero, errepikatu egin nahi duzu, eta, gaizki emanez gero, konpondu, hurrengo aukeran. Zure lehiakidearen puntuazioa zein kolpe-kopurua zenbakitu behar dituzu, makilak aukeratu, haizea neurtu, belarraren luzera... Horrek ariketa mentala egiten laguntzen du. Gainera, golf-zulo bakoitza aukera berri bat da. Zure tokian jartzen zaitu golfak, kolpe txarrak edonork dituelako, baita profesionalek ere.

Zelai exijentea dela esango al zenuke?

A.D.: Jakina. Oso zaila da egiten, eta nahita egin genuen horrela. Inguruko asko ez bezala, aldapan dagoen zelaia da, eta horrek gorputza jarrera jakin batzuetan ipintzera behartzen zaitu. Hemen ikasten duena errazago moldatzen da, ondoren, eremu lauetan. Halaber, orografia konplexuari beste zailtasun batzuk gehitu nizkion: belar luzeagoa utzi dut, kaleak estuagoak dira, green-a aldapan dago... Erronka handia da. Zelaia naturala da, homologatua, eta ez dago inolako alfonbrarik. Ez dugu zertan ureztatu, goizeroko ihintza arduratzen delako hortaz. Berezia da.

Aipatu txapelketaz gain, bestelako lehiaketarik izaten al duzue?

A.D.: Etengabe egiten ditugu txapelketak, esaterako, hemen inguruko nekazal-etxeekin elkarlanean, auzoa eta inguruak ezagutzeko. Aurkako iritziak iritzi, auzoari onura ekarri nahi diogu, eta, bestalde, golf-a eliteko kirol gisa ikusten duen jendeari beste begirada bat eskaini.

Golf Eskola ere badaukazue.

A.D.: Bai, ez horren handia, beste batzuekin alderatuz gero.  Zelai txikia da gurea, eta, haurrek, adibidez, jolasetik ikasten dute golfean, material bereziarekin. Dena dela, haurrak talde-kiroletan jolastearen aldekoa naiz.

Asteburu honetan, publikoari irekita egongo al da txapelketa, jakin-minez gerturatzen direnentzat?

A.D.: Noski! Terrazatik ikusi beharko dute federatuta ez daudenek. Handicap-a behar duzu jokatzeko, gutxieneko jakintza. Gozatzeko asteburua izango da. Jendeak ondo pasatzea nahi dugu.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!