Eguzkitan blaitzen dira urtero-urtero Urnietako haurrak, udalekuetan. Euskara oinarri, makina bat ekintzez gozatzeko aukera izaten dute umeek, aisialdi-eremuan. Bertako begirale dira Garazi Jauregi Lopez eta Saioa Martinez Fonseca.
Zer moduz orain arteko martxa?
Garazi Jauregi: Lehen eta azken astean, normalean, ume gutxiago izan ohi dugu. Izan ere, astez aste eman dezakete haurrek izena. Malgutasuna ematen die horrek familiei. Umeekin, 10:00-13:00 egon ohi gara. Kirol udalekuetakoak, berriz, ekintzaren arabera moldatzen dute goiza, maiz, herritik kanpo ere irteerak egiten dituztelako.
Adinaren araberako bost txandatan antolatu duzue Eguzkitan Blai, ezta?
Saioa Martinez: Bi eraikinetan gaude. Txikienak Egape Ikastolako Haur Hezkuntzan egon ohi dira eta Lehen Hezkuntzako umeak Azkorteko eraikinean. 6-8 urte bitartekoekin nabil ni, begirale-lanetan. Orokorrean, adin-tarteak bereizita egiten ditugu ekintzak.
Urnietako zein txokotan aritzen zarete jolasean?
S.M.: Sarritan joaten gara Berrasoeta parkera, askotariko ekintzak egiteko aukera bermatzen digulako.
G.J.: Herriko osasun-bideak egin ditugu, baita Hernanira joan eta etorri ere, aintziratik. Bestalde, Padelean aritu gara, Ariman.
S.M.: Azken astean, ume gutxiago daudenez, hondartzara joaten ahalegintzen gara, guztiak elkarrekin.
Eguraldiak zenbateraino baldintzatu du zuen jarduna?
S.M.: Dezente mugatu gaitu, bai. Plangintza bat egin genuen, udalekuak hasi aurretik. Batzuetan, ordea, gauzak ez dira nahi bezala gertatzen. Hortaz, inprobisaziorako gaitasuna ere badaukagu. Bada, eguraldiari dagokionez, hori bera gertatu zaigu, zenbait egunetan.
G.J.: Azkorteko eraikina txikia da horrenbeste umerekin egoteko. Ikasgeletan ez egoten ahalegintzen gara, baina jolastokiko estalpean, ez gara kabitzen. Horrelakoetan, pilotalekua erabili izan dugu.
Behin eskola amaituta, aukera ederra dute haurrek, udalekuei esker, lagunekin denbora igarotzeko.
S.M.: Hasieran, bi eskolen bereizketa nabarmenagoa da. Konfiantza irabazi ahala, gehiago nahastu dira, eta aberasgarria da hori haurrentzat. Orain, elkarrekin ibiltzen dira guztiak.
Eta euskaraz hitz egiteko…? Kale-neurketak dioenez, 2021 urtean, erabilera % 21,1ekoa zen euskararen erabilera herrian.
G.J.: Euskararen erabilera txikia da umeen artean. Begiraleongana euskaraz zuzentzen dira beti, baina, beren artean, lehen hitza gaztelaniaz izan ohi da. Horregatik, euskararen erabilera sustatzen ahalegintzen gara, jolasaren bidez. Zaila da, ordea, ezer gutxi egin baitaiteke hilabete eskasean.
Zer ematen dizue udalekuetan lan egiteak?
G.J.: Betidanik gustatu izan zaizkit umeak, poztasun handia ematen didate. Horregatik, oso gustuko dut udan ere beraiekin egotea, elkarrekin nola jolasten duten ikustea, eta gu horien parte izatea.
S.M.: Ez du inolako zerikusirik nire ikasketekin, baina oso gustuko ditut nik ere haurrak, asko ikasten dut beraiekin. Bizitasuna ematen didate umeek.