Imanol Ansa gazte bizia da (Urnieta, 27 urte), eta hiztun ona. Kazetarion pagotxa. Erantzun hausnartuak eman zalea da, zintzoak, esan bakoitzarekin bere izateko modua erakutsi nahi balu bezala. Larunbateko finalak elkarrizketa eskaera asko ekarri dizkio, eta bere hitzak watsap audio bitartez helarazi dizkio Aiurriri: “Hurrengo astean zuek lehenak izango zarete, txapela irabazten badut”, bota du txantxetan.
Zer moduz joan da txapelketa?
Ezin hobe, nahieran. Eskatu ahal izan banu, izan den modukoa izango zen. Arazo fisiko txiki batzuk izan ditut, baina garrantzirik gabekoak, jokoan eraginik izan ez dutenak. Ohiko arazoak. Lan saio onak egin ditut. Masters-a irabazi izanak konfiantza eman dit, onenekin egoteko gai naizela sinetsi. Abuztuak hilabete arraroak izan ohi dira niretzat: enpresak itxi egiten du, buruz burukoa prestatzeko entrenamendu asko egin behar, aisiarako denbora asko baina lagunekin plan asko ezin egin… Esaten nion nire buruari, abuztua iritsi eta ez zela posible itota ibiltzea. Oso zentratuta egon naiz txapelketa osoan, prestakuntzari neurria hartu eta erregularra izan naiz partida guztietan. Maila ona eman dut eta oso kontent nago orain arte egindakoarekin.
Final handirako txartela azken jardunaldia baino lehen lortu zenuen. Ze garrantzia dauka lorpen horrek?
Azken bi ekitaldietan bigarren sailkatu nintzen ligatxoan, eta horrek erregulartasuna badudala esan nahi du. Urte batean bi tantogatik geratu nintzen finaletik kanpo. Zaila da zuzenean finalerako sailkatzea, maila handia delako. Masters-a irabazi eta jendeak esaten zidan: ‘hemendik aurrera denak irabaziko dituzu, zailena lehenengoa da’. Nik bestelako hausnarketa egin nuen. Langa ze goien dagoen ikusi nuen, fisikoki eta buruz ondo egin behar duzula, xestoarekin eroso egon beharra… Puntu hori lortzea ez da batere erraza, baina aldi berean esango nuke badakidala nola lortu puntu horretara iristea. Ezustekoa izan da zuzenean finalerako txartela lortzea, bai, baina jokoan erakutsi dudan ziurtasunaren ondorioa da.
Azken urteetako bi izarrak, Javi Urriza eta Endika Barrenetxea finaletik kanpo geratu dira. Ze hausnarketa eragiten dizu horrek?
Banandu egingo nituzke biak. Endikaren kasuan, iaz masters-ean bitan irabazi nion, eta biok nabaritu genuen beragandik gero eta hurbilago nengoela. Lehenago agerikoa zen bera gainetik zegoela. Berak hala sentitzen zuen, eta nik arazorik gabe onartu. Bi partida horiek irabazi nizkionean oso hitz politak eskaini zizkidan, errespetua hartu zidala nabaritu nuen: nola entrenatzen nintzen, zenbat saiatzen nintzen… Aurten elkarren aurka aritu garenean parez pare aritu garela esango nuke. Ligatxoan irabazi egin zidan, baina nik oso kontent bukatu nuen, peloteoan hobea izan bainintzen. Hasieran sakearekin takada ona egin zidan, eta horregatik galdu nuen, baina bera menderatzeko gai sentitu nintzen. Ligatxoan ez da erregularra izan Endika, opari batzuk egin ditu. Urrizaren aurka galdu zuen, eta Juanenearen aurka ere bai, finalerdian. Ez da hainbesteko ezustekoa izan finaletik kanpo geratu izana.
Urrizari irabaztea gauza handia izan zen…
Ikaragarri espeziala, sekulakoa. Arantza handia neukan sartua berarekin, bere aurka jokatutako azken lau finalak galdu nituelako jarraian bikoteka. Tanto gutxigatik galdu, gainera. Juanenearen aurka galdu zuen Urrizak, eta ezustekoa izan zen niretzat. Ezustekoa Urriza 16-9 aurretik jarri zelako, eta horrelakoetan nafarrak ez du barkatzen. Nik irabazi nionean poza baino sentsazio arraroak sentitu nituen. Galtzera ohitu ninduen Javik, eta emozio pilaketa handia sentitu nuen. Partida egunean ez nuen halako euforiarik sentitu, baina biharamunean bai, eta Eugenio osabarekin bazkari ederra egin nuen parrillan bisigu eder bat dastatuta. Abuztuko unerik politena izan da. Urriza idolo bat izan da niretzat, erreferentea, sailetik aparte dagoen norbait. Asko kostako da bera bezalako erremontista bat sortzea, beste guztiak baino eskailera eta erdi gorago baitago. Esku pilotan, Jakak eta Elordik txapelen bat lapurtu diote Altunari, baina nor dago egunero goian? Altuna. Gaizki jokatu duenean ere txapelak irabazten zituen erremontista bakarra izan da Urriza. Banakakoan ez zegoen hain gaizki sasoiz. Barrenetxea menderatu zuen! Aritzek eta biok gora egin dugu, jauzia eman dugu, eta hori ere esan behar da.
Aritz Juanenea izanen duzu zain finalean. Lagun ona duzu. Eraginik ba al du horrek?
Oso lagun ona da, final berezia. Pasa den larunbatean Endika menderatu zuenean nire eserlekutik jauzia eman eta asko poztu nintzen. Hori bai, igandean ja finalari begira jarri nintzen, eta lagunak albo batera utzi behar direla onartu nuen. Aste honetan ez dago lagunik. Partida eta gero laguntza behar badu, ahal dudan guztia lagunduko diot, baina partida jokatu arte bakoitzak berea lehenetsi behar du. Nire helburua berari ahalik eta zalantza gehien sortzea da. Asko kostatzen da tamaina honetako aukera bat izatea, eta behin lortuta, arrakasta lortzeko zure esku dagoen guztia egin behar duzu. Ezin duzu zeure burua engainatu, eta finaleko aurkaria zure laguna ez dela onartu behar duzu, beste ezeren aurretik.
Zure kirol bizitzako aukerarik onena al da?
Lehen aukera erreala da, baina bizitza oso luzea da. Ez dakit aurkaria Juanenea delako egiten duzun galdera hori. Alegia, Barrenetxea eta Urriza ez daudelako den aukera hobea, baina ez ados nago erabat. Juaneneak aise menderatu zuen Barrenetxea finalerdian, sasoi puntu bikainean dago, eta pilotaria denak ondo ulertuko du jarraian egingo dudan konparaketa. Aitor Elordik banakako txapela irabazi zuenean, txapelketa atariko kinieletan koadroan ere ez zegoen. Sartu zuten, sasoi puntu bikaina erakutsi eta txapela irabazi zuen. Ziur nago Altunari finala Elordiren, edo beste norbaiten aurka jokatu nahiago ote zuen galdetu izan baliote, Elordi ez den beste edonor aukeratuko zuela. Juaneneak bi txapeldun handiri irabazi die banakakoan, Barrenetxeari eta Urrizari, eta horrek urteko erremontista onena dela esan nahi du. Izenak ez du balio joko honetan, norberaren sasoi puntuak baizik. Juaneneari errespetua galtzea akats handia litzateke nire partetik, eta ez dut halakorik egingo, ez naiz ergela. Lau txapel jarraian irabazi ditu, eta erronka ikaragarria da niretzat. Era berean, motibazio handia dut, eta txapela janzteko prest ikusten dut nire burua. Ez, ordea, aurkaria Juanenea delako. Aurkariak Barrenetxea eta Urriza izanen balira ere antzera erantzungo nizuke. Juaneneari errespetu osoz, baina txapelaren bila ariko naiz bete-betean.
Sarri hortxe, mugan gelditu zara, eta onartu izan duzu publikoki horrek halako buruko minak eragin izan dizkizula. Nola bizi duzu egoera hori egun?
Galtzea posible dela oso kontziente naiz. Juanenea erremontista aparta da, eta buruko ariketa egin dut etortzen dena natural onartzeko. Bestalde, Juaneneak finalean ni menderatzeko gauzak oso ondo egin beharko dituela ere badakit.