Han, baina hemen bezala; edo hobe

Andoni Urbistondo 2023ko ira. 9a, 09:00

Sergio Labrador urnietarrak 5 urte daramatza Txinako Zhangjiagang hirian bizitzen, Shanghaitik gertu, Jie emaztea eta June alabarekin. Aste hauetan Euskal Herrira itzuli dira eta hango bizitzaren berri eman digu.

Diseinatzaile grafikoa da Sergio (46 urte, Urnieta). Jie neska laguna ezagutu zuen Donostian 2007an, eta 2010ean ezkondu ziren. Uda guztietan joaten ziren Txinara, Zhangjiagang hirira, Jieren jaioterrira (Jiangsu probintzia, Shanghai hiritik 150 bat kilometrora). 2018an denboraldi baterako hara bizitzera joatea erabaki zuten, eta bost urte pasa dira orduz geroztik. Hiria, ingurua nolakoa den galdegin diogu Sergiori: “1.4 milioi biztanle ditu, baina ez da asko. Kontutan izan Txinan hiriek beste dimentsio batzuk dituztela, oso handiak dira. Yangtse ibaiaren deltan dago hiria, Asiako ibai luzeenaren ondoan. 6.300 kilometro ditu eta Shangain itsasoratzen da. Kanalez beteta dago, eta paraje laua da”.

Eguraldiak ematen dio buruko min gehien, haiek hezetasun handiko lurrak baitira: “Negua gogorra da, hotza eta hezea, Urnietan baino hotzxeagoa, batez ere urtarrila eta otsailean. Uda, aldiz, oso beroa da, eta batez ere hezea. Asko sufritzen dut uztaila eta abuztuan, ez naiz ohitu oraindik”. Onean eta txarrean, Txinan etxeetako ateak beti irekita daudela dio Sergiok: “Askotan txamarrak jantzita ibiltzen dira etxean neguan, udan beroak itota”.

Txina han dago, oso urrun. Zergatik Txina? “Etxetik lan egin nahi genuen emazteak eta biok. Eta etxetik ez bada, edozein txokotik, on line. Han eta hemen egon ahal izateko, eta enpresa jakin batean fitxatzeko beharrik eduki gabe. Oporrak ere oso finkoak dira Euskal Herrian, udan hiru aste inguru, normalean, eta uztaila-abuztuan Zhangjiagang infernuaren pare da: 30 gradutik gora eta hezetasun ikaragarria. Etxea eta familia daukagu Urnietan, eta beste horrenbeste Txinan, eta hara eta hona ibil gaitezke lasai”.

Sergio Txinako energia berrien enpresa batentzat ari da lanean, diseinu grafikoaren arloan; Jie emaztea, aldiz, nazioarteko komertzioan. Biak etxetik aritzen dira. 2017an June alaba jaio zen, eta hurrengo urtean Txinara mugitzea erabaki zuten. “Junek txineraz ondo ikastea nahi genuen. Ikasi du eta dagoeneko betirako izango du txinera ama hizkuntza, euskararekin batera”. Urnietarrak dioenez, June esaten erraza da txinatarrentzat, baina hango izena ere badauka: “Denekin egiten dute. Ni beraientzat Da Hai (大海) naiz, itsaso handia”. Junek euskaraz hitz egiten du bere aitarekin, eta txineraz ama eta aiton-amonekin.

Txinerarekin justu antzean moldatzen da Sergio. Jie-k ondo hitz egiten du gaztelania, eta hizkuntza horretan hitz egiten du bikoteak. “Txineraz ez naiz ondoegi moldatzen. Irauteko moduan. Ez da ikasteko hizkuntza erraza. 46 urte ditut dagoeneko, 20 urte izan banitu… Oso hizkuntza soinutsua da, 4 tonu ezberdinekin (altua, gorakoa, baxua eta beherakoa) gei “bosgarrengo” neutro bat, berdin-berdin esaten diren hitz askorekin, baina esanahi ezberdinekoak idazkera karaktereen arabera. Ulertze aldera, ‘zuò’ hitzak egin esan nahi du, baina baita ere eseri. ‘Nǐ zuò’ eser zaitez da, baina baita egin ezazu ere. Bertakoek zu ulertzeko ere gauzak perfektu esan behar dira, eta ez da erraza”. Ingelesa ikasi, ikasten omen dute txinatarrek, “baina ez dago maila on-onik. Euskal Herrian bezala”, bota du, ironiaz, Sergiok.

Bi urteko zikloa

2018an joan ziren Txinara, Urnietako bizimodua atzean utzita. Hasiera batean han bi urteko zikloa egiteko asmoarekin lekualdatu ziren. 2020an, baina, pandemia lehertu zen bete-betean, “eta han segitzen dugu, ondo”. Gurean pandemia Txinan sortu zela zabaldu zen, han sortu zutela apropos, baina Sergiok bestelako azterketa egiten du: “Txinari buruz literatura eta desinformazio handia egiten da. Euskal Herrian pandemia garaian nola zeundeten esaten zidaten, eta Txinan nahiko ezberdina izan zen. Mugak egon dira, eta PCR asko egin ere bai, baina gu egunero irten gara kalera, eta musukoa toki publiko itxi batzuetan bakarrik eskatzen zen. Gero, han ez dago hemen egon den bizilagunen arteko kontrol soziala; jendea balkoietan kalean zebilen oro zelatatzen… Han hori pentsaezina da, herritarrek besteen askatasuna errespetatzen dute uneoro”.

Sergio lasai bizi da Txinan: “Bizitza hemengoaren parekoa da. Ibili egiten naiz asko, eta familia-bizitza egin, gustura. Urnietan eta Euskal Herrian dudan bizitza soziala falta zait, baina ez da erraza, hizkuntza ondo menperatzen ez baduzu”. Txinatarrak askotan elkartzen omen dira bazkaltzeko eta afaltzeko, etxetik kanpo, “baina afaldu eta goiz etxeratu egiten dira. Jatetxeak lepo daude ia beti han, egunero mugimendu handia dago”.

On-line salerosketan jartzen du arreta Sergiok: “Bolumen itzela mugitzen dute, eta Euskal Herria baino askoz garatuago dago herrialdea teknologia alorrean. Normala ere bada, 1.400 milioi biztanle dituen herria delako. Etxetik giltza eta sakelakoaren ateratzen naiz normalean, ia dena telefonoarekin egin daitekelako. Hori automatizazioa eta erosotasuna da, baina kontrola ere bai. Egoera hori gero eta handiagoa da mundu guztian… orohar, erosotasunaren truke, pribatutasuna murrizten ari gara”.

Zentsura, komunismoa…

Pandemia garaian bezala, Mendebaldean Txina eta Txinaren inguruko errelato edo kontakizun jakin bat helarazten zaio Mendebaldeko herritarrari, eta errelato horrek egiatik zenbat duen jakiteko lekukotza interesgarria ematen du Sergiok: “Nik, informatzeko, on line iturriak nahiago ditut, webguneak edo aplikazio batzuetako kanalak (You Tube-ekoak, Telegram-ekoak, eta abar). Ez dut telebista ikusten”. Txinan, sarean sartu ezin diren webguneak egon badaudela dio: Google, Youtube, Facebook… “baina baita debekua saihesteko IP-a estaltzen duten bitartekoak ere”. Eta garrantzitsuena, zentsuraz, adierazpen askatasunaz: “Txinan Euskal Herrian erabiltzen diren sare sozial guztien parekideak dituzte. Txinatarrek ez dute Google, Youtube, Facebook edo Twitter erabiltzen; batetik zentsuratuak daudelako, baina baita ere beraien hizkuntzan eta idazkeran oinarrituta dauden sare sozialak dituztelako; errusiarrek eurenak dituzten bezala. Adibidez, Youku Youtube-ren parekide txinatarra da”.

Txina asko hazi da azken hamarkadetan, eta laster munduan BPG Barne Produktu Gordin handiena duen munduko herrialdea bilakatuko omen da. Komunismoan oinarrituta lortuko ote du? Komunismoa Txinan indarrean bada, behintzat: “Ez dut asko ulertzen ekonomia sistemei buruz, baina ikusi eta ezagutu dudanagatik, esango nuke Txinakoa eredu mistoa dela. Alegia, komunismoaz eta kapitalismoaz baliatzen da. Agerikoagoa da Txina gero eta aberatsagoa dela, eta gero eta diru gehiago dagoela mugimenduan. Ekoizpena handiagoa da, diru gehiago dago, baina horrek ez du esan nahi Txinakoa sistema kapitalista muturrekoa denik. Herrialde komunista da? Bai. Gobernua herriko aberastasuna zabaltzen eta hobeto banatzen saiatzen dela esango nuke”.

Aberatsak gero eta gehiago dira Txinan, baina behartsuak, edo muga-mugan bizi den jenderik ikusi ote du Sergiok bere egunerokoan? “Badago jende behartsua, zalantzarik ez, baina gero eta jende gehiago da ondo bizitzeko baliabideak dituena. Eraldaketa azkar doa. Soldatak igotzen doaz, eta sektore batzuetan soldatak oso onak dira. Azpiegiturak onak dira, eta etengabe ikusten dira hobekuntza lanak”. Estatua, Gobernua etengabeko automatizazioa sustatzen ari dela dio. “Administrazioa erraztea eta eraginkorrago bilakatzea da asmoa, lana eta bizitza erosoago bihurtu… eta hori guztia kontrola ere bada, noski. Baina Europa ere bide berdinean doa”.

Egunerokoaz printza batzuk

Sergiok lan ordutegi bera dauka astelehenetik ostiralera: 08.30-11.30, bazkaldu, eta 13.00-17.30 txanda. Ondoren libre, aisiarako. Fabrika handietan oso errotuta omen dago hiru txanden sistema. Jasotzen duen soldataren inguruan galdetu diogu: “Euskal Herrian neukan soldataren antzekoa jasotzen dut, baina bizitza dezentez merkeagoa da Txinan”. Adibide batzuk emateko eskatu diogu: “Nahi izate aldera, jatetxe garesti eta merke asko topa ditzakezu, baina arroz edo pasta plater handi bat, osagai askorekin, bizpahiru euro ordainduz jan zenezake. 10 eurorekin oso otordu oparoa egin dezakezu”.

Erregaiaren salneurria ere adibide ona da: “Urnietan baino askoz merkeagoa da”. Eta alokairuaz zer? “Prezio aukera oso zabala da, baina merkeagoa da orohar. Adibidez, 100 bat metro koadroko etxe batengatik 300 bat euro ordaindu daitezke hilabeteko”. Etxe bat jabetzan erostearen konparazioa, azkena: “Hiri erdian etxe on batek Urnietako etxe batek bezala balio dezake”.

Etorkizuneko asmoak. Luzerako geratuko al dira Da Hai, Jie eta June Txinan? “Gustura gaude han, baina hemengo etxea ere mantentzen dut… Hara eta hona jauzika ibil bagaitezke, ezin hobe. Batean ondo bagaude, ba han. Batean egoera txartzen bada, ba beste tokira mugitu. Oso gustura nago Txinan. Hona etortzen naizenean sarri entzuten dut Txina diktadura dela, gaiztoetan gaiztoena; Ukrainako gerran ere Errusiaren aliatua dela eta beste… baina ikuspegi eurozentrismoaren estrategia interesatuak baino ez dira. Txina ez da herri belikoa berez, ekoizlea eta saltzailea baizik, eta egiten duen ekimen oro behar duten inportazioetarako eta ekoizten duten exportazioetarako kanalak sortu eta bermatzeko da. Munduaren esplotatzaile Mendebaldeko beste herrialde batzuk dira betidanik eta horiek egoera berdina betiko mantentzea nahi dute”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!