"Festa giroa beste toki batzuetara zabaldu nahi dugu, auzoei garrantzia emateko"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko ira. 14a, 08:14

Ostiralean hasi eta igandera bitarte Urnietako Etxeberri plaza jaietan murgilduko da. Estela Cuevas eta Fran Bravo Jai Batzordeko kideak dira.

Berezia da iraila urnietarrentzat, ospakizun giroz blaitzen baita uda amaiera. Hori horrela, herriko festen hasierako txupinazoa botako du asteburu honetan Etxeberri elkarteak, izan ere, auzoko jaiak izango dira, ostiraletik hasita, igandera bitarte. Jada, prest dute guztia antolatzaileek.

Iristear dira zuen auzoko jaiak. Gozamenak, ordea, aldez aurreko antolaketa dakar. Nolakoa izan da prestaketa?

Orain hilabete batzuk hasi ginen. Gainera, udako sasoia antolaketa-lanen erdian daukagu. hortaz, aurretik ere prestaketan ibili gara, irailean, soilik, azken ukituak emateko egitarauari.

Bost urte betetzen dituzte jaiek. Atzera begira jarrita, aurrerapausoak eman al ditu egitarauak?

Urtez urte, aurrera egin dugu auzoko jaiekin. Festek, esaterako, iraupen luzeagoa dute orain eta egitaraua ere osatuagoa daukagu. Azpiegiturari dagokionez, material gehiago dugu esku artean. Aurten, adibidez, gure karpa propioa erosi dugu, urtero, alokairuarekin, gure aurrekontuaren erdia horretara bideratu behar izaten baikenuen.

Bestalde, gero eta gutxiago kostatzen zaigu egitaraua osatzea, martxa hartuta diogulako.

Lehenengo urtean, jende gutxi mugitu zen. Pixkanaka-pixkanaka jendea sartu da antolakuntzan; bakoitzak ahal duenetik ematen dio taldeari. Kide-kopuruak gora egiteak ekintza berrien antolaketa ekarri dio elkarteari.

Auzokideen artean saretzeko espazioa al da elkartea?

Jakina, elkar ezagutzeko aukera ematen digu, eta antolakuntza-lanetan sartzera animatzen ditugu. Jende gaztea behar dugu, honi jarraipena emateko, belaunaldi berriei lekukoa emateko. Herriko gainerako elkarteekin elkarlana sustatzea interesgarria litzateke.

Badute zerbait komunean zuek antolatutako jai guztiek: tokiko merkatariei eta eragileei garrantzia ematen diezue.

Herriko jendea mugitzea nahi dugu, konprometitzea, Urnietako auzo bateko festak direlako. Hemengo musika-taldeak lotzea kostatu ohi zaigu gehien eta aurrekontua txiki dugu, gainera; ondorioz, ezin dugu talde handirik ekarri. Aurten, Bossa Jazz-Blues taldeko herrikideak izango ditugu. Ziztu bizian erantzun ziguten baietz, prest zeudela, beraiekin harremanetan jarri ginenean. Bertsioak jotzen dituzte, polita da. Halaber, ohituraz, harremana daukagu Super H-rekin. Prestutasuna agertzen dute gurekin beti.

Etxeberriko festek parranda-giroaren lekukoa ematen diete Sanmielei. Horietan ere parte hartuko al duzue? Disfrutatuko al dituzue?

Normalean, atseden hartzen dugu, antolakuntzari dagokionez. Dena dela, Etxeberri plazan ere hitzorduak egotea ahalegintzen gara San Miel jaietan. Festa-giroa herriko beste toki batzuetara zabaldu nahi dugu, auzoei garrantzia emateko. Oso inportantea da.

Hemen dira, hortaz, Etxeberriko festak. Zerbait esan nahi al diezue herritarrei?

Finean, guztiei begirako ekintzak prestatzen ditugu, txikienetatik hasi eta adinekoetara bitarte. Animatu dadila jendea gurera!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!