Urtebeteko ibilbidea egin du, jada, Basabizik, garai batean, Arrano Etxea zenak. Urnietan du kokalekua eta ingurune naturaleko animalien berreskuratzea du jardunaren oinarri. Horretarako, adituez osatutako talde batek lanean dihardu buru-belarri, tartean, Alazne Conde Lizarralde albaitariak. Elkarrizketa amaitu ondoren, atea jo du basozainak, OÒatitik putre bat ekarriko dutela jakinarazteko.
Zer da Basabizi?
Basa-fauna errekuperatzeko zentroa da Basabizi. Hemen, ingurune naturaleko animaliak jasotzen eta behatzen ditugu, zer gertatzen zaien ikusteko, gugana zergatik iritsi diren ulertzeko. Balorazioa egiten diegu, zaindu egiten ditugu, albaitaritza-prozesu baten bidez. Animaliak beren etxera osasuntsu itzultzea dugu xede.
Erreskatatutako toki berera itzultzen al dira sendatutako animaliak?
Espeziearen arabera. Animalia bat jasotzen dugunean, garrantzitsua iruditzen zaigu erreskatatutako tokiaren berri izatea. Horregatik, basozainekin elkarlanean aritzen gara, animaliak ezagutzeaz gain, badakitelako zein informazio baliagarri jaso behar duten, ondoren guri helarazi ahal izateko. Beste gauza batzuen artean, koordenadak hartzen dituzte. Orduan, animaliaren, espeziearen arabera, oso interesgarria da leku berera itzultzea. Normalean, hori egiten ahalegintzen gara. Halaber, partikularren bat edo beste etorri da inoiz, baina, oro har, basozainen eskutik iristen zaizkigu. Dena dela, hirian agertutako animaliak ez ditugu bertara eramaten, esaterako, putre (Gyps fulvus) bat Donostia erdian agertzen bada, toki aproposagoa bilatzen zaio.
Gipuzkoa da zuen lan-esparrua. Animaliek, ordea, ez dute muga politikoez ulertzen. Ba al duzue harremanik inguruko zentroekin?
Lurralde bakoitzak bere zentroa du. Beharra baldin badago, elkarlanean egiten dugu lan, jakina. Pasa den urtean, Naumann belatz (Falco naumanni) bat jaso genuen. Hemen, ordea, ez dute berezko kokapenik; ondorioz, Nafarroara eraman genuen eta beraiek arduratu ziren hura askatzeaz. Animaliaren ongizatea bilatzen dugu, finean.
Zein ezaugarri ditu Basabizi inguratzen duen eremuak?
Lasaitasuna da nagusi eta paradisua da animalientzat, baita guretzat ere. Errepidea dugu ondoan, baina ez da askorik entzuten eta jende gutxi igarotzen da oinez. Interesgarria da eremua, nolabait, isolatuta dagoelako, izan ere, animalia horiek ahalik eta harreman txikiena behar dutelako gizakiarekin. Are gehiago, batzuetan, animaliak hemen alboan askatzeko aukera izan dugu, trikua (Erinaceinae), esaterako. Berdegunez inguratuta gaude eta erreka igarotzen da ondotik.
Hegaztiak jasotzen dituzue gehienbat, ezta?
2022ko martxotik hasita, urtebetean bildutako datuak dira honako hauek: hemen ditugun animalien % 85 hegaztiak dira. % 9, aldiz, ugaztunak eta % 6, narrastiak. Iristen diren % 60 errekuperatu dira. Hegaztien migrazioarekin zerikusia du gure lanak. Eragina du horrek guregana iristen diren animalietan. Orain, irailaren bueltan, Zangak (Morus bassanus) jaso ohi ditugu.
Zer gertatzen zaio gainerako
% 40ari?
Lan gogorra da, gugana iristen direnerako oso gaizki baitaude animaliak. Asko hil egiten dira, eta batzuk eutanasiatu egiten ditugu, alegia, animalia baten bizitzak irtenbiderik ez duela ikusten badugu, fabore hori egiten diogu.
Oso egoera kaskarrean datozela diozu. Gaixotasunak jota, zaurituta, estresarekin…?
Asko kolpeak hartuta, hausturaren batekin etortzen zaizkigu, garuneko lesio traumatikoarekin... Sarritan, buruari asko eragin behar diogu, ez baitugu jakiten zer gertatzen zaien. Denborale garaian, itsaso-hegazti dezente izan ohi ditugu, ahultasunagatik. Asko nekatzen dira uretatik ateratzen ahalegintzen, eguraldi txarrarekin. Horrelakoetan, soilik, atsedena hartzeko beharra daukate, ondo jateko eta indarrak batzeko. Saiekin (Gyps fulvus) ere asko gertatzen da: ezin dute gorantz igo korronte termikorik egon ezean. Horrela, nekatu egiten dira, energia guztiak xahutzen dituztelako ateratzen saiatzen.
Zenbateko inpaktua du animalien ongizatean herriguneak nahiz asfaltatutako eremuak geroz eta handiagoak izateak?
Normalean, hiri-artefaktuekin jasotzen dituzte kolpeak. Asfalto gehiago egoteak areagotu egiten ditu, noski, autoen kontrako talkak. Kableekin elektrokuzioak izaten dituzte, era berean.
Ba al da inguruneotan ohikoa ez den animaliarik zuenean?
Jendeak beren etxean izaten dituen animalia exotikoak. Askotan, ihes egiten dute, edo askatu egiten dituzte: Floridako dortokak (Trachemys scripta scripta), Gekko leopardoak (Eublepharis macularius)...
Horiek, baina, ez dituzue aurkitutako tokian uzten bueltan, ezta?
Etxea bilatzen diegu. Zaila da guretzat, ez garelako adopzio zentro bat, eta ez dugu harremanik lan horretan egoten diren eragileekin. Ahoz aho, animalia horiek etxean hartzeko prest dagoen jendea bilatzen dugu.
Zein azpiegitura dituzue hona ekarritako animalia horiek guztiak artatzeko?
Sarreran, basozainek bertan animaliak uzteko instalazio bat daukagu. Lan-ordutegitik kanpo ekartzen badute, bertan izaten dira, hurrengo egunean gu iritsi arte. Bertan, ahalik eta baldintza egokienetan egoteko dago prestatua txokoa. Bestalde, zainketa intentsiboko box delakoak ditugu, zaurgarri dauden animalientzat. Toki itxiak dira, eta bakoitzak bere gelaxka du. Etxola honetan, bulegoa, ebakuntza-gela, X- izpiak eta laborategia ditugu. Horrez gain, hegan egiteko espazioak ditugu, txikiak, ertainak zein handiak.
Elkarrekin bizi al dira hona iristen diren animaliak, ala nor bere kaiolan egoten da?
Posible den heinean, bakoitza bere espazioan izaten ahalegintzen gara, izan ere, espezie guztiak ezin dira elkartu.
Zer egin behar du zauritutako animalia batekin topo egiten duenak?
Nahiago izaten dugu animaliak basozainen eskutik iristea gugana. Horregatik, animalia bat topatuz gero, onena honako telefono zenbaki honetara deitzea da: 943 00 04 20 (Mendi eta Natur Ingurunearen Zuzendaritza).
Animalien egonaldi-denbora aldakorra da, ezta? Beharren araberakoa, alegia.
Hori da, oso aldakorra da eta datorren zergatiaren araberakoa. Orain ditugunen artean, denbora gehien daraman animalia Zapelatz arrunt (Buteo buteo) bat da. Ez da ohikoena. Batzuk iritsi eta hiru egunetara askatu egiten ditugu eta beste batzuk denbora-tarte luzeagoan egoten dira gurekin. Oso prozesu indibiduala da, animalia bakoitza mundu bat delako: gauza ezberdinak jaten dituzten espezie bereko bi kide izan ditugu. Hortaz, behaketak berebiziko garrantzia du gure lanean.
Zenbat kideko taldea osatzen duzue Basabizin?
Imanol Sagarzazu da albaitari nagusia. Goizetan, Mamen laguntzailea eta biok aritzen gara. Arratsaldean, berriz, Eneritz albaitaria egoten da. 24 orduko telefono-zerbitzua daukagu, beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko.