"Ahaztuen memoria azaleratu nahi dut"

Xabier Lasa 2023ko ira. 23a, 08:25

Udalerrian barrena iragan gatazkatsuak utzitako hainbat gertaera jaso ditu Eneko Bustillok, "Urnietako Memoriaren Ibilbidea. 1979-1993" izena duen liburuxkan.

"Urnietako Memoriaren Ibilbidea. 1979-1993" izeneko liburuxka kaleratu du, berriki, Eneko Bustillo Gonzalezek (Urnieta, 1992). Udalerriko sei gunek markatzen dute ibilbidea: San Juan Plaza (1), Jose Ramon Ansa Etxeberriaren oroitarria (2), Jokin Altimasbere Eskosen oroitarria (3), Jose Kamio LarraÒagaren jaiotetxe Babiloni baserria (4), Juankar Alberdi Martirenaren bizilekua (5) eta Gurutze Iantzi Igarategiren bizilekua (6). Egileak elkarrizketa eskaini dio Aiurriri, argitalpenaren nondik norakoak azaltzeko.

Hitzaurrean aipatzen denez, heriotza bidegabea jasan zutenen bizitza eta memoria mahai-gaineratzea dela argitalpenaren helburua.

Ibilbidearen proposamena aitzakia da Urnietan barrena beste modu bateko ibilaldia egiteko, eta, bide batez, Urnietako historiaren parte bat izan arren, azaleratzeko ahazten doazen heriotzekin lotutako gertakariak. Gertakariak aipatzen ditudanean, urnietarrei nahiz ondoko herrietako herritarrei Urnietan gertatutakoak adierazi nahi ditut. Era horretan, San Juan plaza abiapuntutzat hartuta, irizpide kronologikoa erabili dut bost gertakari zenbatzeko. Azkonobieta baserritik Xoxokara doan bide bazterrean dagoen Joxe Ramon Ansaren omenezko oroitarria (1979) da lehenbizikoa, eta herribarnean dagoen Gurutze Iantziren bizitokia azkena (1993). Bostetik bi Urnietan hildakoak dira, beste hirurak Ciudad Realean, Madrilen eta Hendaian.

Urnietan ere izango da herriak ETAk lau pertsona (Inazio Olaiz Mitxelena, Ramiro Carasa Perez, Pablo Sanchez Cesar eta Froilan Elespe Inciarte) ere hil dituela esango dizunik.

Zientzia politikoetan lizentziatua naiz, formazio akademiko hori jaso dut, baina, aldi berean, badaukat posizio ideologikoa, eta hori hitzaurrean definituta egin dut lan. Euskal nazioaren askapenerako borrokaren ikuspuntutik egin dut argitalpena hain zuzen, eta ezin dut ukatu hori. Nire subjetibotasunetik, gaia ahalik eta objetiboen lantzen saiatu naiz, nahiz eta jakitun izan jokabide hori ez dela batzuen gogokoa izango. Zintzo jokatu nahi dut, zein den nire asmoa garbi agertzearekin. Errespetuz aritu naizela iruditzen zait, inor iraindu, gutxietsi edo goraipatzeko asmorik gabe.

ETAk hildakoek badituzte beren omenaldi eta aitormen ofizialak, memorialak, diru-laguntzak... Nik ez ditut horiek gutxietsi edo mindu nahi inolaz ere; bakar-bakarrik, ahaztuen memoria azaleratu nahi dut. Estatuaren parte-hartzearekin edo oniritziarekin hildakoenena, epaiketa, memoria, aitormena edo justizia ukatu zaienena. Azken batean, politika ez da neutroa, eta Estatua ere ez da neutroa; ez da hala izan ez iraganean, eta ezta orain zein etorkizunean ere. Estatuak memoria eta aitormena ukatzen dien horiek sentitzen ditut nik hurbilago.

Argitalpen honek hildako horiek gogoan hartzeko eskatzen duenean, ez du bilatzen Urnietako Udalak egin diezaien omenaldia; izan ere, azken 40 urtetan ez bada gogoratu horiekin, politikoki hala erabaki duelako izan da, eta ez du zentzu askorik orain eskakizun hori egitea.

Ibilbideko bost pertsona horien kasuak azaltzeaz gain, Heriotzaren Triangelua izenburuko eranskina dakar liburuxkak. 

Gure eskualde naturalean zortzi eraildako gertatu ziren urte gutxiren bueltan, 70-80ko urteetan.Egundoko giza sarraskia izan zen, eta hura zuzenean bizi izan zutenei entzun izan diet maiz aparteko zirrara eragin zietela, beldurrak airean ibiltzen zirela etxera erretiratzeko orduan-eta. Biolentzia modu indiskriminatuan erabili zuten, jende zibila motibazio berezirik gabe erail zuten, euskalduna izate hutsagatik, biztanleriari izua sartzeko xedez, desmobilizatzeko.

Gertakari haiek deskribatuz egin zuten dokumental bat orain urte batzuk, eta harrigarriena da ez dagoela eskuragarri ez sarean ez inon. Eman zuten ETBn, eta geroztik ezin eskuratu inon! Hildako horienganako bazterkeriaren adibide esanguratsua izan liteke hori.

Dokumentala aipatu duzu. Ze beste iturri erabili dituzu?

Memoriaren gaiarekin badaukat jakinmina, eta eskura neukan informazio asko lehendik ere. Iturri anitzak erabili ditut, egia esan: Euskal Herria eta Askatasuna izenburuko entziklopedia, Aiurrin eta beste zenbait egunkari eta aldizkaritan agertutako erreportaje eta elkarrizketak, Joxe Ramon Ansaren familiak berriki argitaratu duen 'Ez gaude ahaztuta' dossierra... Sarean gauza asko topa ditzakezu gaur egun, gaiaren gainean.

Hori bai, gauza xume, irakurterraza eta erabilgarria egin nahi izan dut; gehiago sakondu nahi izatera, badago nondik heldu. Aipatzen ditut iturrien atalean horietako zenbait.

Kontuan hartuta 1979-1993 denbora-tartea hartzen duela liburuxkak, azken gertakaritik 30 urte igaro dira. Zenbat eta nola oroitzen dituzte urnietarrek?

Erabat normaltzat jo behar da gero eta gutxiago oroitzea, gero eta urrunago daudelako gertakariak, gero eta jende gutxiago dagoelako gure artean gertakari haiek bizi izan zituena. Nolanahi ere, faltan botatzen dut gure aurreko belaunaldiengandik transmisio sakonago bat. Gure etxean eta beste zenbaiten etxetan zerbait kontatu izan da, baina ez nahikoa. Uler dezaket gurasoen jokaera, alegia 18-20 urte bitarteko seme-alabei “zintzo jokatu eta ikasi” leloa zabaldu nahi izatea, eta horretarako, iraganeko atal triste, mingarri eta krudelak ezkutatu nahi izatea, edo soilik oso modu arinean kontatzea. Eta uler dezaket, bizitza aurrera doala, eta belaunalditik belaunaldira gauzak ahazten joatea. Eta uler dezaket memoria ez dela betirako, eta, denbora joan ahala, memoria urruntzen eta desagertzen joatea. Hori dena uler dezaket, baina berriro diot, faltan botatzen dudala transmisioa sendoagoa gertatu ez izana.

Zehazki, Urnietan, Juankar Alberdi eta Gurutze Iantzi hartzen dira gogoan ekitaldi xume banarekin, urtero. Joxe Ramon Ansaren kasuan, aurtengo maiatzean modu berezian gogoratu dute senideek eta adiskideek. Jokin Altimasbereren eta Joxe Kamioren gainean, berriz, ez da ekitaldi publikorik egin urtetan. Altimasbere omentzeko bere garaian Salesiarren parean oroitarria jarri zen, baina ez dago zaindua.   

Eta geure memoriarekiko interesa sumatzen al duzu?

Pena da, baina irudipena daukat, hamarkada intentsuak, gogorrak bizi ostean, gizartea, orohar, erlaxatu edo hustu egin dela memoriarekin. Iraganeko konpromisoak apaldu eta arnasa lasai hartzeko gogoz dago, eta gai honi ez dio iraganeko tentsioarekin edo motibazioarekin begiratzen, nahiz eta kontziente izan munduak injustiziaz beterik segitzen duela. Ikuspuntu soziologiko eta psikosozialetik aztertzen baduzu egoera, ulergarria da. Alde horretatik, aurreko belaunaldiengan ez ezik, gazteagoengan ere ez dut sumatzen aparteko interesik.

Liburuxka eskuratu nahi duenak zer egin behar du?

Printzipioz, Iantzi edo Alberdiren omenaldi-ekitaldietan banatuko da, San Juan plazan. Iantzirena, laster, irailaren 23an egingo da. Eta gainerakoan, bi ekitaldi horien antolatzaileongana jo eta eskatzea da errazena. Borondatea besterik ez zaio eskatuko, gastuekin parra egiteko behintzat.

Ibilbidea proposatu ostean, bisita gidaturen bat antolatzeko asmorik ez?

Datorren azaroan nahiko nuke egin bat, Altimasbereren eta Kamioren erailketen urteurrenarekin bat eginez. Ez dago zehaztuta ekimena, baina iragarriko da aurrerago.

Liburuxkan hizpide diren bost kasuak

Jose Ramon Ansa Etxeberria

1979/05/06

Santa Krutz jaietatik etxera zihoala, Triple A taldeko bi kidek bahitu eta erail egin zuten, Azkonobieta baserritik gertu, Xoxokako bidean. Bertan oroitarria jarrita dago. Aurten, senideek Ez gaude ahaztuta dossierra argitaratu dute senideek. Aldi berean, senideek eta adiskideek oroitzapen ekitaldia egin dute bertan.   

Jokin Altimasbere Eskos

1980/11/14

Jokin Altimasbere eta Andres Etxeberria bere lehengusua salestarren ikastetxe parean, biak hernaniarrak, tirokatu egin zituzten; lehenak bizia galdu zuen eta zaurituta geratu zen bigarrena.
Batallon Vasco EspaÒol (BVE) taldeak hartu zuen bere gain erasoa. Bertan, oroitarria ipinita dago geroztik.

Jose Kamio Larrañaga

23/11/1989

Hendaian, Hendayais tabernan, BVEeko hiru kidek barruan ziren bezero guztiak tirokatu zituzten. Joxe Kamio eta Jean Pierre Haramendi hil egin zituzten
eta beste hamar zauritu.
Hiru hiltzaileak Hendaiako
mugan atzeman zituzten, baina aske geratu ziren agudo, Ballesteros komisarioari hots egin ostean.

Juankar Alberdi Martirena

1988/06/15

Herrera de la Manchako espetxean 15 urteko zigorra betetzen ari zen 1979ko maiatzaz geroztik, ETAko kide izatea leporatuta. Bihotz gelditze baten ondorioz hil zela adierazi zuen bertsio ofizialak. Hil bezperan, ondoezik zegoela jakinarazi zioten presondegiko arduradunei, baina mediku asistentziarik gabe hil zen biharamunean.

Gurutze Iantzi Igarategi

1993/07/21

Egun horretan atxilotu zuten, senarrarekin batera. Beste 30 lagun atxilotu zituzten Gipuzkoan, egun horietan, Julio Iglesias Zamoraren bahiketarekin zerikusia zutelakoan. Tres Cantoseko (Madrid) Guardia Zibilen atxiloaldian zela hil zen, hilaren 24an. Bihotz arazoa aipatu zuen bertsio ofizialak, baina torturak salatu zituzten hainbat atxilotuk.

Erlazionatuak

Omenaldi-ekitaldia

Aiurri 2023 ira 23 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!