“Garrantzia eman diot Mielari, protagonista bihurtu dut”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko ira. 30a, 07:00

Kolore biziak erabili ditu Anne Fernandez Diezek jaietako kartel iragarpena egiteko. 2018an ere irabazi zuen lehiaketa.

Anne Fernandez Diezen irudi batek ilustratu du aurtengo jaien egitaraua. Ez da irabazten duen lehen aldia, 2018an, berak eskuz egindako irudi batekin iragarri baitziren Sanmielak. Oraingoan, digitalki egin du.

2018an irabazi zenuen, lehenengoz, jaien kartel-lehiaketa. Aurten ere, zure irudi batek ilustratu du festen egitaraua. Pozgarria al da bigarrenez txapelketa irabaztea?

Oso pozgarria da. Ilusio handia egiten du herriko kaleetan zure kartela ikusteak. Gainera, egindako lana baloratu egiten dute herrikideek, kaletik geratu didate gauza bat edo beste esateko.

Urnietarra izateak abantailak ekarri al dizkizu?
Bai, azken finean, jende ugarik parte hartzen du lehiaketan, bai urnietarrak, bai beste herri batzuetakoak. Beraz, zein ideia jorra ditzakedan pentsatzen laguntzen dit herrikoa izateak, zerk erakartzen duen, zerk ez… Finean, Urnietan bizita, bertako errealitatea gertutik ezagutzen dut. Kanpokoek, aldiz, informazio bila, denbora-tarte luzeagoa hartu behar dute, erreferentzia onak aurkitzeko.

Zaila al da originala izatea?

Bai. Lanketa handia eskatzen duen proiektua da: zirriborroak sortu, informazioa jaso, ideiak bildu eta aldaketak egin behar dira. Nire kasuan, Urnieta ondo ezagutzen dudanez, lana asko errazten da.

Aurten, Mielari berebiziko garrantzia eman diozu.

Behin baino gehiagotan agertu da karteletan Miela, bigarren mailako pertsonaia gisa, ordea. Oraingoan, inportantzia eman diot Mielari, aurpegia jarri eta protagonista bihurtu dut.  Hori horrela, pertsonaia kartelaren erdigunean jarri dut, zurrunbilo moduko batean, ospakizun-giroa hark sortuko balu bezala.

Nola alderatuko zenituzke 2018ko eta aurtengo kartelaren sormen-prozesuak?

Bezperako egunean egin nuen 2018ko kartel-irabazlea. Amak lehiaketan parte hartzera animatu ninduen, eta, azkar batean, zirriborroa egin, txukundu eta aurkeztu egin nuen. Lan azkarra eta inprobisatua izan zen. Aurtengoan, lanketa handiagoa egin dut: tableta grafikoa erosi nuen lehen aldian irabazitako sariarekin. Bada, prozesu ezberdina izan da, malguagoa eta moldagarriagoa. Dena dela, oso gustuko dut teknika manuala eta digitala lan berean integratzea; izan ere, egungo baliabide teknologikoek prozesu hori guzta gauzatzen laguntzen dute.

Sanmieletako zein ekitalditan ikusiko zaitugu?

Txosna-gunetik gertu bizi naiz eta hantxe egongo naiz, bertan antolatutako hitzorduetan. Musika-kontzertuei dagokionez, ezer gutxi ezagutzen nituen egitaraua iragarri zutenean. Azken boladan entzun ditut eta oso talde interesgarriak iruditu zaizkit. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!