"Seirehun lagun inguru helduko dira Urnietara larunbatean"

Xabier Lasa 2023ko urr. 6a, 13:00

Urnietan ospatuko dute urteko egunik handiena Gipuzkoako Pentsiodunek eta Jubilatuek, datorren larunbatean, Denda Berri elkarteak antolatuta. Mikel Alberdi antolatzaileetakoa da.

Herrialdeko elkarteak biltzen dituen AGUIJUPENSeko 600 bat lagun bilduko dira Urnietan, Denda Berrik antolatu duen jai-egunean. Mikel Alberdi elkarteko lehendakariak azaldu digu ospakizunaren nondik norakoak.

600 lagun biltzea espero duzue.

Bai, Gipuzkoako bazter guztietatik helduko dira pentsiodunak eta jubilatuak Urnietara. Marea zuria izango da, guztiak elastiko zuriarekin helduko baitira. Egun polita espero dugu izatea, eta horretarako ahalegintzen ari gara azken aldian.

Marea zuria aipatu duzu. Urnieta aztoratzeko modukoa izango al da?

Autobusetan ehunka lagun helduko dira, eta horrexegatik, urnietarri eskaera berezia helarazi nahi diegu, jakitun izanda kanpotik etorritako ehunka pertsonen presentziak endredoren bat edo beste eragin dezakeela bertakoen egunekotasunean. Alegia, mesedez, abegi onez joka dezatela kanpotar horiekin, normalki egin izan duten moduan. 

Hainbat gipuzkoarri Urnieta ezezaguna egiten zaienez, iruditzen zaigu ekitaldi aproposa izan litekeela bertan egun-pasa gozagarria igaro dezaten, eta oroitzapen polita eraman dezaten. Denda Berriko kideek garrantzitzat jotzen dugu Urnieta eta urnietarren irudi atsegina, jatorra zabaltzea larunbateko ospakizunaren eskutik.

Azalduko al diguzu egitaraua?

San Juan plazan goizeko 11:00etan egingo da bilkura nagusia. Aldundiko eta herriko agintarien parte-hartzearekin harrera egingo zaie parte-hartzaile guztiei, eta besteak beste, Fermin ArgiÒarena bertsolariak ongi-etorriko bertsoak kantatuko dizkie. Bosko Anitzeko txarangak girotuko du goizeko bilkura hori. Lehen harrera hori dena bukatuta, ibilaldia abian jarriko da, eta sei bat kilometroko ibilbidea egingo dute, Urnietan barrena.

Ibiltarien tropela San Juan plazara 12:30ak aldera iritsiko dela espero dugu. Bertan, Txanbolineko txistulariek eta Kantazauneko abeslariek emanaldia eskainiko die. Eta ondoren, bazkaria zain edukiko dute, Egape ikastolan. Bertan, trikitilariekin  dantzaldia izango da, eta tartean, gure bazkide den Agustin Garcia nabarmendu nahi genuke.   

Zehaztuko al zeniguke ibilaldia?

San Juan plaza abiapuntutzat hartuta, Plazido Mujika eta Denbaberritik igaro, eta gero, Berrasoeta parketik, Lekunetik eta Plazaolako bidetik barrena, Ergoien industrialdera iritsiko da. Iruraingo gainean, errepidea gurutzatu, eta Egoien auzotik doan bidegorriari helduko dio. Erratzu industrialdea igaro, eta berriro Urnietarantz joango da. Renfeko trenbidea LangardegaiÒako horretan azpitik pasa, eta Ermotegitik igarota, San Juan plazara itzuliko da. 

Ibilbidean barrena, bi puntutan, Iparla eta Iturbe altzariakeko parean zehazki, berezi-berezia den busa ipiniko da, berarekin zortzi-hamar bainu-komun baitauzka; horrela, ibiltariek, egin beharrekoak egin ahal izango dute. Bestalde, mokadutxoa hartzeko aukera ere edukiko dute ibiltariek, Iturbe altzariaken inguruan.

Agustin Garcia Dendaberriko bazkidea omentzeko asmoa daukazue.

97 urteko “gaztetxoa” da. Gizaki zoragarria da, onbera, alaitasuna nonahi transmititzen duen horietakoa. Ez du galtzen eguneroko martxa: goizez, paseotxoa egiten du Urnietan barrena, eta arratsaldean, Denda Berrira etortzen da; bere kafetxoa hartzen du eta lagunekin kartetan aritzen da. Lehengoan, omenaldi xumearen asmoa aipatu genionean erantzun zigun jada zahartu dela eta opariak baino gehiago, gizakien keinu goxoak estimatzen dituela. Hori bai, zerura begira jarri, eta sekula galtzen ez duen umorea erabiliz, erantzun zigun goikoari baimena eskatuko diola bazkarian agertzeko. 

Denda Berritik Gipuzkoako pentsiodunen eta jubilatuen egun handia antolatzera animatu zarete. Nola ikusten duzu osasunez, elkartea?

Osasuntsu esango nuke, are gehiago Denda Berro eraikin berrian jarri garenetik. 550 bat bazkidek osatzen dugu elkartea, egun. Ekimen ugari antolatzen dira denboraldian barrena bazkideak dinamizatzeko asmoz, eta modu iraunkorrean, une honetan honako taldeek funtzionatzen dute: memoriaren lanketarako hiru talde, joskintzan bost, zunban bi, eta, sebillanekin bat. Bestalde, oinarrizko euskara ikasteko taldea sortzear gara oraintxe, eraikinean bertan AEKren egoitza egoteak erraztuko digu asmoa. Gaur egun, Angelita Ugaldek, Juanito PeÒagarikanok, Rosa Gonzalezek, Maribi Rodriguezek, Tomas Hernandezek eta seiok osatzen dugu zuzendaritza batzordea. Ondo moldatzen gara, baina ez gaude betirako, eta etorkizunak kezka pittin eragiten dit, ikusita nola ari den jaisten nabarmen lan altruistetarako inplikazio maila.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!